Herbehereetako eskuin muturreko buruak dio ez dela esandakoez damu

Musulmanen aurkako adierazpenak egin zituelako epaituko dute Wilders; gaur ekingo diote berriro epaiketari

2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Herbehereetako eskuin muturreko buruzagi Geert Wildersen aurkako auzia hasi orduko atzeratu zuten atzo. Gaur ekingo diote berriro PVV Askatasunaren Alderdiko buruzagi eta diputatuaren aurkako prozesuari, Amsterdamen. Islamaren eta musulmanen aurka eginiko adierazpenengatik auzipetu dute Wilders. «Arrazen arteko gorrotoa piztea» egotzi dio zehazki Justiziak. Wildersek iritzi dio, aldiz, bere aurkako epaiketa «adierazpen eskubidearen» ingurukoa dela.

Haren aurkako akusazioak aztertzen hasi aurretik, Wildersek honako hau adierazi zuen atzo: «Nire aurkako auzi honetan gutxienez 1,5 milioi herritarren adierazpen eskubidea dago jokoan». Hala, iragan ekainaren 9an egin zituzten Legebiltzarrerako hauteskundeetan PVV alderdiak lortutako emaitzei erreferentzia egin die Wildersek. Hauteskundehaietan eskuin muturreko alderdiak 24 diputatu lortu zituen. Honezkero, VVD Alderdi Liberalak eta CDA Alderdi Demokristauak PVVren sostenguaren beharra dute. Joan den astean, hain zuzen, koalizio gobernurako akordioa sinatu zuten: liberalak eta demokristauak agintean egongo dira, eta eskuin muturrekoek Parlamentuan emango die babesa, hainbat kontzesioren truk.

Errekusazioa

«Eztabaida publiko batean nire iritzia plazaratu besterik ez dut egin. Eta ziurtatzen ahal dizuet geroan ere halakoak esango ditudala», adierazi zuen atzo Wildersek, ez dutela isilduko adierazteko asmoz. Izan ere, eskuin muturreko politikariaren esanetan, «demokraziak eztabaida ireki eta askeen beharra dauka, bereziki gai minberei dagokienez».

Alabaina, hitzaurre hori egin ondoren, Wildersek zehaztu zuen beste ezer ez duela esango prozesua martxan den bitartean. Jarrera hori ikusita, epaimahaiko presidenteak adierazi zion berari egindako galderak ez lituzkeela erasotzat hartu behar. Aurrez galderei behar bezala ez erantzutea ere egotzi zion magistratuak Wildersi. Haren ustez, baina, epailearen hitzak «desegokiak» izan dira, baita «lotsagarriak» ere. Horregatik, epaimahaiko presidentea aldatzeko eskatu du eskuin muturreko buruzagiak. Wildersen eta haren defentsaren eskaria aztertzeko xedean, epaiketa gaur arte etetea erabaki zuten.

Auzitara eraman duten adierazpenak 2006. eta 2008. urteen bitartean eginikoak dira. Herbehereetako hainbat hedabidetan eta Interneteko foroetan islamaren aurkako eta sinestun musulmanen kontrako hitzak zabaldu zituen eskuin muturreko politikariak. Haren irudiko, Adolf Hitlerrek idatzitako Mein Kampf liburuaren antzeko zerbait da Korana. 2008an eginiko Fitna film laburrean, berriz, Korana indarkeriara bultzatzen duen obra baten gisa aurkeztu zuen Wildersek. Koraneko zenbait atal ekintzaile islamistei egozten dizkieten atentatuen irudiekin batera jaso zituen filmean. Erruduntzat jotzen badute, Wildersek urtebeteko espetxe zigorra bete eta 7.600 euroko isuna ordaindu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.