Japoniako agintariek gaur eguerdian jakinarazi dutenez, dagoeneko 10.000 dira aurreko ostiraleko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioz hildako eta desagertutakoak. Gainera, 25.000 pertsona inguru oraindik ere galduta daudela esan du. Kopuru horrekin nabarmen handitu da hondamenaren tamaina, orain arte 3.000 hildako zenbatu baitituzte. Gaur esan dutenez, baina, zenbatutako hildakoak 3.374 dira, eta desagertuta jarraitzen dutenak, 6.746. Hondakinen artean inor bizirik topatzeko itxaropena galdu dute jada.
Salbamendu taldeek lanean jarraitzen dute, hala ere, gorpu bila. Gaur goizean, Oshima uhartean 1.300 aurkitu dituzte, eta Minamisanrikun oraindik ez dituzte aurkitu galdutako 7.500 pertsonak. Miyagiko gobernadoreak esan du erregaia eta ospitaleetako materiala falta dutela, eta azken horietan botikak errazionatzen ari direla. Beilatokiak gainezka daude, eta, argindarra mozten denez, gorpuak egoera onean mantentzeko zailtasunak dituztela esan dute langileek.
Japoniako Gobernuak armada mobilizatu du; soldadu profesionalekin batera, baita milaka erreserbista ere. Nazioartetik boluntario asko ere iritsi da. 2.500 babestoki jarri dituzte, eta etxea utzi behar izan duten herritarrak 500.000 dira. Egoerak okerrera egin dezake, tenperatura jaitsi egingo dela iragarri baitute meteorologia zerbitzuek, eta berogailurik ez dago.
Zati batean fusioa gertatu dela salatu du Frantziak
Arriskua orain Fukushimako zentrala da. Horri dagokionez, Japoniako Gobernua ez dela egia osoa esaten ari uste dutelako susmoa handitu egin du Frantziako Gobernuak gaur. Frantziako Gobernuaren hitzetan, erradiazio arriskua "oso handia" da Japonian. Frantziako Zentral Nuklearren Segurtasun arduradun Andre-Claude Lacostek esan du alerta seigarren mailan dagoela, eta Txernobylgoaren ondoren inoiz izan den ezbehar nuklear larriena dela dagoeneko Japoniakoa. Orain arte bostgarren mailan zegoen, baina azken orduko gertaerek Three Mile Islandeko ezbeharraren aurretik jarri dute.
Frantziak esan duenez bigarren erreaktorea jada ez da irazgaitza, eta zati batean nukleoaren fusioa gertatu dela jakinarazi du. Gaur goizean izan diren bi leherketek "ziurrenik" euste hormak hondatuko zituztela esan du Lacostek, eta horregatik handitu dela erradiazioa. Lurrikara gertatu zenean erreaktore hori gelditu egin zela esan du, eta hainbat orduz ez zela hoztu. "Garbi dago hau hondamendia dela", adierazi du.
Japoniak burua hotz mantentzeko eskatu die Alemaniari, Kanadari, AEBei, Frantziari, Italiari, Erresuma Batuari eta Errusiari, zortzi horiek osatzen duten taldearen bileran. Alarma, ordea, gero eta handiagoa da. Txina Japonian dauden txinatarren ebakuazio masiboa ari da prestatzen, batik bat Miyagi, Fukushima, Ibaraki eta Iwate probintzietatik, BBC telebista kateak albiste agentziak aipatuz jakinarazi duenez.
Goizeko leherketa horien ostean, erradiazioaren inguruko kezka are eta handiagoa da. Japoniako agintariek azken leherketen ondorioz erradiazio isuriak egon direla baieztatu dute. Hain zuzen, osasunerako kaltegarria ez izateko gainditu beharko ez litzatekeen maila zortzi bider gainditu da inguruetan, Kyodo albiste agentziaren arabera, eta zentralean bertan, hirugarren erreaktorean maila hori 400 bider handiagoa da. Adituen arabera, erradiazioaren igoera horrek konponketa lanak oztopa ditzake. "Erradiazio isuri gehiago izateko arriskua handitzen ari da", esan du Naoto Kan lehen ministroak.
Japoniako Gobernuak ere kezka hori agertu du, eta zentralaren gaineko 30 kilometroko aire eremua itxi du. Gainera, herritarrei etxetik ez ateratzeko aholkua eman die, eta leihoak eta ateak ixteko. Tokion ere erradiazio mailak gora egin duela baieztatu dute (zenbait iturriren arabera, hogei bider), eta kaleak hutsik daude. Zenbait lekukoren arabera, gainera, dendetan elikagai eskasia nabaritzen hasi da, besteak beste, ogia eta arroza. Zenbait informazio iturriren arabera, Japoniak Errusiarekin duen mugan ere erradiazioa handitu egin da. Mikroekonomiaz gain, makroekonomian ere eragina izaten ari da Fukushimako krisia, eta Nikei burtsa %10 erori da gaur goizean saioa hasi duenean.
Motoziklismo saria urrira atzeratu dute
Apirilaren 17an Japonian egitekoa zen motoziklismo saria urriaren 2ra atzera dute, lurrikarak eta tsunamiak eragindako kalteak eta egoera direla kausa.