Heriotza zigorraren itzal luzea AEBetan

Texasen Kenneth Foster Jr. exekutatzekoak dira gaur; zigorraren aurkakoak hori kentzeko borrokan ari dira

2007ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako hainbat estatutan indarrean dago heriotza zigorra, eta legeari jarraiki, gaur Kenneth Foster Jr. gazte beltza dira hiltzekoak Texas estatuan. Exekutatzen baldin badute, AEBetan 1976an heriotza zigorra berriz indarrean jarri zutenetik hiltzen duten 401. presoa izango da. Joan den astean Johnny Ray Conner 32 urteko gaztea -beltza ere- exekutatu zuten estatu horretan. Heriotza zigorraren kontrakoak ekimen eta protesta franko egiten ari dira aspalditik, eta maiz salatu izan dute arrazakeria eragile bat izana akusatuak zigortzeko tenorean. Salaketak salaketa eta protestak protesta, gaur egun AEBetako 50 estatuetatik 38tan dago indarrean heriotza zigorra -13tan bertan behera utzita daude oraingoz-, eta beste 12tan eta Washington D.C.-n ez dute zigor hori lege kodean.

Heriotza zigorraren kontrakoek kezka handia dute Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea delakoarekin. Hain zuzen ere, horretan oinarrituta exekutatu nahi du gobernadoreak Kenneth Foster Jr., 1996ko abuztuaren 14an Texasen izandako hilketa batengatik, Michael LaHooden hilketarengatik.

LaHood tirokatu eta hil zuen pertsonarekin, Mauriceo Brownekin, eta beste bi lagunekin zihoan egun hartan Foster, denak zeramatzan autoa gidatzen. Lehenago besteak lapurreta batzuetan parte hartuak ziren. Alabaina, epaiketan argi geratu zen LaHooden hilketa Brownen momentuko erreakzioa izan zela, ez aldez aurretik erabakitako ekintza. Brown eta beste hirurak hilketaren biharamunean atxilotu zituzten. Hain justu, Brown, iazko abuztuan exekutatu zuten, eta harekin eta Fosterrekin autoan zihoazen beste bi lagunak errugabetu zituzten. Alta, Fosterri delitu baten lekuko izatea eta hura eragozteko deus ez egitea leporatzen dio akusazioak. Defentsaren arabera, ordea, berak ez zekien Brown LaHood hiltzera zihoanik.

Texasko Helegite Auzitegiak Fosterri heriotza zigorra ez ezartzeko eskaera atzera bota zuen iragan abuztuaren 7an, auzia agintarien esku utzita. Herritar, erakunde eta nazioartearen presioak eragozten ez badu, gaur azken hatsa botaraziko diote Fosterri.



TEXAS, EXEKUZIOETAN NAGUSI. Joan den astean, Conner exekutatzekoak zirela, Europako Batasunak hari heriotza zigorra barkatzeko eskatzeko gutuna helarazi zion Texasko gobernadore Rick Perryri. «Zigorraren atzeraezintasunak esan nahi du Justiziaren akatsak -zeinahi lege sisteman saihestezinak- ezin dituztela konpondu».

Perryk, ordea, AEBen auzietan muturra ez sartzeko eskatu zion Bruselari. «Texastarrak bakarrik arrunt ondo moldatzen gara Texas gobernatzen. Duela 230 urte gure herrialdearen sortzaileak gerra batean borrokatu ziren Europako errege baten uztarritik askatzeko eta autodeterminazioaren askatasuna lortzeko. Texastarrok aspaldi erabaki genuen heriotza zigorra bidezko zigorra dela, egokia, gure herritarrek eginiko krimenik ikaragarrienei aurre egiteko».

Aurten 20 preso exekutatu dituzte Texasen. 1976tik exekuzio gehien, askorengatik, egin dituen estatua da -399rekin-, Virginiaren (98 exekuzio), Oklahomaren (85), Missouriren (66) eta Floridaren (64) aurretik.

AEBetako presidente George Bush Texasko gobernadore zela, 1994 eta 2000 artean, exekuzioek gora egin zuten. Berak 152 exekuzio baimendu zituen. Haren anaia Jeb Bush Floridako gobernadore zela ere ugariak izan ziren estatu horretan eginiko exekuzioak.

Heriotza zigorraren aldekoek -tartean John McAdams irakasleak- diote hura dela hilketa eta krimenak murrizteko disuasio armarik eraginkorrenetako bat. Alabaina, AEBetako kriminologia erakundeetako buruen artean Michael L. Radeletek eta Ronald L. Akersek 1996an eginiko ikerketaren arabera, aditu horien %84k ustez zuten heriotza zigorra ez zela disuasio eragilea hilketak eragozteko. Ford Fessendenek 2000an eginiko ikerketak antzeko emaitzak eman zituen. Ildo berean, AEBetako fiskal nagusi izandako Janet Renok honakoa esan zuen 2000. urtean: «Heriotza zigorra atzera-eragilea dela erakuts lezaketen ikerketen bila aritu naiz urte luzetan, eta hori sostenga dezakeen ikerketarik ez dut topatu».



ARRAZAKERIA SALAKETAK. Amnesty Internationalen arabera, arrazak rol handia jokatzen segitzen duAEBetako heriotza zigor kasuetan. AEBak: Bazterkeria heriotzetan. Heriotza zigorrean arrazak duen rol jarraia txostenean zera dio: «Beltzak eta zuriak krimenen ia kopuru beraren biktima diren arren, heriotza zigorra berrezarri zutenetik exekutatukoen %80 biktima zuriak izan diren hilketengatik exekutatu dituzte. Exekutatutako beltzen %20 baino gehiago zuriek soilik osatutako epaimahaiek zigortu zituzten».

AEBetako populazioaren %13 inguru izaki, afroamerikarrak edo beltzak gaur egun Heriotzaren Korridorean preso dauden 3.500 pertsonetatik %42 beltzak dira. Gainera, 1977tik exekutatutakoen %34 inguru beltzak ziren,DPIC Heriotza Zigorraren Informazio Zentroaren datuei jarraiki.

AEBetako hirugarren gutxiengo etnikoari dagokionez, Hego Amerikan jatorria dutenen edota hauen ondorengoen kasuan, populazioaren %12 inguru izaki, exekutatutakoen %7 izan ziren.

Maryland estatuko gobernadorearen eskariz hango unibertsitateak eginiko ikerketa batek dioenez, arrazak eta geografiak funtsezko zerikusia dute akusatuek heriotza zigorra jasotzeko garaian. Ikerketari jarraiki, estatu horretako heriotza zigorraren sistema «arrazakeriak jota» dago. «Akusatuek askoz ere posibilitate gehiago dituzte heriotza zigorra jasotzeko pertsona zuri bat hil badute».

Jeffrey Pokorak irakasleak 1998an jakinarazi zuen heriotza zigorra indarrean duten estatuetan barrutietako fiskalburuen %98 zuriak zirela, eta soilik %1 beltzak.



'HERIOTZAREN KORRIDORETIK' LIBRATU. DPICren esanetan, heriotzari izkin eman diote Heriotzaren Korridorean zeudenetako 124 presok, gune horretan batez beste 10 urte eman ondoren eta beren errugabetasuna frogatzeari esker.

Erakundeari jarraiki, Etxe Zuriak inoiz ez du exekutatutako presoen errugabetasuna aitortu. Halere, gutxienez zortzi kasuetan errugabeak exekutatu dituztela dio DPICek. Horietan eta hainbat kazetarik ikertutako beste batzuetan, agerian utzi zuten epaiketetan akats larriak egin zituztela.

Bestalde, krimenen biktimen senideei dagokienez, askotan exekuzioa bertatik bertara ikusi nahi izaten dute, urteetako sufrikarioaren ondotik «lasaiago geratzeko».

Haatik, badira biktimen senideei aholkuak eta berotasuna ematen dizkieten beste biktima batzuk ere. Eta heriotza zigorraren kontra daude. Horien artean daude MVFR Hilketen Biktimen Familiak Adiskidetzearen Alde eta TJH Itxaropenaren Bidaia taldeak.



ZIGorraren eTena

34

Heriotza mingarria. Angel Diazi heriotza zigorra ezartzeko agindu zuen iaz Floridako gobernadore Jeb Bushek. Alta, injekzio hilgarria ezarrita, 34 minutuko agoniaren ondotik hil zen Diaz. Gero exekuzioak behin-behinean eten zituzten.





InKesTa

48

Heriotza zigorra ala bizi artekoa. DPIC erakundearen arabera, galdekatutako herritarren %48k nahiago dute krimen larriez akusatutakoei bizi arteko kartzelaldia zigorra ezartzea. %47k heriotza zigorra ezartzea nahiago dute.





KosTuaK

114

Heriotza zigorra, garestiagoa. Kaliforniako heriotza zigorraren sistemagatik presoak bizi arte kartzelan atxikitzeagatik baino 114 milioi dolar gehiago ordaindu behar dute herritarrek. Exekuzio bakoitzak 250 milioi dolar kostatzen du.





arrazaKerIa

42

Beltzak, jazarriagoak. AEBetako populazioaren %13 inguru izaki, afroamerikarrak gaur egun Heriotzaren Korridorean preso dauden 3.500 pertsonetatik %42 beltzak dira. Gainera, 1977tik exekutatutakoen %34 inguru beltzak ziren.





PoBrezIaren arazoa

95

Abokatu ona lortzeko ezintasuna. Krimen larriez akusatutakoen %95 pobreak dira, eta ezin dute beren gustuko abokatua ordaindu. Esperientziarik gabeko eta gaizki ordaindutako ofiziozko abokatuak erabili behar izaten dituzte.





John mcadams Wisconsingo Marquette Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta heriotza zigorraren aldekoa

«Heriotza zigorra bidezko zigor bakarra da krimen lazgarrienetan»

j.m.s.

Heriotza zigorraren aldekoa da John McAdams, Wisconsin estatuko (AEB) Marquette Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Fakultateko irakaslea.

Zeintzuk dira heriotza zigorraren aldeko argudio nagusiak?

Lehenik eta behin, heriotza zigorra bidezko zigor bakarra da krimenik lazgarrienetan justizia egiteko. AEBetan heriotza zigorra jasotzeko ez da aski norbait hiltzea; jende asko hil behar duzu, edota emakume bat bortxatu eta gero hil, edota norbait hil arte torturatu. Hilketaren ezaugarriek bereziki lazgarriak izan behar dute heriotza zigorra jaso ahal izateko. Halakoetan bidezko ikusten dut heriotza zigorra ezartzea. Bigarrenik, hainbat ikerketak erakutsi dute heriotza zigorra disuasio eragilea dela. Hots, exekuzioek balizko hiltzaileak hilketak egiteko tenorean atzera egitea eragiten dute. Arduragabea da heriotza zigorra ez erabiltzea exekuzioek disuasio efektua dutela frogatua dagoenean. Kasuotan hilketak gertatzea ahalbidetuko genuke. Eta heriotza zigorrak hilketa gehiago eragotziko ez balitu ere, gutxienez zigortutako hiltzaile izugarriak hilko genituzke. Beraz, nahiago dut zigortutako hiltzaileak exekutatzea biktima errugabeen hilketak gertatzea ahalbidetzea baino.

Zigortutako jendearen auziak eramateko beste modurik ez al duzu ikusten?

Jakina baietz. Kartzelan eduki ditzakezu, teorian bizi arteko espetxe zigorra ezarrita, baina heriotza zigorra gustuko ez duen jendeak ez du bizi arteko kartzela zigorra gustuko. Beste leku batzuetan, esaterako Europako Batasunean, burokratek ez dute benetan bizi arteko kartzela zigorra gustuko; «ankerra» dela diote. Hortaz, ez dago bermerik ziurtatzeko teorian bizi arteko zigorra jasotakoak kartzelan ordu arte iraungo dutela.

Horrez gain, hilketengatik zigortutako preso batzuek jendea hil izan dute kartzela barrenean, eta kasuren batean, kartzelatik ihes egitea lortu izan dute. Hiltzaile horiei ezin zaie hori egiten utzi.

NYADP Heriotzaren Kontrako New Yorktarrak taldeak dio AEBetan 12o pertsona baino gehiago jo dituztela errugabetzat hiltzera kondenatuak eta exekutatuak izan ondoren. Nola eragotz zitekeen errugabe horiek zigortzea?

Et, et, et... Hori estatistika faltsua da. Erabat faltsua.

Kopurua horixe bera izan edo ez, badira halako kasuak...

Hara, 120 baino askoz ere gutxiago dira exekutatu ondoren errugabetzat jotakoak. Heriotzaren korridorean zeudenetako batzuk handik atera ziren; batzuk benetan errugabeak zirela frogatu zutelako, DNA laginekin. Beste batzuk, 2.000-3.000 inguru, kalera atera ziren beren errugabetasunaren frogak zeudelako. Badira prozedura akatsak zirela-eta aske utzi behar izan zituzten beste batzuk ere. Esaterako, epaile liberala egokituz gero -hemen liberala ezkertiarrei esaten diegu-, kasu batzuetan prozeduretan akatsak daudela argudiatzen dute, heriotza zigorra ezarri behar ez izateko, ez dutelako hori gustuko. Kontuan izan AEBetan 1976an heriotza zigorra berrezarri zutenetik 70.000 bat zigor ebatzi dituztela, eta horietan errugabe suertatutakoak oso kopuru txikia direla. Akats portzentaia askoz ere handiagoa da bizi arteko espetxe zigorra jasotakoen artean.

Pobreek ez dute abokatu ona izateko aukerarik, eta batzuetan horrexegatik batzuek jaso izan dute heriotza zigorra...

Auzibideen hasieran halako kasuak gertatzen dira, bai, baina behin heriotza zigorraren eskakizunak aurkezten direnean, akusatu horiei abokatu onak jartzen dizkiete. Oso gai serioa da, eta egoki defendituak direla bermatzen du sistemak; beste akusazioetan baino egokiago defenditzen dituzte.





Justizia aurrerakoia

bultzatuz
Heriotza zigorraren kontrako George H. Kendallen iritziz, funtsezkoa da kargu publiko nahiz epaimahaietan zigor horren aurkakoak jartzea.
j.m.s.

«Justizia aurrerakoiaren agenda bultzatzeko», AEBetako kargu publikoetan ere heriotza zigorraren kontrakoak egon daitezen bermatzeko, ekintza politikorako batzorde edo PAC delako bat osatzeko deia egin du George H. Kendall abokatuak. «Heriotza zigorraren kontrako hautagaiak kargu publikoetarako kanpainetan sostengatzeko PAC bat gabe inozoa da pentsatzea Boston, Washington edota beste hiriren batean eragingarriak izan gaitezkeela».

Kendall, New Yorkeko Holland & Knight abokatu konpainian borondatezko kontseilari berezia da. Lehenago heriotza zigorra jasotako akusatu askoren abokatua izan da AEB osoan, bereziki akusazioetan arrazakeria eragile bat izan denean. Gainera, NAACP Koloreko Jendearen Hobekuntzarako Elkarte Nazionala erakundeko Lege Defentsa eta Hezkuntza Fundazioko aholkularia izan da. Heriotza zigorraren bidegabekerien kontrako ekintzaile sutsua da.

Kendallek BERRIAri adierazi dionez, heriotza zigorraren kontrako argudio nagusien artean defentsa egokirako askok, arrazoi ekonomikoengatik, duten ezintasunaren arazoa dago: «Herrialde honetan aldiro ohartzen gara ezinezkoa dela akusazioei modu egokian aurre egitea. Heriotzaren Korridorean dauden ia gehienak pobreak dira eta defentsa egokia egiteko baliabiderik ez duten abokatuek defenditzen dituzte».

Kexu da arrazakeriak pisua duela epaimahaietan eta hauen ebazpenetan, eta bidegabekeria horri aurre egiteko «epaimahai barnehartzaileak» proposatzen ditu: «Epaimahaikideak behin-behinean hautatuta, horien artean Fiskaltzak eta Defentsak bakoitzak gustuko dituen kideak zerrendatuko lituzkete. Jarraian, bi aldeek epaimahaia zeintzuk osatuko luketen hitzartuko lukete».



FOSTERREN AUZIA.«Argi dago Kenneth Fosterrek Michael LaHooden hilketan izan zuen rola ez zela hiltzailearena izan. Foster ez zen hilketa egin zuenaren buruzagia, ezta tiroketa egin zuena ere. Ez du heriotza zigorra merezi. Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea bidegabea da». Hala mintzatu da Kendall Fosterren auziaz.

Joan den astean hedabide batzuei esan zienez, Texasko gobernadoreek historian oso gogor jokatu dute krimen larriez akusatutakoen kontra. Hala, beldur ageri zen egungo gobernadore Rick Perryk ez ote duen orain berdin jokatuko. «Texasko kulturan Far West garaiko indibidualismo indartsua exekuzioekiko joera bizia duten gobernadore eta fiskalen tradizio luzearekin nahasten dira».



«Herrialde honetan aldiro ohartzen gara ezinezkoa dela akusazioei modu egokian aurre egitea»

«'Heriotzaren Korridorean' dauden ia gehienak pobreak dira; baliabiderik ez dutenek defenditzen dituzte»

«Fosterrek ez du heriotza merezi. Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea bidegabea da»

george h. kendall
heriotza zigorraren kontrakoen abokatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.