EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Herri zatikatuen Europa

Edu Lartzanguren.
2004ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
atikaturik izateak baldintzatu ditu aurtengo Europako Legebiltzarrerako bozak estaturik gabeko nazioetan. Egoera ezberdina da, halere, herri batetik bestera.

-Gales: Independentziaren gaiak hartu du abiada azken egunotan bi alderdi nagusiek Laborista eta Plaid Cymru nazionalista protagonista dituen ika-mikan. Bi milioi galestar inguru daude deiturik gaur lau eurodiputatu aukeratzeko;1999an bost ziren. Izan ere, EBk bere barruan beste hamar kide hartuta, eserleku bat galdu du Galesek. Aulkiaren galera independentziaren aldeko aldarrikapen bihurtu du Plaid Cymruk. Independente izanez gero, Galesek bederatzi edo hamar eserleku izango lituzke, «beste herrialde txikiek bezala», Dafydd Iwan nazionalisten presidenteak esan duenez. Laboristek esan dute independentzia eskaera «ezinezko amets separatista» dela: Gales independenteak EBtik dirua jasotzeari utziko liokeela eta 50.000 lanpostu galduko liratekeela. Aurreneko Europako hauteskundeetan bi diputatu eskuratu zituzten nazionalistek, laboristek bezala. Bosgarrena kontserbadoreek eraman zuten.

-Eskozia: Galesen bezala, laboristen eta nazionalisten artean izan da lehia Eskozian. Izan ere, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Tony Blairren alderdiaren kontrako zigor bozaz baliatzea eta laboristei lehen postua kentzea espero du. Laboristek 14.000 boz inguruko aldea atera zieten 1999ko hauteskundeetan independentziazaleei. Eskoziak ere aulki bat galdu du Europako Legebiltzarrean. Gaur, beraz, zazpi diputatu aukeratuko dituzte lau milioi inguru botoemaile eskoziarrek. Eskozia independente izanez gero 14 ordezkari izango lituzkeela argudiatu du SNPk. Laboristek, haatik, Eskozia independenteak EBn sartzea berriz negoziatu beharko lukeela argudiatu dute. Edonola ere, Europako konstituzio proposamenari sostengurik ez diotela emango iragarri dute nazionalistek, legeak Eskoziako arrantza industriaren gaineko kontrola Bruselara eramanez gero.

-Bretainia: Frantziak eraturiko banaketa administratiboak Bretainiak Europako hauteskundeetan izan zezakeen berezko ahots oro itotzea eragin du. Izan ere, Bretainia Parisek «Mendebalde Handia» izendaturiko hautesbarrutian geratu da, Pays de la Loire eta Poitou-Charentesekin batera. Multzo handi horretan nolabaiteko kutsu bretainiarra gorde duten hautagaitza bakarra UDB Bretainiako Batasun Demokratikoa alderdi autonomistak eta Berdeek osaturiko koalizioa da. Bretainiako Mugimendu Federalistak Bretainia Europan finkaturiko Frantzia federal baten aldekoa hautagai bat aurkeztu du EDE Europa Demokrazia Esperanto taldearen zerrendan. Halere, ez dute eserlekurik lortzeko inongo itxaropenik. Emgann talde independentista ez da bozetara aurkeztuko.

-Korsika: Itxura guztien arabera, ez da diputatu korsikarrik izango Europako Lebiltzarrean datozen urteotan. Parisek «Hego-ekialde Handian» kokatu du uhartea, Rhone-Alpes eta Cote D'Azur eskualde frantziarrekin batera. Eskualdeok biztanle aldetik duten pisua handia da, Korsikako 260.000 herritarrekin alderatuta. Nazionalistek kezka handiz ikusten dute egoera. Izan ere, egun, Europako Batasunak eskualde txiroenei ematen dien funtsak jasotzen ditu uharteak, baina ekialdeko Europako herrialdeak sartuta, 2006an laguntza egitasmoetatik kanpo geratuko da.

-Sardinia: Frantziaren menpeko herrien antzeko egoeran dago Italiaren agintepeko uharte hau. 1.680.000 biztanle ditu eta hautesle guztiek alderdi berari botoa emanda ere ez zen aski izango Europako Legebiltzarrean diputatu bat lortzeko. Horretaz gain, Sardiniak Siziliarekin batera osatuko du hautesbarrutia, eta aukeratuko diren 9 diputatuetatik guztiak siziliarrak izango dira. Hori dela eta, Sardegna Natzione alderdi independentistak ez du hautagaitzarik aurkeztu, ez eta beste alderdi baten aldeko bozik eskatu. Partito Sardo D'Azione alderdi autonomistak ALE Europako Aliantza Librea elkartearen baitan aurkeztuko da eta Italiako gutxiengo batzuekin (Lega Lombarda eta Hego Tirolgo autonomistekin, esaterako) osatu du zerrenda.

-Galizia: Inkesten arabera, parte-hartze handia izango da igandean Europako hauteskundeetan, PSOEk PPri ateratzen dion aldea handituko da eta nazionalisten ordezkapena txikiagotuko da. BNG alderdi Nazionalista Galeusca zerrendan aurkeztuko da, EAJ eta CiUrekin batera. Azken urteotan emaitza txarrak lortzen ari da BNG eta etorkizunerako ezinbestekotzat jo dute eserleku bat lortzea. BNGren ordezkari Camilo Nogueira hirugarren postuan da Galeuscaren zerrendan. Hirugarren eserlekua lortzea edo ez 33.000 botoren araberakoa izango dela kalkulatu dute.

-Herrialde katalanak: Alderdi nazionalisten zatiketa da hauteskundeek Herrialde Katalanetan hartu duten ezaugarri nagusia. CiU alderdi autonomista Galeusca zerrendan aurkezten da. Zerrrenda berean dira Valentziako Bloc taldea eta Balear Uharteetako PSM Entesa Nacionalista taldea. ERC, bestalde, Herrien Europa zerrendan aurkezteen da, besteak beste Eusko Alkartasunarekin. Ipar Katalunian, bestalde, Berdeekin bat eginda agertuko da Bloc Catala alderdia. Katalanerak Europako Batasunaren erakundeetan izan behar duen lekua izan da gai nagusietako bat.

-Flandes: Ezinezkoa da bereiztea Flandesko Legebiltzarrerako bozak eta Europako hauteskundeak. Izan ere, bi bozak igandean dira egitekoak. Ikusmina, halere, bertako Legebiltzarrerako lehiak piztu du eta Europako hauteskundeen inguruko eztabaida zein gai oro erabat ito du. SP.A alderdi sozialista eta SD&VN-VA demokristauek eta nazionalistek osaturiko koalizioaren arteko azken eztabaidan gizarte gaiak nagusitu dira. Mia De Vits SP.Ako zerrendaburuak Europako konstituzio proposamenaren aurka bozkatuko zuela esan zuen arauak ez badu Europako Konbentzioak bermaturiko gizarte laguntzak jasotzen.

-Sami herria: Hainbat estatutan sakabanaturiko nazioa izatea samien aurkako izango da hauteskundeetan. Norvegia ez da EBko kide, eta, jakina, bertan ez da bozik izango. Suediako samiak gutxiegi dira diputatu baten hautaketan eraginik izateko. Soilik Finlandian izango da samien zantzua bozetan: izan ere, Niko Valkeapaa abeslaria Berdeen zerrendan aurkezten da.

-Faroe uharteak: Groenlandian bezala, ez da bozik izango Faroetan, Danimarka EBko kidea izan arren, bi lurraldeok beren burua kanpo uztea erabaki zutelako bere garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.