Kordoba eskola palestinarra Hebron hiri zaharrean dago, Zisjordaniako hegoaldean, eta, goizero-goizero, zazpiak aldera, ikasleen zain dago... «Ez da lehengoa, baina orain ere egoera ez da erraza», diote Hebronen. Haurrek egunero pasatzen dute kontrolgunea, soldadu israeldarrak begira dituztela. Ilaran egoten dira, miatu arte, eta, gero, Tel Rumeidara joaten dira. Lehen, hango kale nagusian palestinar familiak eta dendak zeuden, baina orain israeldar kolonoentzat da, haientzat bakarrik; AEBetatik iritsitakoak dira gehienak, Kaliforniatik.
Said familia beste aldean bizi da. Amak oraintxe izan berri du 11. haurra, eta Sidrak, 5 urteko haurtxoak, kontatzen du bere arabiar eskasean gaur ezin izan dela eskolara joan. Duda hor geratu da. Ezin jakin zergatik ez den joan: beharbada, gaur ez zegoen eskolarik; beharbada, militarrek kontrolgunea itxi dute.
Israeldarren okupazioak eragotzi egiten die adingabe palestinarrei eskolara normal joatea, batik bat aldirik odoltsuenetan —esaterako, I. eta II. Intifadan—, baina gaur egun ere eragozpen bat da. Kokalekua mapako zein eremutan dagoen, aldatu egiten da egoera; baita une politikoaren arabera ere. Palestinako Aginte Nazionala etorri ahala, hezkuntza sistema erlijioso eta ez-mistoa ezarri zuten, eta, gaur egun, ahul dago. Askoren ustez, oker izendaturiko Palestinako Aginte horren egonkortasunik ezak kili-kolo jarri du hezkuntza, oinarriak urriak direlako eta tokiko politikan egonkortasunik ez dutelako. Halabeharraren ironiaz, eta Jasser Arafatek bere garaian esana zuenez, adingabeen hezkuntza lehenetsi izan da betidanik palestinarren politika agendan.
Kafea hartu bitartean, bere aulkian ongi eseri da Abd Al Hakeem A. Jamus, Palestinako Hezkuntza Ministerioko Prentsa Departamentuko zuzendaria. Hamar urtean baino gehiagoan jardun du karguan. «Orain, oso bestelakoa da egoera», esan du Abd Al Hakeemek. «I. Intifadan borrokatzera joandako gazteak ondo prestatutakoak ziren, baina, gaur egun, gabezia handiak daude sisteman. II. Intifadak umezurtz utzi gintuen, belaunaldi oso batekorik gabe. Gure gazteak ondo prestatuta eta hezita badaude bakea lortuko dugula uste izan dute beti Palestinako bizilagunek. Alde handia dago lehengo eta oraingo gazteen artean».
Plazatik metro gutxira dago Ramalako bigarren hezkuntzako PANen eskola. Etengabea da hango auto zarata eta jendearen joan-etorria. Ikastetxeko patioa alderik alde gurutzatu, eta han daude 30 bat nerabe, soinketa egiten. Ondoan dauka Mohammed el Mutar eskolako zuzendariak bulegoa. Ikasle izandako bost martiren argazkiak dauzka hormetan itsatsita. Israeldarrek hil zuten horietako azkena, 2009ko maiatzean; 15 urte zituen.
El Mutarrek 50 urte ditu, eta oso ondo ezagutzen du eskola. Zuzendari jardun aurretik, historiako irakasle izan zen, eta aldi batean Saudi Arabian ere lan egin zuen. Irribarre egin du, hura gogora ekarrita: «Han, bai, ongi bizi dira… ez pentsa! Saudi Arabiara joango bazina, etxean bezalaxe sentituko zinateke. Turistentzako toki bereziak dituzte han, nork bere ohiturak aldatu beharrik gabe». Esandakoa zalantzan jarrita hasi da elkarrizketa, besteak beste, hizpidera ekarrita interesgarria behar duela izan Palestinan historia irakastea. «Tira, zera, irakaslearen araberakoa da hori. Nik gure historia osoa irakasten dut. Jakina, baita 1948koa ere, baina liburuek ez dakarte holakorik. Liburuetan Zisjordania eta Gaza bakarrik aipatzen dira… baldintza horixe jarri dute Europako gobernuek, gure hezkuntzako gastuei aurre egiten lagun diezaguten. Baldintzapeko politikak ezarri dizkigute curriculumean».
Eskolan 650 ikasle inguru dituzte. Giza zientziak ikasteko hautua egin dute gehienek, eta bi urte barru prest izango dira Taujiji edo Palestinako selektibitate azterketa egiteko. Ramalakoak eta inguruko herri txikietakoak dira ikasleen %80. Doakoa da eskola, PANen gainerako eskolen moduan; ia doakoak dira eskola liburuak ere, eta huskeria bat ordaintzen dute horiengatik. Hirurogei ikasle bakarrik daude; erlijio eskolak, beraz, banatuta dauzkate.
«PANen aurretik, ikasleek ezin zuten ikasi», segitu du hizketan Mihammadek. «Okupazio indarrak 30 egunean baino gehiagoan egon ziren hemen kanpatuta. Gaur egun, lasaiagoa da egoera. Ez dute egunero soldadurik ikusi behar, ez eta kontrolgunerik ere. Batzuetan, gehiago dakite hemengo berri Internet bidez. Gurera ere iritsi dira globalizazioa eta teknologiak». Irribarre egin du, patioko txirrina jo bitartean. «Ni baikorra naiz; gure ikasleak ahalik eta ongien prestatuta irtengo dira hemendik, eta azterketak ongi egingo dituztelakoan nago. Batzuetan gertatu ohi da… Israelek gazte gehiago atxilotzen ditu, edo bidea eragozten die kontrolguneetan, azterketa egunak hurbildu ahala. Zaila da nerabeak heztea; eta, hemen, are zailagoa da oraindik, horietako askok estres handiaren pean ikasten baitute».
El Mutar agurtzerakoan, badirudi egunetan solaskide izandako pertsona bat agurtzen dela. Irribarre amultsua ageri du, eta patxada, baina ez da itxura hutsezkoa. 16 urteko gazte palestinarrak gobernatu beharraren irmotasuna nabari zaio. Azken esaldi hauxe oparitu du: «Idatz ezazu egunkarian, neuk kontatu bezalaxe: eguneroko ogia eta hileroko soldata bakarrik irabazi nahi dituzte orain gutako askok. Gure ikasleek ere europar guztien moduan bizi nahi dute». Ez dakit etsipenez-edo ez duen esan.
Gazan eta Jerusalemen
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa arduratzen da hezkuntza eta osasuna emateaz Zisjordaniako ia 800.000 errefuxiatuei eta Gazako milioi bati baino gehiagori. Jordaniako, Siriako eta Libanoko desplazatu palestinarren premiak ere betetzen ditu, jakina; palestinarrek eta nazioarteko gizarte zibilak gero eta gogorrago kritikatzen dute horregatik, baldintza oneko instalazioak urriak direlako edo batere ez dagoelako. Mahmu Badel Jerusalem ekialdeko UNRWAko zuzendariak adierazi duenez, besteak bestek, jende pilaketa eta haurrentzako eskolarik eta jolastokirik eza dira arazorik handienetakoak. «Errefuxiatu palestinarrek, argi eta garbi, hazkunde natural neurrigabea izan dute; gainez egin digu, eta ezin ditugu behar bezala bete haien premiak. Gehienek ez dute ekonomia baliabiderik unibertsitatean ikasteko. Diru laguntzei esker ikasten dute unibertsitatean, nahitaez; horixe adierazi du Badelek.
Bestalde, Jerusalem ekialdetik barrena joz gero, lurraldea judu bihurtzeko Israelen politika-ariketa bat begitantzen zaio edozeini. Israelek lehenetsi egin ditu juduen eskolak, eta gero eta toki gutxiago dago palestinarren eskolentzat, gobernuz kanpoko erakunde kristau batek oraindik orain egindako txosten baten arabera —Palestinako eta Israelgo Laguntza Ekumenikoaren Programa—.
Gazako zerrendak 365 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta milioi eta erdi bizilagun inguru borrokan ari dira Netanyahuk ezarritako blokeo gogorraren kontra. Zaila da kaos horren erdian egunero bizimodu normala egitea, eta are zailagoa Israelgo Gobernuak beste eraso militar bat egiten duen aldiro. Joan den udaberrian, Gazarantz zihoan giza flotilla bati eraso zion Israelek nazioarteko uretan, eta hil egin ziren haren aktibistetako batzuk; laguntza materiala zeramaten, besteak beste, eskolako materiala: liburuak, arkatzak, bolalumak eta koadernoak; denak Mediterraneo itsasoan hondoratu ziren.
Estres handia jasaten ari dira Gazako bizilagunak, batik bat haurrak, horiexek izaki toki horretan gehienak. «Hango irakasleek ez dute gaitasunik haurren estres postraumatikoa hautemateko; beraz, ez dago hori hobetzeko modurik ere. Gainera, zer espero behar dugu Gazako hezkuntzaz, eskolak bonbardatu egiten badituzte, eta debekatuta badago materiala sartzea?». Hala adierazi duAbd Al Hakeem A. Jamousek, Palestinako Hezkuntza Ministerioko Prentsa Departamentukoak (Ramala).
Azkenik, ikastetxe bat ikustea erabakita, eskola amerikar batera joan da kazetaria; pribatua eta mistoa da; lehen hizpide izandako PANen eskolatik gertu dago. Ramallah Friends School du izena. Kartel batean jakinarazten dutenez, 1869az geroztik dihardute irakaskuntzan Palestinan; hori berresteko, agerian dituzte lehenbiziko promozioetan graduatutakoen argazkiak. Diapositiba batzuetan, hainbat tanke britainiar ageri dira zelatan, ikatetxearen gaur egungo tenis pistan. Espazio berde eta jolastoki handi horixe daude bakarrik, eta, antza denez, ez dago besterik; ez, behintzat, Zisjordanian. Ikastetxearen berri harreman publikoetarako departamentuan ematen dute; argibide liburuxka mordoa banatu dituzte, eta horrekin nahikoa izan da irudipen bat egiteko, eskolako zuzendaria ez baitabil inguruan argibideak emateko. «Gaur igandea da», esan du idazkari andreak, «eta itxita dago eskola. Gure ikastetxean ikasle kristauak eta musulmanak ditugunez, ostiralak eta igandeak jaiegunak dira guretzat».
Hizketan segitu du ikastetxearen bertuteen berri ematen; Palestina osoan ez omen da beste inon urritasunen bat —fisikoa zein burukoa— duten ikasleentzako ikasgela bat daukan eskolarik. Gogora ekarri du, gainera, PAN heldu aurretik etikako eskolak ematen zituztela, baina ez erlijio eskolarik —ezeinetakorik—. PAN heldu ahala, ordea, erlijioa irakastera behartu zituzten, Palestinako Hezkuntza Ministerioak onartuko bazituen.
Ramalako eskola amerikarrera egindako azken bisitaldiak aho zapore gozoagoa uzten du beharbada, baina behin-behinekoa besterik ez da. Handik kilometro gutxira, oraindik ez daukate argi gaur goizean eskolara normal joaterik izan ote duten Hebron hiri zaharreko haurrek, Nablusko errefuxiatuen kanpalekukoek, harresiaz bestaldeko herrixketakoek—Betleemgoek— eta Jerusalem ekialdekoek. Israelek bere BPGaren zati handi bat darabil gastu militarretarako, eta horrek eragotzi egiten du palestinarren hezkuntza eskubidea.
Ekialde Hurbila. Hezkuntza
Hesien arteko ikasgaiak
Israelek oso zaila egiten du haur palestinarren egunerokoa, baita ikasteko prozesua ere; goizero, kontrolgunea igaro aurretik miatu egiten dituzte, eta egun bat bai eta bestea ere bai eskolarik gabe geratzen dira gatazkagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu