Hegoafrikan ez du etenik meatze enpresen eta langileen arteko gatazkak. Marikanako sarraskiaren ondoren, orain, Amplats enpresak 12.000 meatzari kaleratu ditu, Rustenburg hiriko lantegietatik. Hain zuzen ere, soldaten igoera aldarrikatzeko irailaren 12az geroztik greban zeudenak bota ditu kalera. Enpresak ohar batean azaldu duenez, «legez kanpo» egin dute greba: «Ohartarazi genien diziplina batzordetik igarotzen ez baziren zein erabaki hartuko genuen. Epea bukatu zaie, eta ez direnez batzordetik igaro kaleratu egin ditugu».
Rustenburg Marikana hiritik ehun bat kilometrora dago, Hegoafrikako ipar-ekialdean. Eta, hango langileen eta enpresaren arteko gatazka, duela bi hilabete Marikanan izandako tirabiren itxura hartzen ari da. Marikanan 46 langile hil ziren —34 poliziaren tiroz—; Rustenburgen herenegun hil zen lehena, elkarretaratze batean polizien eta manifestarien artean izandako borroketan.
Amplats enpresak azaldu du langileen %80k egin dutela bat sindikatuek deitutako grebarekin, eta, ondorioz, hainbat lantegi itxi egin behar izan dituztela. Gainera,haren mendeko hainbat lantegietako langileek ere bat egin dute protestarekin, eta horrek enpresaren jarduna are gehiago oztopatu du. Hilean 1.450 euro jasotzea aldarrikatzen dute sindikatuek; egun, 1.000 euro baino gutxiago irabazten dituzte. Enpresak langileak kaleratuz erantzun dio sindikatuen eskaerari.
Protestetan, hildako bat
Irailaren 12an greba hasi zutenetik elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten ari dira langileak, haien eskubideak aldarrikatuz. Protesta horietan Hegoafrikako Poliziarekin hainbat istilu izan badituzte ere, herenegun gertatu ziren borroka larrienak. Poliziak atzo jakinarazi zuen gorpu bat aurkitu zuela bezperan borrokak izandako lekuan. Protesten antolatzaileek poliziei leporatu diete hilketa hori; Thulani Ngubane probintziako polizien bozeramaileak, ordea, ukatu egin dulangilearen heriotzarekin zerikusirik dutenik: «Hilketa ez du Poliziak eragin; urezko kanoiak eta negar gasak bakarrik erabili genituen».
Rustenburgen hil den langilearekin dagoeneko 47 dira polizien eta meatzarien arteko borroketan hil diren lagunak. Hain zuzen, ikerketa batzorde bat aste honetan hasi da Marikanan gertatutako sarraskia ikertzen. Poliziak tiroz 34 meatzari hil zituen lekua bisitatu du Ian Farlam batzorde horretako zuzendariak. Farlamek adierazi du gogor egingo dutela lan han gertatutakoa argitzeko. Lau hilabete barru kaleratuko dituzte lehen ondorioak.
Hegoafrikan greban zeuden 12.000 meatzari kaleratzea ebatzi du Amplats enpresak
Rustenburg hirian langile bat hil dute soldatak igotzeko eskatzeko antolatutako elkarretaratze batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu