Mexikon agintariak arduratuta daude hiesarekin. Azken datuen arabera, kutsatu berri gehienak, %57, gizonen artean babestu gabeko sexu harremanen ondorio izan dira, eta emakumeen artean ia guztiak, %97, birusa etxean hartu dute, nork bere ohean, senarrak edo bikotelagunak berak kutsatuta.
Nazio Batuen Erakundearen barnean hiesaz arduratzen den erakundeak (UNAIDS) jakinarazi duenez, Brasil eta Mexiko dira Latinoamerikan hiesaren birusarekin bizi diren herritar gehien dituzten herrialdeak, 800.000 eta 200.000 kutsaturekin, hurrenez hurren. Cesar Nuñez erakundeak Latinoamerikarako duen ordezkariak jakinarazi ditu datuak. Kezkagarriena, Nuñezen esanetan, epidemiak emakumeengan hartu duen eragin larria, «euren buruaren jabe ez diren neurrian kutsatuak izateko arrisku handiagoa» dutelako.
Mexikon ere arazo larriak dituzte erretrobirusen kontrako botikekin, industria farmazeutikoek lau bider garestiago saltzen baitizkiote herrialde horri botikak. Osasun ministrorde Mauricio Hernandezek egin du oharra. Haren esanetan, larria da benetan egoera, neurri zehatzak hartzen ez badira, 2012rako amaitu egingo delako hiesarekin bizi diren herritarrei botikak emateko Gobernuak daukan dirua.
Zientzialariak protagonista
Batzarrerako 30.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena, horien artean goi mailako agintariak, hiesaren gaineko azterketak egiten dabiltzan puntako ikertzaileek, epidemiaren kontrako borrokan diharduten gizarte eragileetako ordezkariek, bai eta GIB birusarekin bizi diren pertsonek ere. Mexiko Hirian izango dira, besteak beste, bertako presidente Felipe Calderon eta Osasun ministro Jose Angel Cordoba, NBEko idazkari Ban Ki-moon, Osasunerako Mundu Erakundeko zuzendari Margaret Chan eta birusarekin bizi diren emakumeen defendatzaile Mony Pen.
Aurten, ordea, izen handiko protagonistak etxean utzi, eta hitza gaitzaren inguruan lanean dabiltzan adituei emango diete. Bill Clinton AEBetako presidente ohia eta Julio Frenk Mexikoko Osasun ministro ohia izango dira salbuespen bakarrak.
Ostirala bitartean aztergai izango dituzten gaien artean, 2031. urtera arte epidemiak izan dezakeen garapenaz eta hiesaren inguruko ikerketa bide berriak nabarmendu daitezke. Izan ere, antolatzaileek aurreratu dutenez, industria farmazeutikoak batzarra baliatuko du albiste «larri bat» jakinarazteko.
Gizarte eragileetako ordezkariek, berriz, euren esperientzien berri eman, gainerakoenak ezagutu eta guztien artean hiesaren kontrako eta, batez ere, prebentzioaren aldeko mundu mailako sarea antolatzen ahaleginduko dira. Garapen bidean diren herrialdeek toki bereziak izango dituzte nork bere arazoen eta eskakizunen berri emateko.
Bestalde, GIB birusa dutenek ez dute inolako arazorik izango oraingoan Mexikora sartu eta ekimenean parte hartzeko. Luis Soto batzarrekopresidenteak esan du muga guztietako aduanetan 21 botiken izenekin egindako zerrenda pasatu dietela agenteei, atzerritarrek horiek sartzeko oztoporik izan ez dezaten.