Egiptoko protestak

Herritarren aurka indarrik ez duela erabiliko dio armadak

Gertukoekin osatu du Mubarakek gobernu berria, eta Konstituzioaren erreforma oposizioarekin negoziatzeko agindu duTrantsizioa bideratzeko, bat egin dute oposizioko alderdietako liderrek

2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ekaitzaren aurreko barealdia izan zen atzoko eguna Egipton. Herritarrek ez zuten atsedenik hartu Hosni Mubarak diktadorearen aurkako protesten zazpigarren egunean; gaurko protestak prestatzen aritu ziren. Izan ere, gaur «milioi bat pertsonaren martxa» egingo dute Apirilaren 6a oposizioko mugimenduak deituta. Talde horrek hasi zituen protestak duela astebete. Anaia Musulmanek eta El Baradeik ere bat egin dute mugimendu horrekin. Horrez gain, lehen aldiz armadak adierazi du herritarren aurka ez duela indarkeriarik erabiliko. Are gehiago, armada «herriaren bidezko eskarien» jakitun dela azaldu dute agiri baten bidez.

Hiriak oraindik ere armadaren zaintzapean badaude ere, egiptoarrek kalean bilduta jarraitzen dute, etxeratze aginduari entzungor eginda. Soldaduek ez dituzte bilkurak desegin. Bestalde, atzotikgreba orokorrak herrialdea geldituta dauka.

Mubarakek hainbat neurri iragarri ditu krisiari irtenbide bat emateko asmoz. Ez, ordea, herritarrek aho batez behin eta berriz eskatu diotena: boterea uztea.Atzo,gobernu berria aurkeztu zuen presidenteak, baina izendapenek ez dute aldaketa handirik ekarri. Ahmed Shafik jenerala larunbatean lehen ministro izendatu zuen, eta harenlehen lana izan da gobernua osatzea. Ahmed Abul Atzerri ministroa eta Husein Tantari Defentsa ministroa postu berean mantentzea erabaki du.

Shafiki erreforma ekonomikoak egiteko eskatu dio Mubarakek, «herritarrek Egiptoko ekonomian berriz uste ona izan dezaten». Horrez gain, Omar Suleiman presidenterodeari eta Shafiki oposizioarekin biltzeko ere exijitu die, Konstituzioaren erreforma negoziatzeko.

Oposizioa, bat eginda

Anaia Musulmanak oposizioko alderdi nagusiak Shafikekin hitz egiteari uko egin dio. Izan ere, Omar Suleiman presidenteorde berria eta Shafik erregimenaren zutarri dira Anaia Musulmanen hitzetan, eta horien eskutik «ez da inoiz erreformarik edo demokraziarik etorriko». Mubarak, Shafik eta Suleiman usteldutako erregimenaren aurpegiak direla adierazi dute.

Bestalde, oposizioko alderdiek bat egin dute krisiari amaiera emateko eta trantsizioa nola bideratu zehazteko. Atzo bertan hamar laguneko batzorde bat eratu zuten armadarekin erregimenaren amaiera negoziatzeko. Helburua da batasun nazionaleko gobernubat eratzea eta ahal bezain laster hauteskundeetara deitzea.

Politikariak negoziatzen dabiltzan bitartean, kaleko egoera ez da baretu. Gauez, makilaz zein labanaz armatutako taldeek dendak eta etxeak harrapakatzen dituzte, etxeratze agindua ez baitute errespetatzen. Polizia, zeina ostiraletik atzera bilduta egon den, atzo berriz ere kalera atera zen. Zenbait kasutan istiluak eragin dituztenak zibilez jantzitako poliziak izan direla salatu dute herritarrek. Poliziaren itzulerak kaosa eragingo zuela uste zuten; izan ere, herritarrekin izandako liskarretan ehundik gora lagun hil dira protestak hasi zirenetik. Oraingo honetan, baina, istiluak eragozteko agindua jaso dute.

Dena den, tiro hotsak gauez zein egunez entzun daitezke. Polizia etxeak erre dituzte zenbait herritan, eta hainbat presondegitan ihesaldi masiboak egon direla diote. Hornikuntza arazoak ere pairatzen hasiak dira, eta horrek segurtasun falta indartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.