Frantziako Gobernuak Tunisian dituen enbaxada eta ikastetxeak itxi egin ditu astelehena arte. Gaur Egiptokoak itxiko ditu, eta bihar beste herrialde musulmanetanneurri bera hartuko du. François Hollande presidentea beldur da musulmanen protesten jomuga Frantzia bilakatuko ote den. Izan ere, herrialde hartako Charlie Hebdo aldizkariak Mahomaren karikatura batzuk kaleratu ditu azken zenbakian. Irudi horietan biluzik ageri da musulmanen profeta. Horren harira sor daitezkeen protestei aurre egiteko hartutako neurrien artean dago herrialde musulmanetako enbaxadak eta ikastetxeak ixtea. Protesta gogorrenak bihar espero dituzte. Musulmanen egun santua ostirala da, eta jendetza biltzen da eguerdiko errezoen ondoren.
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak herrialde musulmanetan dauden herrikideei kontuz ibiltzeko eta inongo arriskurik ez hartzeko eskatu die. Herrialde horietako gobernuei, berriz, Frantziaren ordezkaritzen segurtasuna bermatzeko eskatu die, nazioarteko akordioak betetzera behartuta daudela iritzita. Jean Marc Ayrault Barne ministroak, berriz, egungo testuinguruan «probokaziotzat» jo ditu Charlie Hebdo aldizkariak argitaratutako komikiak. Hala ere,Frantzian adierazpen askatasuna dagoela nabarmendu du: «Irudiek norbait mindu badute eta adierazteko eskubidea gehiegikeriaz erabili dela uste badu, auzitara jo dezake». Aldizkariko zuzendariak salatu du norbaitek webgunea manipulatu diela, eta, ondorioz, itxi egin behar izan dutela.
Bitartean, AEBen aurkako mobilizazioek aurrera jarraitzen dute herrialde arabiarretan. Magrebeko Al-Qaedak, gainera, protesta horiek gogortzeko eskatu du: «Dei egiten diegu musulmaneiAEBetako herritarrak hiltzera edo gure lurraldeetatik kanporatzera». Al-Qaedak, ohar berean, igaro den astean AEBen Libiako enbaxadorea hil izana goraipatu du: «Herrialde harro eta bidegabe bati egin diezaiokegun oparirik ederrena da».
Protesta gehienak AEBen enbaxaden aurrean ari dira egiten, eta manifestazioak ere antolatu dituzte hainbat hiritan. Afganistango Nangarhar hiriko kaleetan, esaterako, ikasleek manifestazio bat egin dute, eta bertan Barack Obama AEBetako presidentearen irudiak erre dituzte. Pakistango Gobernuak, berriz, biharko eguna Mahomaren omenezko jaiegun izendatu du. Lehengo astean zabaldutako filma gaitzetsi nahi du horrela.
Arabiar Liga, akordio bila
Azken asteko tirabirak ikusita, nazioarteko hitzarmen bat prestatzen ari da Arabiar Liga. Hala jakinarazi du erakunde horretako idazkari nagusi Nabil al-Arabik. Akordioaren helburua erlijioren bati irain egiten dioten herritarrak zigortzea izango da.Al-Arabik esan du hitzarmena egiteko harremanetan daudela Europar Batasunarekin, Afrikar Batasunarekin eta Konferentzia Islamikoaren Erakundearekin.
Bestalde, Maina Kiaik, NBE Nazio Batuen Erakundean biltzeko eskubidearen arloan kontalari bereziak, gaitzetsi egin ditu Mahomari buruzko filmaren harira sortutako istiluak: «Elkartzeko eskubideak ezin du aitzakia izan indarkeriazko ekintzak egiteko. Desadostasuna agertzea beharrezkoa da, baina modu baketsuan egiten bada».
Herrialde musulmanetako enbaxadak ixten hasi da Frantzia, erasoen beldur
Hollandek segurtasun neurriak indartu ditu, 'Charlie Hebdo' aldizkariak Mahomaren irudiak kaleratu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu