honduras

Hernandez da garaile botoen erdiak zenbatuta, eta ezkerreko oposizioak iruzurra salatu du

Bi hautagaiek euren garaipena aldarrikatu dute.

2013ko azaroaren 25a
13:24
Entzun

Hondurasko Hauteskunde Auzitegi Gorenak goizaldean eman du boto zenbaketaren azken datua. %54,47 zenbatuta Juan Orlando Hernandez Alderdi Nazionaleko hautagaia da kontaketan aurretik, zenbatutako botoen %34,25ekin. Hauteskunde auzitegiak argi utzi nahi izan du datu horrekin ezin dela esan oraindik hautagai kontserbadoreak irabaziko dituenik atzoko hauteskundeak. Jainkoari eskerrak emanez eta otoitz eginez hasi du bart hauteskunde gaua Hernandezek.

Bigarren Xiomara Castro Libre ezkerereko alderdiko hautagaia da. Manuel Zelaya estatu kolpe baten bidez kendu zuten presidentearen emaztea indartsu sartu da politikan alderdi berriarekin, eta botoen %28,77 jaso du. Hasieran, ordea, hauteslekuak itxi eta berehala, zundaketen lehen datuekin, presidentea bera izango dela iragarri du. Ondoren lehen emaitzak jakin direnean Zelayak ez dagoela ados salatu du, eta Ricci Moncada Libre alderdiko ordezkariak iruzurra salatu du.

Botoen zenbaketaren erdia eginda bi hautagaiek diote irabazleak direla. Parte hartzea handia izan da, eta hori bera nabarmendu du Europako Batasuneko ordezkari Ulrike Lunacekek. Atzoko hauteskundeak estatu kolpeaz geroztik presidentea aukeratzeko egin diren lehenengoak dira. Hondurasen bigarren itzulirik ez dago, eta irabazleak hartuko du Porfirio Lobo presidentearen lekukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.