Hilabete eskaseko epean 600 etxebizitza eraikitzeari ekin dio Israelek Zisjordanian

Kolonietan eraikitzeko debekua amaitu eta hilabete eskasera eraikuntza lanak bizkortu egin dituzte

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hilabete eskas bateko epean 600 etxebizitza eraikitzeari ekin dio Israelek Zisjordanian. Kolonietan eraikuntza lanak egiteko debekua amaitu eta hogei egun pasatxora, beraz, inoiz baina azkarrago ari dira lanean koloniak zabaltzeko. Hagit Ofran Shalom Ajshav (Bakea Orain) Israelgo gobernuz kanpoko erakundeko kideak jakinarazi du zenbakia: «Debekua ezarri aurretik baino lau bider bizkorrago ari dira eraikitzen». Haren ustetan, debekua indarrean egon zen epean eraiki ezin izan zutena eraikitzen ari dira orain kolonoak. Israelek beste 13.000 etxebizitza eraikitzeko baimenak ere eman dituela salatu du Ofranek.

Yariv Oppenhaiemer erakundeko bozeramaileak astelehenean plazaratuko duen txostenak datu zehatzagoak jasoko ditu, baina, dagoeneko, kritika soka luzea eragin du errealitate horrek. Gassan Khatib PAN Palestinako Aginte Nazionaleko eleduna izan da aurrenekoa praktika horren inguruko iritzia ematen. Zenbakia «asaldagarria» dela adierazi du, eta, agerian uzten duela bake prozesuarekiko konpromiso falta. «Israelek negoziazioak serio hartzen ez dituen beste erakusle bat da, okupazioa amaitzea ekarriko lukeelako horrek».

NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbilerako ordezkaria ere kezkatuta agertu da. Robert Serryren arabera, kolonizazio politika horrek urratu egiten du nazioarteko legedia, eta, nazioarteko komunitateak behin eta berriz egindako aldarrikapenen kontrako norabidean doan dinamika da. Baldintza horietan negoziazioetarako beharrezkoa den konfiantza zapuztu egiten dela uste du Serryk. Eta abagune horretan mintzatu da Jimmy Carter ere. Ameriketako Estatu Batuerako presidente izandakoaren hitzetan, «arabiar gutxiengoarekiko» jarrera «kezkagarria» du Israelek; eta bide horretatik jarraituz gero, estatu demokratiko gisa duen sinesgarritasuna galtzeko arriskua du.

Amore eman gabe

Israelek, baina, amore eman ez, eta bere asmoei eutsi die, bake prozesua kolokan jartzen badu ere. Mark Regev Israelgo Gobernuko bozeramaileak esan du kolonien politikak ez duela zertan negoziazioetan eragin, auzi horrek «ez baitu bake akordioa baldintzatzen» helburua ez delako «kokaguneak amaitzea», baizik eta «bakeakordio historiko bat adostea». Haren hitzetan, une honetan auzi guztiak daude mahai gainean, kolonien «auzizaila» tartean. Jerusalem ekialdean beste 238 etxebizitza eraikitzeko baimena eman berri izana ere ez du uste arazoa denik. Barack Obamaren gobernua «etsita» agertu zen orduan, bera sustatzen ari baita bake prozesua, eta palestinarrek uko egin diote negoziatzeari kolonietan eraikitze lanak bertan behera utzi artean. Zuzeneko negoziazioak, hain zuzen ere, debekua indarrean zela abiatu ziren, hogei hilabetez etenda egon ostean; baina une honetan etenda daude berriz ere.

Bada, ordea, debekua indarrean egon zen garaian eraikuntzak eten izana zalantzan jartzen duenik ere. Dauood Hamude Banaketa Hesia Gelditu gobernuz kanpoko erakundeko kideak salatu duenez, lau mila etxebizitza eraiki dituzte hamar hilabete horietan, eta oso nabarmena izan da hori, errepideak, lantegiak eta bestelako azpiegiturak ere eraiki dituztelako. «Zisjordaniako metro koadro bakoitzeko borroka dago palestinar eta israeldarren artean».

Zisjordanian eraikitako ehun kolonietan milioi erdi bat kolono bizi da gaur egun -legez kanpoko koloniak ere badaude, hau da, baimenik gabe eraikitakoak-.



Zenbakia

%30

Negoziazioei sostengua. Palestinarren %30ek begi onez ikusten dute israeldarrekiko elkarrizketak. Negoziazioek porrot eginez gero, erresistentzia baketsua babesten duten herritarrak, berriz, %51 dira.





Giza laguntza zeraman nazioarteko konboia Egiptotik sartu da Gazara

Gazan sartzea lortu dute oraingoan nazioarteko giza ekintzaileek. Egiptoko mugatik sartu dute giza laguntza; Rafako pasagunetik, hegoaldetik. Orotara 137 kamioik pasatu ahal izan dute muga; elikagaiak, botikak, eskolarako materiala, eta medikuntzarako tresnak eraman dituzte. Gora Palestina erakundeak bideratu du ekimena, eta, jakinarazi dutenez, nazioarteko 310 giza ekintzaile sartu ahal izan dira Gazara. Siriako Latakia hiritik joan ziren Egiptora. Al Aris hiriko aireportutik egin zuten bidearen azken zatia. Zaher al Biraui bozeramaileak zehaztu du nazioarteko 30 herrialdetako kideek osatzen dute konboia. Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Grezia, Turkia, Siria eta Egipto zeharkatu dute Gazara iritsi aurretik. Udaberrian, berriz, nazioarteko hogei ontzi abiatuko dira Gazara. Ekimenari Askatasunaren Flotilla II izena jarri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.