Adolf Hitlerren aurkako hilketa saioaren 60. urteurrena ospatu zen atzo. Egoera militarraren hondamena ikusita eta nazien krimenak gero eta ageriago, gerra 1945ean amaitu baino urtebete lehenago urratsa egitea erabaki zuten Wehmacht-eko ofizial batzuek, erresistentzia burges-kontserbadorearekin loturikoek.
Askatasunaren defentsa eta tolerantziarako dei egin zien atzo alemaniarrei Gerhard Schroeder kantzilerrak, diktadorearen aurkako eraso zapuztua gogoratzeko ospakizunean. Berlingo Bendlerblocken eginiko ekitaldian, 1944ko uztailaren 20a Alemaniaren historia berriaren egun garrantzitsuenetako bat dela esan zuen Schroederrek. Egun horretan, «beste Alemania batek egin zuen agerraldia».Lehergailuz eginiko eraso baten bidez, Hitler hil eta buruzagitza nazionalsozialista agintetik kendu nahi zuten konspiratzaileek. Claus Schenk Stauffenberg kondeak lehergailu bat zuen maleta txiki bat sartu zuen Hitler eta bere Armadako buruak bilduta zeuden gelan, eta aretotik atera ondoren Berlinera jo zuen bere kideekin biltzeko. Estatu kolpea jotzeko asmoa zuten Hitler hil ondoren, baina erasoak huts egin zuen. Leherketak lau militar hil zituen, baina bilera gelako mahaiak Hitler salbatu zuen. Berlindik gertuko Benderblocken fusilatu zituzten erasoa planeatu zutenak, uztailaren 21eko gauean. Benderblocken egun Defentsa Ministerioaren egoitza eginiko ekitaldian Gobernu Federalak nazien biktimak ekarri zituen gogora. Izan ere, leku horretan bertan, 2.500 pertsona exekutatu zituzten 1933 eta 1945 urteak bitartean.
Heroiak ala oportunistak?
Denbora luzez militarren erresistentzian eta Hitlerren aurka 1944ko uztailaren 20an eginiko erasoan kontzentratu dira Alemanian oroitzapen ofizialak. Talde burges, sozialdemokrata eta komunisten erresistentzia ezkutatzen zuten. Uztailaren 20a erabili zen 1950eko hamarkadatik aurrera gero eta gehiago mendebaldeko Alemaniari estatu burges-demokratiko gisa zilegitasuna emateko. uztailaren 20a sorkuntza mito bilakatu zuten, nahiz eta herritarren artean oso erroturik ez egon. Erasogileak ofizialki demokraziaren aldeko borrokalaritzat jotzen bazituzten ere, «traidoreak» ziren alemaniarren gehiengoarentzat, 1950 eta 1960ko hamarkadetan. Hurrengo hamarkadan hasi zen, lehen aldiz, eztabaida: konspiratzaileak gizarte demokratikoaren aitzindari gisa uler zitezkeen, edo, haatik, erasoa erregimen hiltzailearekin estuegi loturiko elite batek beren buruak aurreikusten zen bukaera gerturatzen ari zela lakiotik ateratzeko saio zapuztua izan ote zen?
Atzo, ordea, itzal oro galdu zuen galderak. Alemaniarren hiru laurdenek miresmenez eta errespetuz ikusten dute atentatua, eta konspiratzaileen adorea goraipatzen dute, beren biziak arriskuan jarri zituztelako.Alemaniarentzat egun esanguratsua da uztailaren 20a. Nazien aurkako erresistentziak ez zuen oinarri zabalik gizartean. Izan ere, bukaeraraino beren Fuehrer zenarengan konfiantza osoa zuten alemaniar gehienek. Nazien krimenekin hain estu nahasturik egonik, atzo 60 urte bete zituen erasoa da garai hartan gertaera positibotzat jo daitekeen bakarretakoa. «Konspiratzaileen heroi jokabideak agerian uzten du Alemania Hitlerrekin eta alderantziz identifikatzen zuen propaganda zein faltsua zen». Helmut Kohl kantziler ohiaren hitzak dira, eta halakorik dioena joko arriskutsuan murgiltzen da. Hala egiten dute egungo Gobernuak bezala esaten dutenek erresistentziako kide haiek irudikatzen dutela egungo Alemaniako Armadak aldarrika dezakeen tradiziorik onena. Izan ere, ez da ahaztu behar erasoa prestatu zuten militar haiek ia bukaeraraino lagundu zutela Alemaniaren sarraski gerran.
ALEMANIA
Heroiak ala oportunistak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu