Protestak herrialde arabiarretan

Hermetismoa erabatekoa

Mohamed VI.a erregeak 148 preso politiko askatu ditu bere etorkizuna kolokan jar dezaketen protestak isilarazte alderaHemezortzi hilabetez preso izandako hiru ekintzaile saharar askatzea agindu dute

Kristina Berasain Tristan.
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Jainkoa, Aberria eta Erregea. Marokoko leloak hiru hitz horiekin egiten dio aipamena erreinuari; ereserkia bera ere hiru hitz horiekin amaitzen da. Erregea «sinestunen komendadore, nazioaren ordezkari gorena, batasunaren sinboloa, eta estatuaren betierekotasunaren eta jarraikortasunaren bermatzailea» da; Konstituzioaren 19. artikuluak erabateko boterea aitortzen dio Mohamed VI.ari. Herritarrak, hala ere, erregearekiko begirunezko errespetua hautsi dute behingoz. Gobernua kritikatzea zilegi baitzen, baina ez erregea. Hala ere, orain, muga hori gainditu dute, nahiz eta monarkaren gertukoen dimisioa eskatzen duten erregea berarena baino gehiago. Azken hilabeteetan kalera atera diren dozenaka mila lagunen artean, hala ere, bada «erregea herritar bat» dela ozen oihukatu duenik, erabateko hermetismoz aritu den diktadura monarkikoa auzitan jarriz.

Ezen herrialde arabiarrak zeharkatzen ari den iraultza ere bertan ezarri da. Marokoko dozenaka hiritan egin dituzte protestak, eta segurtasun indarrek indarrez sakabanatu dituzte han ere manifestariak. Maroko salbuespena izango zela iragartzen zutenek oker zeuden; analisten ustez, errealitatea ezkutatze aldera, agintariek zabaldutako mezua izan baita hori. Taufik Buatxrine Akhbar al Iaum egunkariko zuzendariaren hitzetan, «erreinua loaldi sakonean murgildua izan duen kontsentsuaren eta baiespenaren anestesia gainetik kentzen ari da klase politikoa».

Erreformen trikimailua

Lozorrotik ateratzen ari dira, beraz, herritarrak. Aldarrikapenak gero eta irmoagoak dira, protestak gero maizagoak, eta ahots kritikoak gero eta ugariagoak. Intelektualez osatutako 160 lagunek manifestu bat sinatu dute gobernua bertan behera uzteko eta elkarrizketa nazionala abiatzeko eskatuz. Konstituzioaren benetako erreforma dute helburu.

Izan ere, erregea, etor zitekeena aurreikusita, erreformak agindu zituen ezustean. Martxoaren 9an agertu zen telebista bere boterea mugatuko zuela iragartzeko. Konstituzioa aldatzeko hemezortzi lagun izendatu zituen, baina botereari eusteko trikimailua baino ez dela izango uste du oposizioak, lehen ministroa izendatzea bere eskuduntza izango ez dela agindu bazuen ere —zeharka bada ere orain arte egin diren hauteskundeak askeak ez direla izan onartu zuen horrela—. Biharamunean, dena den, milaka lagun atera ziren kalera, ezen aita hil zenean bezala egindako promesak oraingoan ere ez dituela beteko uste dute —Hassan II.a hil eta ordu gutxira hartu zuen boterea semeak, 1999an—. Otsailaren 20an egin ziren ordura arteko protesta zabalenak —erresistentzian ari diren gazteek data hori hartu dute euren mugimendua izendatzeko—, eta martxoaren 20an elkarretaratu ziren berriz. Apirilaren 24rako egin dute hurrengo deialdia.

Protestak isilarazteko, baina, neurri zehatzak hartzeari ekin dio erregeak. Atzo 148 preso politiko askatu zituen eta beste 42ri zigorra murriztu die; inoiz egindako barkamen zabalena. Aske jarri dituztenen artean oposizioan aritu diren alderdietako buruak, islamistak askok, kazetariak eta giza eskubideen ekintzaileak daude. Giza Eskubideen Kontseilu Nazionalaren eskaera aintzat hartuz hartu du erabakia Mohamed VI.ak. Erakunde hori eratzea erreformen bidean egindako beste urrats bat izan zen; aurreneko protesta zabalaren ostean eratu zuen erakundea.

Manifestariak sakabanatzeko garaian, baina, ez du arau hori bete. Zibilez jantzitako segurtasun indarrek ehunka lagun zauritu eta atxilotu dituzte protestetan, eta, ohiko jarrera irmoari eutsiz, erregimenak hamar urteko kartzela zigorra ezarri diete hainbat gazteri.

Protestekin bat egin dutenak, berriz, askotariko eragileak dira; gazteak, giza eskubideen erakundeak, sindikatuak, ezkerreko alderdiak eta islamistak ere. Mugimendua gero eta heterogeneoa da, eta hainbat sozialistak ere protestak babesteari ekin diote, gobernuan dituzten ministroei koalizioa hausteko eskatuz—Buro Politikoa ez du momentuz neurria babestu—. PMA Benekotasunaren Marokoko Alderdia da agintean den alderdia; erregearen alderdia bezala ezaguna, eta, oposizioa, berriz, sakabanatuta dago oso, monarkia babestu eta erreforma arinak aldarrikatzen duten eta haratago joatea eskatzen duten mugimenduen artean zatituta. Ali Anuzla Lakome atariko zuzendariaren arabera, eragile horiek batera aritzea izango dute orain erronka «mugimendua hasi baino ez da egin».

Saharako auzia

Erregeak preso politikoak askatu baina ordu batzuk lehenago, berriz, beste ezusteko albiste baten berri eman zuten komunikabideek. Saleko (Casablanca) kartzelan hemezortzi hilabetez preso egon diren hiru ekintzaile sahararrak askatzea agindu baitzuen epaileak —bart ziren espetxetik ateratzekoak—. Brahim Dahane, Ali Salem Tamek eta Ahmed Nasiri oso ezagunak dira ekintzaile gisa egiten duten lanaren harira, eta beste lau ekintzailerekin batera atxilotu zituzten 2009ko urrian. Tindufeko errefuxiatu guneetatik bueltan atzeman zituzten «barne segurtasuna haustea» leporatuta. Epaitegi militar batean epaitu behar zituzten —etengabe atzeratu zuten saioa—, baina irailean horretarako eskumenik ez zuela ebatzi, eta justizia zibilera igorri zituzten. Herenegun iragarri zuten presoek gose greba bat egiteari ekingo ziotela.

Neurri hori geografikoki oso urrun dagoen beste agertoki batean gertatzen ari zenarekin zerikusia izan dezakeela ondorioztatu dute iturri sahararrek. Ezen Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan atzo abiatzekoa zen eta saharako auzia oinarrian zuen eztabaida astelehenera arte atzeratzea erabaki zuten azken orduan. Mendebaldeko Saharan giza eskubideak ikuskatzeko mekanismo bat martxan jartzea eskatu baitiote erakundeari beste behin, eta aurrekoetan eskakizun horri uko egin badio ere, oraingoan, presioa zabalagoa delako edo, aintzat hartuko duten zurrumurrua zabaldu da. Ban Ki-moon idazkari nagusiak egindako zirriborroan eskaera hori jasotzen duela filtratu da, baina, baita presoak askatzeko neurria proposamen hori geldiarazteko keinua izan dela —Frantziak eskatuta hartu omen du erabakia Marokok—. Minurso misioaren agintea hilaren 30an amaitzen da, eta, urtero bezala, beste behin luzatzea espero da.

Mendebaldeko Saharan, bien bitartean, protestak ez direla eten jakinarazi dute sahararrek, erabateko hermetismoak nazioarteak horien berri ez izatea eragiten badu ere. Hmad Hamad ekintzailearen hitzetan giza eskubideen urraketak etengabeak dira; «torturak, atxiloketak eta bahiketak bere horretan dira». Agdaim Iziken kanpalekua indarrez desegin ondoren piztu ziren protestak lurralde okupatuetako hiri guztietan jarraitzen dutela dio; «inork ezer ez badaki ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.