Joan den astean Madrilgo Barajasko aireportuan izan zen istripuaren nondik noraoak ikertzen dabilen batzordeak hilabete barru arte ez du jakinaraziko tragediaren gaineko lehen txostena. Oraingoz ezin dute zehaztu ikerketa noiz bukatuko den. Orain arte ezbeharrean hildako 154 lagunetatik 119 identifikatu dituzte, eta identifikazio lanekin segitzen dute. Beste 18 lagun zauritu ziren, eta horietako bik larri jarraitzen dute. Hildakoen artean hiru euskal herritar daude.
Espainiako Abiazio Zibileko Istripu eta Gorabeheren Ikerketa Batzordeko idazkari Francisco Javier Sotoren hitzetan, ezbeharraren unean lehenbizi hegazkinaren atzealdeak jo zuen lurra, eta horrek zati hori bereiztea eragin zuen; izan ere, asfaltoa duen pistan ez dago gurpilen edo beste piezaren baten arrastorik.
"Atzealdea bereizita, abioiak beste 1.200 metro egin zituen maila ezberdineko lurraren gainean".
Sotok azaldu du distantzia hori gutxi gorabeherakoa dela eta hegazkina gelditu arteko mugimendua adierazten duela. "Aitzitik, pistan eginiko neurketekin, jasotako informazio grafikoarekin, radarrarekin eta GPSaren neurketekin, zehatz-mehatz jakin ahal izango da ibilbide osoa eta airea hartu zuenetik hegazkina zenbat altxatu zen".
Datu horiekin guztiekin, AENAk emandakoekin eta kutxa beltzetik jasotako datu guztiekin hegazkina "une oro" non egon zen zehatz daitekeela erantsi du. Halere, argi esan du informazio hori guztia oraindik ez dutela "prozesatu".
Ikerketaren lehen fasea
Sotoren hitzei jarraiki, hegazkinaren kutxa beltzak kaltetu egin ziren, baina asteazken arratsaldean bertan jaso zituztela zehaztu du. Ostiralean, berriz, Espainiako Ikerketa Batzordeko kide batek behatuta, kutxa beltzak Londresko Aeronautika Ikerketa Batzordera eraman zituztela ezagutzera eman du.
"Ikerketaren lehen fasean gaude, hastapenetan, eta ikerketan aurrera egitean lanak hipotesi batean edo bestean zentratuko ditugu, jasotzen dugun informazioa eguneratu ahala. Oraingoz, espektro zabal batekin ari gara lanean".
Barajasko tragedia
Hilabete beharko dute ezbeharraren gaineko lehen txostena egiteko
Hegazkin istripua ikertzen duen batzordeak airekoko kutxa beltzak Londresera bidali ditu, han azter ditzaten. Dagoeneko 119 gorpu identifikatu dituzte, eta 35 geratzen zaizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu