Hilaren 25erako deitu dituzte hauteskundeak Irlandan

Brian Cowen lehen ministroak «hartu beharreko erabakiak» hartu dituztela esan du bere agurreko hitzaldianOposizioa pozik, «sinesgarritasunik gabeko agintaldi txar bat» bukatu delako

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Azkenean, argitu da Irlandan hauteskundeak noiz izango diren, eta, azken egunetako zurrumurruek zioten bezala, hil honen 25erako deitu ditu Brian Cowen lehen ministroak. Duela bi aste martxoaren 11rako deituko zituela iragarri zuen; baina oposizioaren presioaren eraginez, hil honen bukaerara aitzinatu behar izan ditu. Cowenek atzo eman zuen azken hitzaldia Parlamentuan, eta bere bi urteko agintaldiaren jarduna defendatu zuen. «Badakit nire gobernuak hartu dituen erabaki batzuk ez direla gustukoak izan, baina hartu beharreko erabakiak ziren».

Cowenek hauteskunde eguna jakinarazi du Mary McAleese presidenteak Parlamentua desegiteko baimena eman ondotik, prozedurak agintzen duen bezala. Parlamentuko azken hitzaldia agurrerako baliatu du lehen ministroak, eta bere 27 urteko jardun politikoaren errepasoa egin du. Azken bi urteei dagokienez, «proba gogorra» izan dela adierazi du Cowenek, baina «iraganeko okerrak zuzentzeko» eta «herrialdearen etorkizuneko suspertzea bermatzeko» lan egin dutela dio. «Lehen ministro gisa hartu ditudan erabaki guzietan denen ongizatea lortzea izan da nire lehenbiziko kezka». Irlanda iparraldeko bake prozesuan parte hartu izanak, berriz, «harro» sentiarazten diola adierazi du.

Oposizioaren kritika artean

Oposizioko alderdiek «onena» opatu diote Coweni arlo pertsonalean, baina hark agintea utzi eta bozak deitzeak Irlandarentzat aukera berri bat sor dezakeela uste dute. Fine Gaeleko buru Enda Kennyk, adibidez, adierazi du Cowenen agintaldia azkenaldiko «txarrena» modura gogoratuko dela. Sinn Feineko parlamentari Caoimhghin O Caolainek, berriz, salatu du Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren baldintzak «sinesgarritasunik gabeko» gobernu batek inposatutakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.