Filipinetako Luzon uhartea bete-betean harrapatu duten Winnie eta Nanmadol ekaitzek 1.100 hildako edo desagertutik gora utzi dituzte azken egunotan eta 800.000 lagun inguru kaltetu dituzte. Herritarrei laguntza ematen hasi ziren atzo, eguraldia hobetzearekin batera. Galera handienak izan dituzten eskualdeak ikuskatzen izan zen atzo Filipinetako presidente Gloria Macapagal Arroyo. Arroyok basoen ustiapena etetea erabaki zuen, kasu gehienetan legez kanpo egina den jarduera honek kalteen areagotzea eragin duelakoan.
General Nakar, Infanta eta Real hiriek jasandako galerak ikuskatzera eta bertako bizilagunei Manilako gobernuaren elkartasuna adieraztera joan zelarik atzo, Gloria Arroyo presidenteak, zera esan zuen: «Heriotza eta kalte hauen erantzule direnei euren makurkeriak ordainaraztera deliberatuta gaude».Hitz hauek aditzerat eman aurretik, Arroyok iragarri zuen basoen ustiapena herrialde osoan behin-behinekoz eteteko erabakia hartu duela.Ingurumen aditu eta gobernu agintari ugariren iritzian, Filipinetako uhartediak azken urteotan pairatu dituen hondamendi naturalek eragindako kalteak nabarmen areagotu dira oihan ustiapen basatien ondorioz. Zuhaitzak neurrigabe ebaki di-tuzte mendi mazeletan, eta euriteak gertatzen direlarik, urak ez du trabarik topatzen eta uholdeak zein luiziak gertatzen dira. Hori bera jazo da egunotan Luzon uhartearen erdialdea eta ekialdea zeharkatzen dituen Sierra Madre mendialdean. Eguraldia hobetzeari esker, sorospena heltzen hasi zen atzo eskualde kaltetuetara. Lehen bi hegazkin militarrek tonaka elikadura, ur, sendagailu, oihal aterpe eta estalki eraman zituzten artxipelagoaren erdialdeko eta iparraldekobi aireportutara. Hauetatik, berriz, helikopteroek zituzten Luzon uhartearen etaBicoleko penintsularen eskualde suntsituetara hurbildu. Laguntzak bertaratzeko beste modurik ez zen, bide guztiak txikituta geratu baitira. Militarrak bide berriak urratzen aritu ziren Sierra Madren, General Nakar, Infanta eta Real hirietara zein herri txikiagoetara laguntzak kamioiz helarazteko. Gizarte arazoetako ministro Corazon Solimanek zehaztu zuen laguntzak hirietara eramango zituztela lehenik eta handik herri txikietara helaraziko zituela armadak.
Nazioarteko laguntza
Ministroak nazioartekoari laguntza eskatu zion berriro. «Elikadura, ur eta sendagai behar gorrian gaude», esan zuen Solimanek. Arsenio Ramallosa Real hiriko auzapezak gehitu zuen Gobernuak emandako laguntza hiru egunean agortuko zela.
Lehen kalkuluen arabera, Luzon uharteko uztan, abeltzaintza eta arrantza alorrek nozitutako galerak 23 milioi dolarrekoak dira. Ostiralean laborantza lurretako 86.000 hektarea urpean zeudela adierazi zuen, atzo, Arthur Yap Nekazaritza ministroak. Kaltetuei laguntzeko, nazioarteko diru emateak iristen hasi ziren. Europako Batasunak 1,3 milioi euro eman ditu eta Alemaniak, Belgikak, eta Espainiak laguntza gehiago hitzeman dute. Australiak 387.000 dolar eman ditu, Japoniak 280.000 eta Ameriketako Estatu Batuek 100.000. Unicefek eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak laguntza gehiagorentzako deiak zabaldu dituzte.Filipinek sarritan pairatzen dituzte hondamendi naturalak. Azken urteotako larrienetatik bat izan zen 1991n jasandakoa; orduan, tifoi batek 5.000 lagunen heriotza eragin zuen Leyteko uhartean, artxipelagoaren hego-ekialdean.
HONDAMENDIA FILIPINETAN
Herri ugari bakartu eta 800.000 lagun kaltetu dituzte ekaitzek
Baso-soiltzea debekatzea erabaki du Gloria Arroyo presidenteak, ondorio are larriagoak eragin dituelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu