Manifestarien eta polizien arteko borroketan hiru lagun hil dira Tunisian eta beste bost Yemenen.Marokon eta Egipton ere manifestazioak izan dira, eta Aljerian salbuespen egoera altxa zenetik egin nahi zuten lehen protesta indargabetu du Poliziak.
Herritarrek aginte politikoen kontra kalean eginiko protestek ondorio larriak eragin dituzte Yemenen. Adenen, ostiral gauean protesta egileen eta segurtasun indarren artean piztutako borroka gogorren ondorioz, hiru lagun hil dira eta berrogei bat zauritu. Beste bi manifestarik bizia galdu dute, Sanaa hiriburuan, batak, eta Taez hirian, besteak. Biktima horiekin gutxienez hamabost lagun hil dira Ali Abdala Sale presidentearen aurkako protesta oldea piztu denetik.
Salek ziurtatu du agindua eman ziela segurtasun indarrei manifestarien kontra ezekiteko,«modu baketsuan jokatzen direnean». Poliziak manifestarien kontra tiro egin duenik gezurtatudu, indarkerien errua «elementu separatistei» egotzita. Gertakari horiek, dena den, agerian utzi dute Sale presidentearen agintetik alde egitea lortu nahi duten protestak ez direla amaitze bidean. Dozenaka mila herritarrek parte hartu zuten atzo Sanaan eginiko elkarretaratze batean, manifestarien artean, armatuta zeuden leinuetako kide ugari bazegoelarik. Hain zuzen, orain arte Saleh sustengatzen zuten leinuburu andanak, bizkarra ematen ziotela iragarri zuten atzo.
Yemenen ez bezala, aginte politikoa uzkailtzea lortu duten Tunisian, berriz, egoerak gori-gorian jarraitzen du. Tunis erdialdean istilu oso gogorrak egon ziren atzo, Poliziak indarrez nahi izan zuelarik galarazi milaka lagunen protestaldia. Gutxienez hiru lagun hil zituen eta 85 atxilotu. Protesta egileek, Mohamed Ghanutxi lehen ministroaren eta Farhat Rajhi Barne ministroaren agintetik alde egitea exijiten dute, horiek Zine Abdine Ben Ali presidente ohiaren jarraitzailetzat jotzen baitituzte.
Egipton ere herritarren jazarraldiak Hosni Mubaraken agintea uzkaili egin arren, jende asko ez da oraingo egoerarekin konformatzen. Hala, 2.000 lagunetik gora Tharir plazan elkarretaratu ziren atzo, bozak egon artean, teknokratek osatutako gobernu bat eratu egin dadin eskatzeko.
Aljerian, berriz, agintearen aurkako protesta saio bat egon zen atzo Aljer hiriburuan, baina segurtasun indarrek jarraian galarazi zuten. Bahreinen, azkenik, Issa al-Khalifa erregeak hiru ministro kargutik kendu zituen eta bost karguz aldatu, herritarren haserrealdia ematzeko xedean. Oposizioko buruzagi xiita bat itzuli egin da.
Protestak herrialde arabiarretan
Hildakoak Yemenen eta Tunisian, eta istiluak Egipton
Aljerian, elkarretaratze saio bat galarazi du poliziak; Bahrainen, hiru ministro kargutik kendu ditu erregeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu