Mende erdi bete ditu, gaur, Tlatelolco hilketak, Mexikoren historian aztarna sakona utzi zuen gertakariak. Ikasle ekitaldi bat zapaldu zuten 1968ko urriaren 2an Mexikoko armadak eta Batallon Olimpia talde paramilitarrak, Hiru Kulturen plazan. Lekukoen arabera, 300 baino gehiago izan ziren hildakoak. Erahil zituzten ikasle horiek oroitu dituzte hainbat ekitalditan, eta hilketa gertatu zen plaza berean izan da Manuel Lopez Obrador presidente hautatua. "Gatazkak, desberdintasunak eta gizarte protestak" konpontzeko berriz ere indarra ez erabiltzeko konpromisoa hartu du. "Zin egiten dugu: ez dugu indarra erabiliko herria zapaltzeko", adierazi du biktimen omenezko oroitarriaren parean.
Lopez Obradorrek biktimen memoria ondratuko duela hitzeman du. "Horretarako modurik onena, humanismoz eta errepresiorik gabe jardutea da", ziurtatu du.
Mexikoko Parlamentuak ere ekitaldi bat antolatu du duela 50 urte gertatu zen sarraskia oroitzeko. Eraso hartatik bizirik irtetea lortutakoek eta Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionaleko errektoreak parte hartu dute, "1968ko ikasle mugimenduari" eskini dioten omenaldian.
1968ko udan, milaka ikaslek grebak eta manifestazio jendetsuak antolatu zituzten Mexikoko gobernuaren autoritarismoa salatzeko. PRI zegoen gobernuan, eta protesta mugimendua bortizki zapaltzea erabaki zuen, Joko Olinpikoetan mobilizazioak eragozteko.