Herensugea sutan

Kristina Berasain Tristan.
2005eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
ankingo «gertakariak» hildako eta zauritu ugari «eragin» zituen eta gerra «baliabideak bermatzeko» abiatu zen. Hauxe da hamahiru eta hamabost urte arteko gazte japoniarrek hurrengo urtetik aurrera ikasiko dutena. Japoniako soldaduek «identitatea babestu eta defentsa propioan»zibil txinatar ugari «hil» zituztela da egun ikasten dutena. Eskola liburuetan, ustez, ehun zuzenketa baino gehiago egin ondoren, horixe da historiaz emango duten ikuspegia. Nankingo sarraskian, baina, ehunka mila txinatar hil zituzten soldadu japoniarrek. 1937. urteko abenduaren 13an hirian sartu eta sei asteko epean 300.000 zibil eta soldadu txinatar hil zituzten.

II. Mundu Gerrako pasarte ugari ahaztu zaizkie eskola liburuetan eta gogoan izan dituztenak, berriz, eraldatu dituzte. Soldaduek, esaterako, «erosotasunerako lekuak» zituztela esaten da liburu bakar batean orotara zortzi eskola liburu berri argitaratuko dira. Leku horietan, baina, ez da esaten milaka «esklabo sexual» zeudela. Emakume txinatarrak, filipinarrak eta korearrak guztiak. Okupazioan (1931-1945) hogei eta hogeita hamar milioi txinatar inguru hil zituen Tokiok. Arma kimiko eta bakteriologikoekin esperimentuak egiteko baliatu zituzten ere txinatarrak. Japoniako belaunaldi gazteentzat eskola liburuak, zentzu horretan, «pozoia» direla adierazi du aste honetan Txinako Atzerri ministro Qiao Zonghuaik.Japoniarrak «deabruak» diren sentimendua areagotu dituzte eskola liburuek, dagoeneko, txinatarren artean zabalduta zegoen sentimendua bazen ere. Pekinen, Shanghain eta Shenzhenen milaka pertsona atera ziren iragan asteburuan protesta egitera. Azken urteetako manifestazio handienak izan ziren. Japoniako enbaxaden aurrean elkarretaratu eta bertako produktuak boikotatzeko deia egin zuten.Tokioko agintariei, behingoz, barkamena eskatzeko aldarrikatu zieten. Tokiok hamazazpi aldiz eskatu du barkamena. Pekinentzat, ordea, ez da egoki egin. Junichiro Koizumi lehen ministroak urtero bisitatzen du Yasukuni. Gerra krimenak egiteaz akusatuta dauden militarrak omentzen ditu bertan. Tokiok protestak eragozteko neurririk ez hartzea leporatu zion aste honetan Pekini: «Tamalgarria izan zen. Horrelako indarkeria ekintzek ez dute justifikaziorik eta nazioarteko legeak urratzen dituzte». Tiananmengo plazan, Cantonen, Shenyangen eta Chengdun, dena den, protestak iragarri dituzte berriro gaurko eta biharko. Pekinek, baina, protestetan parte ez hartzeko eta «pasio nazionala modu ordenatu» batean azaleratzeko eskatu die herritarrei harremanak okerrera egin ez ditzaten. Protestak, baina, «bat-batekoak» izan zirela esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.