Herrien borroka

Trantsiziozko gobernua ekarri zuten Bonneko akordioetatik at geratu ziren Afganistango gutxiengo gehienak

arantxa elizegi egilegor
2009ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«1979ko gerra baino lehen 16.670 familia sikh eta hindu zeuden Kabul, Nangarhar, Gazni, Khost eta Kandahar probintzietan. Azken 30 urtean izugarri sufritu dugu, eta gutako askok ihes egitea erabaki dute. Baztertuta, bakartuta eta zapalduta bizi gara», dio Ravil Singek. Sikha da bera, baina haren hitzekin Afganistango beste dozenaka gutxiengoren egoera deskriba daiteke. Haien bizimoduak hobera egin du, neurri batean behintzat, talibanen agintea amaitu zenetik; baina, botereak gehienbat paxtuen esku jarraitzen duenez, bazterketaren biktima dira oraindik.

AEBetako armadak Askatasun iraunkorra operazioa hasi zuenean, duela zortzi urte, giza eskubideak bermatu eta berdintasuna bultzatuko zuen gobernu baten itxaropena piztu zen afganiar askorengan. Izan ere, talibanen agintepean paxtuen kontrolpean zegoen herrialdea. Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaien zerrenda ikusi besterik ez dago, ordea, gutxiengoek gutxiengo izaten jarraitzen dutela ohartzeko. 41 lagun aurkeztu diragaurko bozetara, eta bik dute irabazteko aukera, Hamid Karzai egungo presidenteak eta Abdula Abdula Atzerri ministro izandakoak, biak ere paxtuak -Abdulak aita paxtua du eta ama tadjika-. Hautagaiek eurek onartu dute, gainera, gaur egun oraindik zail dela etnia bateko kideek beste etniako baten alde bozkatzea.

Hazarek, Afganistango hirugarren etniako kideek, badute hautagairik: Ramazan Bashardost. Lehendik ere agintetik gertu dagoena da Bashardost; izan ere, Karzairen gobernuan Plangintza ministro izan zen 2004an. Dena den, duela ez hainbeste ezinezkoa zen hazara bat Gobernutik horren gertu ikustea.

Kanporatuak eta zapalduak

Sobietar Batasunak Afganistan okupatu aurretik, Zahir xah-ren agintaldian, eskubiderik ez izatearen pareko zen hazara jaiotzea. Hazarek zerga bereziak ordaindu behar zituzten, gutxiengoko kide izateagatik soilik. Dirua paxtuei laguntzeko erabiltzen zuen aginteak. Gerora, sobietarrek herrialdea inbaditu zutenean, hazaren bizi-baldintzak zer edo zer hobetu ziren. Baina egoera goitik behera aldatu zen talibanekin.

Hazarek garesti ordaindu zuten Iparraldeko Aliantzarekin bat egin izana talibanen aurka. 1998. urtean, talibanek Hazarajat okupatu zutenean, bakartu egin zuten eskualdea. Ez zen nazioarteko giza laguntzarik iristen gehienak hazarak ziren probintziara. Hurrengo urteetan garbiketa etnikoaren biktima izan ziren. 1998an bertan, talibanek Mazar e Sharifi eraso ziotenean, 8.000 lagun hil zituztela uste da, gehienak hazarak.

2001eko New Yorkeko atentatuen ostean, AEBetako armadak Afganistani eraso zion, eta handik gutxira Bonneko (Alemania) bake akordioak egin zituzten, trantsiziozko gobernua osatzeko. Negoziazio horietan izan ziren hazaren ordezkariak ere. Baina egun oraindik bigarren mailako herritar sentitzen dira asko. Gobernuak baztertu egiten dituela salatzen dute. Horren adibide da nazioarteko diru laguntzen banaketa. Diru horrekin 5.000 kilometro errepide eraiki dira herrialdean, baina kilometro horietatik bakar bat ere ez Hazarajaten. Aipagarria da iaz eskualde hartan gertatutakoa ere. Kotxi etniako talde bat Hazarajaten sartu zen eta herritarrei eraso zien. Borroketan dozenaka lagun hil ziren, gehienak emakume eta haurrak. Kabulgo agintariek, ordea, ez zuten kotxien aurkako neurririk hartu.

Badira, baina, hazarak baino zorte txarragoa izan dutenak, turkmenak kasu. Herrialdea sobietarren menpe geratu zenean, 1979an, bi milioi turkmen bizi ziren Afganistanen, Abdul Rashid Dostum jeneralaren menpeko eskualdean gehienak, herrialdearen ipar-ekialdean. Eskulangintzatik bizi ziren, eta ez zuten talde armaturik. Horiek hala, askok Pakistanera egin zuten ihes, bai sobietarren agintaldiak iraun zuen artean, baita nazioa talibanen esku erori zenean ere. Erabakiak, ordea, ondorio larriak izan zituen.

