Bost aste barru egingo duten erreferendumean independentziaren aldeko botoa emateko asmoa dutenek zeri aurre egiten dioten jakitea da asmoa. Jakin dezatela nola izango diren pausuak, zer egongo den indarrean eta zer ez. Tartean legearen bultzatzaileek jaso dute errepublika berrian Espainiako herritartasuna duten kataluniarrek eutsi egingo lioketeela Espainiako herritartasunari. Gaztelera, gainera, hizkuntz ofiziala izango litzateke. Hori guztia jaso dute gaur Junts pel Si-k eta CUP-ek aurkeztu duten Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legean. Galdeketa egin aurretik onartuko dute, baina egin ondoren sartuko da indarrean, baldin eta baiezkoak irabazten badu.
Lluis Corominas Junts pel Si-ko legebiltzarkidearen iritzian, egoera horretan gaur egungo gobernuak ez luke zilegitasunik izango erabakiak hartzeko, eta hauteskundeak egin beharko lirateke. Errepublikarako lehen Gobernua eratu aurretik Kataluniako Errepublikak izango lukeen egitura juridikoa da legean jaso dutena. "Gardenak izan nahi dugu", esan du, "herritarrek jakin behar dute zein izango den geroko egoera".
Erreferendumean ezezkoak irabaziko balu ez litzateke gaur aurkeztu duten legea indarrean sartuko, baina, orduan ere egin egingo dituzte hauteskundeak; kasu horretan autonomikoak.
Junts Pel Siko Corominasekin batera agertu da prentsaurrekoan Benet Salellas CUPeko legebiltzarkidea. Sarellasek azpimarratu du, orain herritar guztiek informazio osoa dutela esku artean, eta horrekin interpelatzen dituztela erabakia hartzera: "Urriaren 1ean egingo duguna erreferenduma dela bermatzeko lege gisara ulertzen dugu lege hau". Azalpen orokor batzuk besterik ez dituzte eman prentsaurreko horretan, eta gero, beste gela batetara gonbidatu dituzte kazetariak, konplexua den legea ondo azaltzeko intentzioz.
Legea aurkeztu dute, baina ez dute jakinarazi zein modutara egingo duten tramitazioa eta ezta zein egunetan onartuko duten ere. Espainiako Gobernua zorrotz ari da jarraitzen Kataluniakoaren urratsak, ahal duen heinean haren bidea geldiarazteko. Horregatik, Junts pel Si eta CUP oso ondo neurtzen ari dira zer eta noiz esan. Atzo bertan esan zuen azkenengo aldiz Mariano Rajoy gobernuburuak ez duela utziko galdeketa egiten. Eta gaur ere hitz egin du, Trantsiziorako Legea ez dela "inoiz" indarrean sartuko esateko.
Foro Sozial Eratzailea, Konstituzioa egiteko
Kazetariei horretarako prestatutako gelan Gabriela Serra CUPeko diputatuak azaldu die, erreferendumean baiezkoak irabaziko balu, hurrengo egunean bertan indarrean sartuko litzatekeela eratze prozesua. Urte erdi pasatu ostean, Foro Sozial Eratzailea osatuko litzateke, bozetan. Hark legebiltzarraren funtzioak beteko lituzte, eta Errepublikako Konstituzioa osatzeko lana edukiko luke. Konstituzio hori bozkatuko dute gero legebiltzarrean bertan; lehen bozketan 3/5en babesa beharko du onartzeko, eta bestela gehiengoz onartuko da bigarren bozketan. Konstituzioa onartu ostean egingo lirateke behin betiko gobernua osatzeko bozketak.
Corominasek azaldu du zazpi kapitulu dituela legeak, 89 artikulu eta hiru xedapen gehigarri. Adibidez, azaldu du katalan hiritartasuna lortu ahalko dute 2016ko abenduaren 31ko erroldaren arabera, bi urtez Katalunian bizi izan diren espainiar estatuko herritarrek.
Salellasek azpimarratu duenez, legeak "jarraikortasun printzipioa du". Alegia, funtzionarioek ez dute beraien lana galduko, eta haien esku egongo da Kataluniako Justizia sistema. Fiskal Nagusia legebiltzarrak aukeratuko du, eta Gobernutik erabat independentea izango da. Gainera, Kataluniako Auzitegi Gorenak Berme Areto bat izango du. Auzitegi horrek kargurik gabe eta ikerketatik kanpo utziko lituzte subiranotasun prozesua aurrera eramateagatik gaur egun Espainiako Auzitegiek jazarritakoak.
Gainera, pentsioak eta gizarte laguntzak bermatuta daude, legearen arabera.