Helikoptero bat bota dute, ustez gerrillari txetxeniarrek, eta 18 militar hil dira

Errusiako armadako beste bi helikopterorekin gerrillarien aurkako eraso bat egitera zihoan

Erredakzioa
2007ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Helikoptero bat bota zuten atzo Txetxeniako Shatoi eskualdean, eta gutxienez 18 militar zendu ziren. Oso eremu menditsuan erori zen helikopteroa. Errusiako armadako iturriek jakinarazi dutenez, Mi-8 motako helikoptero bat zen, eta, antza, ekintzaile txetxeniarrek bota zuten. Hildako hiru eskifaiako kideak ziren, eta gainerakoak, soldaduak.

Nolanahi ere, jazotakoa argitzeko ikertzen zebiltzan atzo ilunabarrean oraindik. Merkataritza Ministerioko ordezkari batek, esate baterako, helikopteroak lurreratzeko garaian arazo tekniko bat izan zuela azaldu zuen, eta ezbeharra horregatik gertatu ze-la.

Helikopteroa gerrillari txetxeniarrek bota zutela erakusten zuten atzo, ordea, zantzu gehienek. Airekoa, esaterako, beste bi helikopterorekin batera zihoan, Txetxeniako gerrillarien aurka egiteko asmoz militarrek atondutako operazio baten barruan.

Txetxeniako fiskal Valerie Kuznetsovek jakinarazi zuen, gainera, gerrillari talde bat inguratuta eduki zuten inguruan erori zela helikopteroa; alegia, gatazkaren zurrunbiloan sartuta egon zela dirudi. «Sheripovo herriaren inguruan borroka izan dute talde armatu baten kontra. Hura deuseztatzeko operazioa ez da bukatu oraindik», azaldu zuen.

Ez da Txetxenian era honetakoak jazo diren lehenengo aldia. 2002ko abuztuan ere helikoptero baten kontrako erasoa egin zuten, eta horren ondorioz 126 lagun hil ziren. Nolanahi ere, atzokoa azken hilabeteetako erasorik larriena da.



BAREAGO GAUR EGUN. Txetxeniako gerrillari independentisten eta Errusiako tropen arteko borrokak, gaur egun, ez dira orain urte batzuk bezain gogorrak. Eraso txikiagoetara jo dute azkenaldian gerrillariek, baina kasurik gehienetan zuzenean Errusiako militarren aurka egiten dute. 1994-2003 urteetan, gerran, 150.000 lagun inguru hil ziren bi aldeen arteko borroketan.

Txetxenia herrialde independentetzat daukate gerrillariek,eta horren aldeko borrokan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.