Giroa baretzetik baino gertuago dago Egipto gerratik. Anaia Musulmanek euren jarraitzaileak manifestaziora deitu dituzte gaur, eta istiluak sortu dira kalean. Gaurkoa Amorruaren Eguna izendatu dute, eta eguerdiko errezoaren ostean ekin diete protestei. Kairoko mezkita guztietatik Ramsis plazara abiatu dira martxa guztiak. Jeremy Bowen BBCk Egiptora bidalitako kazetari berezia Twitter bidez ari da kontatzen Ramsis plazan gertatzen ari dena: "Lau hildako eta zauritu asko ikus ditzaket".
I can see 4 bodies and many bad gunshot wounds.
— Jeremy Bowen (@BowenBBC) August 16, 2013
Asteazkenean Mohamed Mursi kargugabetutako presidentearen aldeko kanpalekuak sakabanatzeko segurtasun indarrek erabilitako bortxa salatu nahi dute horrela. Armadak, berriz, protesten ordua baino lehen Kairoren erdigunean presentzia handitu du, Tahrir plazara ematen duten kale guztiak itxiz.
Giroa OSO OSO OSO gaiztotua. Ez dut inoiz #Kairo horrela ikusi
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) August 16, 2013
Hildako eta zaurituen kopurua goraka doa etengabe. Azken informazioen arabera, sakabanaketa horietan 638 hildako eta 3.700 zauritu izan zirela onartu du gobernuak. Anaia Musulmanek, berriz, baieztatu dute gobernua hildakoen zifra errealetik oso urrun dagoela eta 4.500 direla hildakoak.
Nazioartetik, berriz, arduratuta begiratzen diote Egiptori. Guztiek bide demokratikora itzultzeko eskatu diote Egiptori, eta manifestazio baketsuak bermatzeko eskatu. Atzo, adibidez, Barack Obama AEBetako presidenteak Egipton gertatzen ari dena kondenatu zuen, eta Adli Mansurr Egiptoko behin-behineko presidenteak ez du oso ondo hartu kritika hori: "Gobernuaren, instituzioen eta bestelako egoitzen aurkako terrorismo ekintzei aurre egin behar die Egiptok, dozenaka eliza, auzitegi, polizia etxe eta instituzio publiko zein pribatuak barne". Atzo bertan jakinarazi zuen Hazem el-Beblaui lehen ministroak "sendotasunez" erantzungo zietela egoitza publikoen aurkako erasoei: armadari "benetako munizioa" erabiltzeko agindu zion.