Egiptoko elitearekin haustura erabatekoa nahi dutela eskatzeko, Kairoko Tahrir plazan jendetza ezin kabitu zegoen atzo, milaka eta milaka, ostiraletako errezuaren orduan. Sartzeko oztopoak izanda ere, inguruari itxura historikoa eman zioten, herrialdearen norabide aldaketaren sinboloaren irudia. Irteerarako ostirala leloarekin Hosni Mubaraken 30 urteko boterearen azken eguna modu horretara ospatzea zen esperantza, baina «joan, joan, joan» asko oihukatuta ere, atzokoa beste egun bat izan zen irailera arte agintzen jarraituko duela esan duenarentzat: Hosni Mubarakek oraingoz eutsi egiten dio presioari.
Protesta jendetsua, baketsua eta segurtasun indarrek zaindua izan da Kairokoa, aurreko egunetan diktadoreak bere aldekoak kalera aterata manifestariekin izan zituzten iskanbilen oso bestelakoa. Plazara zihoazen herritarrak banan-banan geratu zituzten militarrek, poliziarik edota bestelako armadunik sar ez zedin, eta sekulako ilarak eragin zituzten.
Mohamed Tantaui Defentsa ministroak berak behatu zituen armadaren kontrol zorrotzak—plazara joaten gobernuaren lehen ordezkaria izan da—, baina protestari garrantzia kendu nahi izan zion: «Herri osoa ez da Askatasunaren Plaza». Armada hortxe dago, gobernuaren eta herritarren erdian, baina etxean geratzeko mezua zabaltzen ari da azkenaldian, haien ustez Mubarakek hauteskundeetara ez dela aurkeztuko esanda herritarrek eskatzen diotenari kasu egin diolako.
Egiptoarrek, ordea, erortzen ikusi nahi dute, lehenbailehen, eta atzo une hori izan zitekeelako emozioz erantzun zioten protesta deialdiari, baina gobernuak manifestazio historikoa egiten utzita, oposizioa beldur da denbora eta bizitzeko premia ez ote diren Mubaraken arma eraginkorrenak matxinada ahultzeko eta trantsizioa berak nahi duen bidean jartzeko. Nazioartearen aldetik ere ez dute askorik espero, gehienentzat etxeko lanak eginda baitaude boterea utziko duela esan duenetik.
Mubarak, irailera arte
AEBek gobernua Omar Suleimanen buruzagitzarekin sortzeko ustez duten proposamena ikusita ere, itxura guztia dauka Mubaraken ondorengoa ez dela horrenbesteko aldaketa izango. Gainera, Ahmed Shafik lehen ministroak dagoeneko esan du Mubarakek ez duela boterea Suleimanen esku utziko. «Presidentea behar dugu lege arrazoiengatik».Obamaren taldeak, berriz, proposamenean nabarmendu duenez, oposizioak parte hartu behar du prozesu berrian, baina oposizioko ordezkariek atzoko protestan nazioartea begira zegoela baliatu zuten esateko oraingoz ez dutela inoren proposamenik jaso.
Atzo iluntzean jende asko etxera joan zen, baina asko eta asko oraindik ere kanpalekua hartuta gaua igarotzen geratu ziren, beste gau bat garrantzitsua izan daitekeelako krisia iraultzeko, aldaketa lortu arte eskatu behar delako, eta egiptoarrentzat bueltarik ez dagoelako. Atzoko gauak argi berezia hartu zuen, aurrekoak baino lasaiagoa eta itxaropentsuagoa, jai giroa, egun-pasa joandako herritarrek emandako jaki eta edariez ospatua, baina etorkizunik ezak elkartutakoen aldarriak egunerokopremiak ez ditu asetzen.
Protestak herrialde arabiarretan
Herriaren oihuari entzungor
Segurtasun neurri zorrotzen artean protesta baketsua eta historikoa egin dute Kairon, Hosni Mubaraki boterea utz dezan eskatzekoEgiptoko presidenteak presioei eusteko indarra duela erakutsi du beste behin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu