ESTATU BATUAK. HERIOTZA ZIGORRA.

Heriotza zigorraren aldeko herritarrak gutxiago dira orain

1994an %80 zeuden muturreko neurriaren alde, eta egun, %65 inguru; atzo 1.000. exekuzioa egin zuten

Erredakzioa
2005eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Estatubatuar gehienak oraindik heriotza zigorraren alde daude, baina orain gutxitu direla dio inkesta batek. Gobernuak muturreko neurri hori baliagarria dela dio eta, horren haritik, zigortuen exekuzioak ez ditu eten. Hain justu, atzo 1.000. exekuzioa egin zuen 1976tik, heriotza zigorra berrezarri zuenetik. Kenneth Lee Boyd hil zuten, indizio batez, Ipar Karolinako espetxe batean.

Boyd, Vietnamgo gerrako beteranoa, 1988an zigortu zuen auzitegi batek, emazte ohia eta aitaginarreba ohia hiltzeaz akusatuta. Atzo, Raleigheko kartzela aurrean, exekutatu zuten lekuan, ehunka pertsona bildu ziren; batzuk heriotza zigorraren aldekoak eta beste batzuk aurkakoak. Kontrakoen iritziz, heriotza zigorra «basakeria arrazista» da; aldekoentzat, ordea, «krimena borrokatzeko modu bakarra». Hain zuzen ere, George Bush presidentearen eledun Scott McClellanek haren iritzia zabaldu zuen: «Krimenaren kontrako disuasio neurria da eta azken batean bizi errugabeak salbatzeko laguntzen du heriotza zigorrak».

McClellanek azaldu zuen garrantzitsua dela heriotza zigorra «inpartzialki, bizkor eta segurtasunez» gauzatzea, eta Bushek DNA frogen erabilera bultzatu zuela gogoratu zuen. Bush Texasko gobernadore izan zen sei urteetan oniritzia eman zien 152 exekuziori, eta soilik pertsona bati kendu zion heriotza zigorra. Texas da, AEBetan, preso gehien exekutatzen duen estatua. Heriotza Zigorraren Gaineko AEBetako Informazio Zentroak atzo kaleratutako datuen arabera, 1976tik egindako 1.000 exekuzioetatik 355 gauzatu dituzte Texasen, 94 Virginian eta 79 Oklahoman. Heriotza zigorra ezarritako presoetatik %58 zuriak ziren, %34 beltzak, %6 hispanoak eta %2 beste komunitateetakoak. Urteroko exekuzio kopurua jaitsi da 1990eko hamarkada bukaeratik. Iaz epaileek 125 pertsonari ezarri zioten heriotza zigorra; 1990eko hamarkadan batez bestekoa urteko 290 zen. Gallup ikerketa etxeari jarraiki, herritarren ia bi herenek sostengatzen dute heriotza zigorra; aitzitik, 1994an horien kopurua %80koa zen. Gainera, heriotza zigorraren ordez hil arteko kartzelaldia ezartzeko aukeraren inguruan, orain inkestatuen %50ek soilik diote muturreko neurria sostengatuko luketela.Heriotza zigorra AEBetako 50 estatuetatik 38tan dago indarrean, baina herritar gehienek uste dute sistema ez dela perfektua eta zenbait kasutan errugabeak exekutatu dituztela, lege akatsak edo defentsa txarra direla eta. Esaterako, aste honetan Texasko diputatu batek Ruben Canturen kasua ikertzeko eskatu du. Cantu 1993an exekutatu zuten eta berak hil arte errugabea zela esan zuen. Orain harekin batera akusatutakoa zein bizirik geratzen den lekuko bakarrak hura errugabea zela diote. Bestalde, heldu den abenduaren 13an Stanley Williams exekutatzekoak dira Kalifornian. Giza eskubideen aldeko taldeek Bakearen Nobel Sarirako proposatu dute. AEBetako Auzitegi Gorenak eta Kaliforniako gobernadore Arnold Schwarzeneggerrek dute azken hitza.

Singapurren exekutatua

Bitartean, Singapurren, Nguyen Tuong Van australiarra exekutatu zuten atzo, Changiko espetxean. Protesta ugariek eta Australiako Gobernuak hura barkatzeko eskatu izanak ez zuten zigorra betetzea galarazi. Heroina trafikoa leporatzen zioten hari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.