Hildakoak 3.000tik goiti dira, azken zifra ofizialen arabera
Egunak pasa ahala lurrikaran eta ondorengo tsunamian hildakoen kopurua handigoa da. Oraingoz, zifra ofizialen arabera 3.373 dira hildakoak. Desagertuak, berriz, 6.746 dira; horregatik, agintariek espero dute hildakoak 10.000 ere izan daitezkeela. Erreskatatutakoak 25.000 dira, gehienak lurrikarak kaltetutako zentral nuklearren inguruko lurraldeetakoak. Suntsiketarik handiena iparraldeko Iwate, Miyagi eta Fukushima probintziek pairatu dute. Minami Sanriku herrian (Miyagi), adibidez, agintariek ez dakite deus 7.500 bizilagunen inguruan. Tsunamiak txikitutako herrietako bat da Minami Sanriku. Poliziak uste du, baina, horietako anitz inguruko herrietan errefuxiatuta egon litezkeela. Iwateko probintzian, berriz, ez dago kostako Otsuchi herriko 8.000 biztanleen inguruko informaziorik. Hondamendiaren erdian berri onik ere izan da, Oshima uharte txikian 1.300 biztanle bizirik aurkitu baitituzte, ortziraletik haien inguruko berririk gabe egon ostean. Japoniako Gobernuak 100.000 soldadu bidali ditu kaltetutako eremuetara, erreskate taldeei desagertuak bilatzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu