Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak hilabeteko epea eman dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari bake negoziazioei berriz ekiteko. Hori egin ezean, Abbasek erran du berriz ere NBE Nazio Batuen Erakundera joko duela Palestina estatutzat onar dezala eskatzeko, iaz egin bezala. Ramallahen jakinarazi dio hori Abbasek Genevako Bake Ekimena taldeko ordezkaritza bati. Israeldar eta palestinar herrietako hainbat lagun ezagunek osatzen dute ekimen hori.
Iazko irailean NBEko organo gorenera, Segurtasun Kontseilura jo zuen PANek, onarpen eske, AEBek betoa paratuko ziola aurrez jakin arren. Oraingoz eskaera hori trabatuta dago, hain zuzen, Washingtonek betoa erabiliko duela argi utzi baitu. Abbasek Genevako Bake Ekimenari jakinarazitakoaren arabera, ordea, oraingoan Batzar Nagusira jotzeko asmoa du PANek. NBEko herrialde guztiek dute ordezkaritza han, eta inork ez du betorako eskubiderik. Batzar Nagusiak, ordea, Segurtasun Kontseiluak baino ahalmen murritzagoa du, hortaz, erakundeko kide ez den estatu izaera onartzeko eskatuko duPANek —Vatikanoak duen estatus bera—. PAE Palestina Askatzeko Erakundea begiraletzat onartzen du orain NBEk.
Ultimatuma eskutitz bidez
Salam Fayyad lehen ministroak Abbasen ultimatuma eskutitz bidez helaraziko dio Netanyahuri bihar. Eskutitzean elkarrizketarako baldintzak azalduko dizkio, horien artean Zisjordanian kolonia gehiago eraikitzeari uztea, eta 1967ko mugak onartzea. Iragan urtarrilean egin zituzten bi aldeek negoziazioei berriz ekiteko azken saioak.
Hilabeteren buruan berriz ere NBEra jotzeko prest dago Abbas
Israelek bake negoziazioei berrekin ezean, estatutzat onar dezatela eskatuko du PANek Batzar Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu