Herbehereetako koalizio gobernu berrian pisu handia izango du eskuin muturrak

Demokristauek eta liberalek osatuko dute koalizioa, eta eskuin muturrak Parlamentuan emango die babesa

Erredakzioa
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eskuin muturrak pisu nabarmena izango du Herbehereetan hitzartu berri duten koalizio gobernuan. CDA Alderdi Demokristauak eta VVD Alderdi Liberalak gutxiengoan aginduko dute; horregatik, Parlamentuan euren erreformak aurrera aterako direla bermatzeko, eskuin muturreko PVV Askatasunaren Alderdiarekin akordioa lotu behar izan dute -PVV musulmanen aurka egindako adierazpenengatik egin da ezaguna Europan-. Herenegun adostu zuten koalizio gobernua hiru alderdietako buruek; atzo, berriz, euren talde parlamentarioekin eztabaidatu zuten gaia, haien babesarekin, gobernuberria martxan jartzeko. Gauzak ondo bidean, gaur aurkeztuko dute programa.

«Herrialdeko politikaren eragin eremu indartsuenean gaude», adierazi du Geert Wilders eskuin muturreko buruzagiak. Horrentzat, demokristauekin eta liberalekin lortutako akordioa «historikoa» da. Wilders ez da gobernuan egongo, baina Parlamentuan haren hitzak izango duen pisuagatik, nabarmen baldintzatu ahalko du gobernu berriaren lan ildoa. Hori hala izanda ere, baina, ez du egindakoaren erantzukizunik bere gain hartu beharrik izango. «Wilders ez da koalizioko kide, baina ez du erantzukizunik ere», azaldu du, hala, Meindert Fennema Amsterdamgo Unibertsitateko kide eta politikan adituak.

Iragan ekainaren 9an egin zituzten Parlamenturako hauteskundeak Herbehereetan; eta, ordutik, gobernua eratzeko negoziazioetan egon dira murgilduta, liberalak eta demokristauak batuta lasai agintzeko adina boto eskuratu ez zituztelako. Ekaineko bozetan VVD irten zen garaile -31 eserleku eskuratu zituen-. Gero, PvdA Alderdi Laboristak eskuratu zituen boto gehien, eta liberalek baino eserleku bat gutxiago du. Haatik, ezusteko handiena eskuin muturrekoek eman zuten, demokristauei aurre hartu eta hirugarren postua lortu baitzuten. CDA eta VVD alderdiek elkarrekin 52 eserleku dituzte Parlamentuan; organo legegilea guztira 150 diputatuk osatzen dute.

Gastuen murrizketa

Korana debekatzeko eta musulmanen immigrazioa amaitzeko eskatzen du Wildersenen alderdiak. Herbehereetan aniztasun erlijiosoa bermatu behar dela aldarrikatzen dutenek, horregatik, kezka agertu dute liberalek eta demokristauek eskuin muturrekoen babesa lortzeko egin behar izan dituzten kontzesioen gainean. CDAko hainbatek ere ez dute begi onez ikusten PVVkoekin batera aritzea; eta ongi irizten ez diotelako atzeratu da hainbeste, hain zuzen, akordioa.

Egindako kontzesioen berri eman ez badute ere, jakina da dagoeneko gastu publikoa murrizteko proposatuko duela gobernu berriak. 18.000 milioi eurotik 16.000 milioira txikituko dute aurrekontua Herbehereetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.