Iraken okupazioa / Husseinen kontrako epaiketa

Heriotz zigorra ezartzen badiote Husseinek nahiago du fusilatua izan urkatua baino

Bere abokatu baten hilketa salatzeko gose greba egiten ari da Saddam Hussein Irakeko presidente ohia, uztailaren 8tik. Gaur, lehen aldiz joan da epaiketara greba hasi zuenetik eta eskari bat egin dio epaimahaiari. Heriotz zigorra ezartzen badiote nahiago duela fusilatua izan urkatuta hil baino.

2006ko uztailaren 26a
12:16
Entzun
Epaitegietako iturrien arabera, epaiketara sartu denean Husseinek adierazi du behartuta eraman dutela auzi saiora.

Irakeko Zigor Auzitegiak herenegun berriro ere Saddam Hussein Irakeko presidentea izandakoaren aurkako epaiketa hasi zuen. Hark, baina, ez zuen agertzerik izan. Gose greban dago hilaren 8tik, eta ahulegi zegoen epaiketara joateko; igandean erietxera eraman behar izan zutela jakinarazi zuen auzitegiko fiskalak. Defentsako abokatuak ere ez ziren agertu atzoko saiora.

Husseinekin batera harekin Iraken kargu handiak izan zituzten beste zazpi lagun ere ari dira epaitzen auzibidean. 148 xiitaren exekuzioan izan zuten parte-hartzea argitu nahi dute. Antza, guztiz sumarioa izan zen epaiketa batean epaitu zituzten 148 horiek, Husseinen kontrako atentatu bat prestatzea leporatuta.

Ez da Irakeko presidente izandakoaren kontra zabalduta dagoen auzibide bakarra. Abuztuaren 21ean berriro agertu beharko du epaitegian, bere hainbat kolaboratzailerekin batera orduan ere. Auzibide horretan herri kurduaren kontra «genozidioa» egitea egozten diete. 1987-88. urteetan milaka kurdu desagertu ziren, eta haien kontra bide krudelak erabili zituzten, tartean arma kimikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.