2001eko abenduan, Bonneko bake akordioak sinatzeko unea heldu zenean, turkmenek ez zuten ordezkari militar ez politikorik. Ondorioz, hitzarmenetik kanpo, eta, bidez batez, boteretik at geratu ziren. Agintea paxtuen, tadjiken, hazaren eta uzbekoen artean banatu zuten.

Orain, presidentetzarako hauteskundeen abagunea baliatuz, buruzagiekin negoziatzen ari dira. Dagoeneko bildu dira Karzairekin eta nazioarteko ordezkariekin. Beren buruak bake bitartekari gisa eskaini dituzte, argudiatuz gerran parte hartu ez dutenez alde guztiekin hitz egiteko egokienak direla. Baina ez dirudi Gobernuko ateak irekiko dizkietenik; izan ere, berandu heldu dira, eta besteak ez daude beren zatiei uko egiteko prest.

Txikien indarra

Gutxi izateak, ordea, ez du esan nahi indarrik ez dutenik. Presidentetzarako bi hautagai nagusiek, Karzaik eta Abdulak, denen beharra izango dute bozak lehen itzulian irabaziko badituzte. Egungo presidentea dagoeneko ohartu da horretaz, eta aliantzak egin ditu gutxiengoetako ordezkariekin, eta eskumenak hitzeman dizkie.

Karzairen eskaintza onartu duenetako bat da Abdul Rashid Dostum jenerala. 1970eko hamarkadaren amaieran, Sobietar Batasunak Afganistani eraso zionean, bat egin zuen komunistekin, eta 20.000 milizianoko talde armatua osatu zuen -uzbekoak ziren gehienak-. Horien laguntzarekin Washingtonen sostengua zuten mujahidin-en aurka borrokatu zen. Moskuk saritu egin zuen Dostumen lana, baita ipar-ekialdearen kontrola eman ere. Talibanek sobietarrak kanporatu zituztenean, ordea, Turkiara ihes egin zuen, eta aurrerago Iparralde Aliantzarekin bat egin zuen etaAEBen ondoan borrokatu zen.

Gerra krimen ugari leporatzen dizkioten arren, uzbekoen sostengua du oraindik Dostumek. Horregatik, Karzaik bere ondora deitu du. Gutxiengoak ere beharrezkoak baitira gehiengoa jokoan dagoenean.



Ramazan Bashardost.Presidentetzarako hautagaia
Hazara etniako hautagai bakarra da bera,eta, inkesten arabera, boto gehien lortuko dutenen artean hirugarrena izango da.

«Hamid Karzai hondamena da Afganistango herriarentzat»

A. Elizegi.

Ramazan Bashardost (Karabag, 1965) ez da bidegabekeriak salatzeko unean isilik geratzen diren horietakoa. Diputatu eta presidentetzarako hautagaiak argi du herrialdean duten egoera Hamid Karzairen gobernuaren eta nazioartearen errua dela, xahutu egin dutelako herritarrentzat zen dirua. Horregatik utzi zuen Plangintza ministro kargua 2004an. Orain, Legebiltzarreko atarian jarritako kanpamenduan bizi da, eta, inkesten arabera, botoetan hirugarrena izango da.

Zer iritzi duzu Karzairen politiken inguruan?

Ez du politikarik, ez eta gobernurik ere. Karzai hondamena da Afganistango herriarentzat. Duela zazpi urte 31 milioi dolar jaso genituen nazioa berreraikitzeko, baina herritarrek gosez jarraitzen dute; ez dago eskolarik, ez irakaslerik, ez eta lanik ere. Aldiz, gerra jauntxoek eta kriminalek gero eta botere handiagoa dute. Horregatik diot Karzai hondamendia dela herrialde honetako ekonomiarako, segurtasunerako eta giza eskubideetarako.

Plangintza ministroa izan zinen Karzairen gobernuan 2004an. Zergatik erabaki zenuen dimisioa ematea?

Bederatzi hilabete egin nituen Gobernuko kide gisa, eta tarte horretan sei hilabeteko ikerketa bultzatu nuen, diru publikoaren nondik norakoak argitzeko, eta ikusi nuen inor ez zela arduratzen elikagaiak banatzeaz edo herritarren beharrei erantzuteaz. Garai hartan, Karzai presidentea zen, Abdula Abdula Atzerri ministroa eta Ashraf Gani Finantza ministroa. Hirurek atzera bota zituzten gizarteari laguntzeko nire eskaerak. Horregatik, karguari uko egitea erabaki nuen. Bi egunera denek onartu zuten arrazoi nuela, eta Gobernuak ez zuela behar bezala lan egiten.

Esan duzu Karzaik ez dakiela agintzen, baina, hala ere, nazioartearen sostengua du.

Afganistango kontsulatu eta enbaxadetan lan egiten dutenek beren herrialdeen aginduak betetzen dituzte, eta nazioarteko agintari gehienak engainatuta dauzka Karzaik. Baina ez dut uste AEBetako presidente Barack Obama haren alde dagoenik. Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa izan zen Afganistani erasotzeko agindu zuena, eta hark Karzairen alde egiten jarraitzen du. Baina ez da hori Obamaren administrazioaren kasua. Izan ere, Karzaik bere familia eta ingurukoak aberasteko erabili du Washingtonek emandako diru laguntza, eta ez du urratsik egin gizarteari bizimodua erraztu eta berreraikuntza lanak bultzatzeko. Gauza bera gertatzen da Erresuma Batuak edo NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako diruarekin ere. Laguntza horiek agintarien gertukoen artean eta atzerriko langileen artean banatzen dituzte; ondorioz, afganiarrentzat ez da ezer geratzen.

Uste duzu nazioarteak murriztu edo aldatu beharko lukeela Afganistanen duen esku-hartzea?

Aste honetan Obamak berak esan du aldatu beharra dutela Afganistanerako estrategia. Iritsi da aldaketa sakonak egiteko unea. Horrek esan nahi du Obama jaunak aldaketak egin behar dituela, ez bakarrik AEBetako enbaxadetan, baita hemen dituen langileen artean ere, batez ere ekonomia alorrean lan egiten dutenen artean. Gustatuko litzaidake Obamak informazioa zabaltzeko duen era aldatzea, Gobernuak guri buruz ematen duen informazioa gezurrezkoa delako maiz. Administrazioan bertan ere aldaketak behar dira. Askok diote adituak direla Afganistango auzietan, baina analisi okerrak egiten dituzte.

Baina nola lortuko da aldaketa hori?

Hauteskundeak irabaziz. Presidente berriak serioski hitz egin beharko du Mendebaldeko agintariekin; azaldu egin beharko die zazpi urteotan beren dirua alferrik galdu dutela eta beren soldaduak hiltzera bidali dituztela.

Hazara etniako hautagai bakarra zara. Asko aldatu da zuen egoera okupazioa gertatu zenez geroztik?

Hazaren egoera beste edozein afganiarren antzekoa da. Denok ari gara sufritzen. Nire helburua da jendeak ahaztea zein etniatako kidea naizen, garrantzirik ez ematea hazara izateari. Ezagutzen nauen jendeak badaki afganiarra naizela beste ezeren gainetik, eta horregatik aukeratu ninduten Parlamenturako. Nire alde bozkatu zutenen artean paxtuak, tadjikak eta etnia askotako jendea zegoen. Hazara etniako kideek eurek ere ulertzen dute nik ez dudala beren alde egiten, afganiarren alde baizik. Herrialde honen arazoa izan da orain arte etniek euren etnietako hautagaien alde bakarrik egin izan dutela, eta ez hautagai egokienaren alde. Eta horrek eraman gaitu gaur egungo egoerara.

Askok diote gaurko hauteskundeetan iruzur egingo dutela. Zuk ere susmo bera duzu?

Espero dut bozen egunean ez dela inolako indarkeriarik egongo. Baina egia da Karzairen ingurukoek dena prest dutela bozak irabazteko, garaipenaren prezioa edozein dela ere.

Talibanen aurkako gerra izango da, besteak beste, presidente berriaren erronka nagusia. Nola uste duzu amaitukodela gerra hori?

Karzaik, Abdula Abdulak edo Ashraf Ganik irabazten badute, talibanek Afganistanen jarraituko dute, uste dutelako beraiek direla haien aurkako gerra hasi izanaren erantzuleak. Niri, aldiz, ate guztiak irekitzen dizkidate. Badakite ez nuela gerra bultzatu zutenekin bat egin, aukera izan nuen arren. Badakite ez nagoela inoren esanetara. Horregatik uste dut ez luketela nire gobernuaren aurkako gerra bultzatuko.





Zenbakia

6

Erasoak. Kandaharren buruzagi tribal bat eta Reg barrutiko arduraduna hil ziren atzo, bonba bat zapalduta. Gazni eskualdean, berriz, lau polizia hil dira AEBetako armadak egindako bonbardaketan.





Indarkeriari buruzko albisteak debekatu ditu Kabulgo gobernuak

Borrokak edo erasoak izan direla jakiten badute herritarrak ez direla bozkatzera joango argudiatu dute Afganistango agintariek bozak irauten duten bitartean indarkeriari buruzko albisteak debekatzeko. Bi dekretu onartu zituen atzo Hamid Karzai presidentearen administrazioak, Atzerri Ministerioak eskatuta bat eta Barne Ministerioak galdeginda bestea. Bozkalekuak zabalduta dauden bitartean borroken inguruko informazioa zabaltzea debekatzen du lehenak, eta erasoak izan diren tokietara ez joateko eskatzen die kazetariei bigarrenak.

Kazetariek eta giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute neurriek adierazpen askatasuna urratzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.