Libanoko Hezbollah taldeko buruzagi Hasan Nasralak oposizioari leporatu dio Sirian negoziazioek aurrera ez egitea: «Oposizioarekin aritu gara, negoziatuz prozesua erraz dezaten eskatu diogu, baina ez du hitz egin nahi. Elkarrizketa baztertu egin du».
«Hasiera-hasieratik erreformak egiteko prest dagoen erregimena daukagu, elkarrizketarako prest, eta bestalde, oposizio bat dago ez duena elkarrizketarik nahi. Erregimena botatzea da nahi duen gauza bakarra, eta hori arazo larria da». Buruzagi xiitaren ustez, gerra zibilak luze jotzeko arriskua ekar lezake egoera horrek, eta oposizioarekin batera nazioartea egin du horren erantzule. Haren arabera, «matxinoak armatzen ari dira Mendebaldea eta hainbat herrialde arabiar, eta zibil asko hil dituzte».
Hezbollahek Al-Assaden aldeko jarrera berretsi du, Libanoren erresistentziaren alde egon delako beti, «eta ez du atzera egin israeldarren edota estatubatuarren aurrean». Hitzok Julian Assangek Russia Today telebista katean egin dion elkarrizketan esan ditu. Sei urtean lehen elkarrizketa da Nasrallahi egin diotena, eta polemika eragin du.
Errusiak ere oposizioaren aldekoen indarren «interesen» lepo jarri du negoziatzeko oztopo nagusia. «Su-etena oso ahula da, eta oposizioa elikatuz Kofi Annanen plana zapuztu nahian dabiltza batzuk», Sergei Lavrov Atzerri ministroak aipatu duenez, «Siriaren Lagunak erakunde ofizialen gainetik jarri nahi dituztenen interesak agerikoak dira».
Siriaren Lagunek berriz, Errusiari leporatu dio armak saltzen jarraitzea Damaskori. Lavrov bera atzo zen bilera egitekoa SNCko oposizioarekin haien jarreraz hitz egiteko.
Behatzaile gehiago
Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak behatzaileen taldea 250era handitzeko eskaera egingo du gaur Segurtasun Kontseiluan. «Nahikoak ote diren beti egongo da zalantza. Nik uste dut ez direla nahikoak egoeraren larritasuna ikusita». Baina behatzaileen kopuruaz gainera, haiek mugitzeko izango duten eraginkortasunean jarri du garrantzia Banek. Horretarako helikopteroak eta beste garraiobide batzuk izateko aukera galdegiten ari da agintariei, besteak beste, Catherine Ashton Europako Batasuneko goi mandatariarekin hitz egin du horretaz, eta «oro har jarrera ona» nabaritu du eskakizunaren aurrean. Momentuz «laguntza militarrik» ez dute aurreikusten, baina Nazio Batuen Erakundeko herrialdeei kontsulta egingo die horren inguruan ere.
Ban Ki-moonek su-etena aplikatzen jarraitzen dutela berretsi du «ahula» izan arren, eta egiazkoa eta sendoagoa dela baieztatzen denean laguntza humanitarioa beharko dela nabarmendu du.
Hezbollah: «Siriako oposizioak ez du hitz egin nahi»
Libanoko buruzagi xiita Hasan Nasrallahek esan du negoziatu ezean gerrak luze jotzeko arriskua dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu