Preso politiko palestinar zein libanoarren auziak, batetik, eta soldadu israeldar bahituarenak, bestetik, dimentsio berria hartu du Libanon. Izan ere, erresistentzia palestinarrak Gazan atxikitzen duen Gilad Shalit soldaduari Hezbolaren gerrillak atzo Libanoko mugan bahitutako beste bi erantsi zaizkio. Erresistentzia libanoarrak «herri palestinarrarekiko elkartasunean» eta «Israelen eskuetan dauden preso libanoar eta palestinarrak askatzeko» egin du bahiketa. Gainera, ekintza berean beste hiru soldadu israeldar hil ditu, eta beste lau tanke baten kontrako minak hil ditu. «Presoak [arabiarrak] askatzeko promesa beteaz, Erresistentzia Islamikoak bi soldadu israeldar atzeman ditu Palestina okupatuaren mugan», dio Hezbolaren agiriak. Tel Avivek «gerra ekintzatzat» jo du.
Israelgo Armadak berehala erantzun, eta tankeak Libanon sartu zituen. Gainera, auzoko herrialdean «sakon» sartuko zela iragarri zuen. Armadak gutxienez 30 tokitan egin zituen erasoak, airetik zein lurretik, artilleria bidez. Ondorioz bi zibil eta Hezbolako ekintzaile bat hil zituen hegoaldean, Kasmie inguruan.
Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek Libanoko Gobernua egin zuen bi soldadu bahituen ongizatearen erantzuletzat. Bien bitartean, Hezbolako buruzagi Hassan Nasralak esan zuen bi soldaduak «leku seguruan eta onik» zituela bere mugimenduak.
Olmerten esanetan, «eskualdea ezegonkortzen saiatzen» ari da Libanoko Gobernua, eta Hezbolak koalizio gobernuan parte hartzen duela -14 diputatu ditu- gogorarazi zuen. «Israelen erantzuna neurtua izango da, baina oso, oso, oso mingarria» ohartarazi zuen.
Nasralak, aldiz, honela argudiatu zuen soldaduen bahiketa: «Israelek preso dituen libanoar, arabiar eta musulmanak askatzeko eta 10.000 preso palestinarren sufrimenduaz arreta erakartzeko egin dugu». Hezbolak ez ditu bahituak askatuko presoen truke ez bada. «Ezein operazio militarrek ez ditu itzularaziko. Soilik bide batez itzuliko ditugu, zeharkako negoziazioen eta truke akordio baten bidez». Azaldu zuenez, duela bost hilabete hasi ziren bahiketa prestatzen.
«Nazioarteko legeriaren arabera, eskubidea dugu Tel Avivi [Gobernuari] erasotzeko», nabarmendu zuen Nasralak, Israelek Libanoko Shebaa Etxaldeen eskualdea okupatzen segitzen zuela gogorarazita. Libanoko gainerako lurretatik 2000ko maiatzean erretiratu arren (erresistentziaren presioagatik), han jarraitzen du Israelek.
Israelgo Armadako buru Dan Halutzek Beiruteko gobernuari ohartarazi zion Libanoko azpiegiturei erasoko ziela eta «erlojua 20 urtez atzeraraziko» zuela. Ohartarazpena atzo bertan gauzatzen hasi zen. Hala, Kasmien Litani ibaiko zubia suntsitu zuen Israelgo Armadak, baita beste hainbat zubi ere. Gainera, Ras Nakura eta Bint Jbail eskualdeetan Rmeil, Rmeish, Aita Shaab, Rsheif, Blat, Jarun eta Ramia herriak bonbardatu zituen, eta bi argindar planta birrindu. Era berean, Tiro ondoko Rashidie errefuxiatu gune palestinarreko eremu bat eta Sidongo hegoaldean ere hainbat leku bonbardatu zituen. Fkar Ruman New TVko bi kazetari zauritu zituen.
Beirut hiribururaino ere iritsi zen, airez, eta bart gerra hegazkinez hegaldatzen zebilen. Askotan egin izan ditu hegaldatzeak, erasoak egon edo ez.
Hezbolak, berriz, Katyusha kohetez eta morteroz bonbardatu zituen Israelgo Armadaren posizioak eta kokaguneak, Shebaako Etxaldeetan. Gauza bera egin zuen Shlomi hiriaren kontra, Israelen.
Bestalde, Libanoko Gobernuak, larrialdiko bileran, Israelgo Armadak Libanoko hainbat azpiegitura suntsitu izana gaitzetsi zuen, eta NBEren Segurtasun Kontseiluari krisia konpontzeko bilkura egin zezala eskatu zion.
LEHENAGOKO PRESO TRUKEAK. Erakunde nazionalista-islamistak (1982an sortua) Samir Kuntar ekintzaile libanoarraren askapena exijitzen du bereziki. Hau 1979tik dago preso Israelen, Nahariya hirian Israelgo polizia bat eta beste hiru israeldar hiltzeagatik zigortuta.
Azken trukearekin (2004an) hura askatzerik lortu ez bazuen ere, preso andana libre uztea lortu zuen. Izan ere, Hezbolaren gerrillak hiru soldadu israeldar atzeman zituen 2000. urtean. Ekintzan hil ziren, baina lau urtez atxiki zituen gorpuak, eta Israelek preso zituen 430 libanoar eta palestinarren truke eman zizkion Israeli, 2004an.
Hezbolak bi soldadu israeldar bahitu ditu, eta Israel Libanon sartu da
Zazpi soldadu israeldar hil ditu gerrillak; preso libanoar eta palestinarren truke askatu nahi ditu bahituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu