«Zergatik gertatu da sarraskia? Ba al daukazuerantzunik, presidente jauna?», galdetu dio joan den igandean ustez AEBetako soldadu batek Kandaharren egindako zibilen hilketan bederatzi senide galdu zituen gizon batek Hamid Karzai Afganistango presidenteari. «Ez, ez daukat erantzunik». Horixe Karzairen erantzuna. Kabulgo bere egoitzan hartu ditu presidenteak Kandaharko sarraskiko biktimen senideak eta erasotik bizirik atera ziren lagun batzuk. Haserre agertu da Karzai, telebistako kameren aurrean, eta hilketen ikerketan «ez laguntzea» leporatu die AEBei.
NATOko indarren eskuetan hildako zibilen kasuak «gehiegi» direla esan du Karzaik. Azken kasuari dagokionez, soldadu estatubatuarrari epaiketa publikoa Afganistanen egiteko eskatu du presidenteak. Atzo bertan, ordea, Washingtonek Kuwaiten duen base militarretik AEBetara bidea hartu zuen soldaduak, gero han epaiketa militar bat egin diezaioten. Oraindik ez dute ustezko hiltzailearen nortasunik argitu, baina AEBetako komunikabideak hasi dira hari buruzko datuak argitaratzen, besteak beste, Seattleko 38 urteko sarjentu bat dela.
«Guztia argitzen denean ikusiko dugu estresaren, alkoholaren eta etxeko arazoen arteko nahasketa bat izan zela. Eztanda egin zuen, besterik gabe», azaldu dio—izenik eman gabe— The New York Times egunkariari hilketen ikerketan aritu den funtzionario estatubatuar batek. Hamasei zibil hil zituen gau berean alkohola edan zuen beste bi lagunekin batera, debekatuta egon arren. Soldaduaren abokatu John Henry Brownek azaldu duenez, Dorre Bikien kontrako erasoaren osteko astean sartu zen armadan, 2001eko irailean. «Bere eginbeharra AEBak defendatzea zuela sentitu zuen». Irakeko gerran hiru aldiz egona da, eta buruko traumatismoa izan zuen han; hala ere, Kandaharrera bidali zuten, «bere gogoaren kontra», abokatuaren arabera.
Nolanahi ere, Afganistanen ez dute oso argi soldadu bakarrak ala gehiagok parte hartu ote zuten hilketetan. Sarraskiaren zenbait lekukoren arabera, erasotzaile bat baino gehiago izan ziren igandean Kandaharren, eta halaxe azaldu diote Karzairi. Presidenteak hitzeman die aztertuko dutela hipotesi hori ere.
Azken asteetan soldadu estatubatuarrek Afganistanen egindakoek —koranen erreketek eta hamasei zibilen hilketak— alarma piztu dute Washingtonen. Sarraskiak AEBetako muturreko islamistak erasoak egitera bultza ditzakeela ohartarazi dute FBIk eta AEBetako Segurtasun Nazionalaren Departamentuak. Dena dela, oraingoz ez dagoela mehatxu jakinik nabarmendu dute bi erakundeek argitaratutako agirian.
Helikopteroaren istripua
Afganistanen, bestalde, hamalau lagun hil ziren, atzo, NATOko hegazkin batek Kabulgo Bagrami barrutian izandako istripu batean. Turkiaren helikopteroak kontrola galdu zuen, eta etxebizitza baten gainera jausi zen. Bertan hil ziren helikopteroan zihoazen hamabi soldadu turkiarrak eta etxean zeuden bi zibil afganiar. Ankarak aitortu duenez, ez dago argi zerk eragin duen istripua, baina nabarmendu dute une horretan ez zegoela erasotzailerik inguruan. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Bestalde, herrialdearen ekialdean, Pakistanen mugatik gertu ere hil ziren hainbat pertsona atzo. Nuristan probintzian, Bargi Matal barrutian, borrokak izan dituzte Afganistango poliziek eta matxino talibanek. Borroketan bost polizia eta lau ustezko taliban hil ziren, eta beste bederatzi polizia desagertu egin dira. «Daukagun informazioaren arabera, baliteke falta diren bederatzi poliziak talibanek bahitu izana», azaldu du Ghulamula Nuristani probintziako polizia arduradunak. Afganistanen eta Pakistanen arteko mugan sarri izaten dira borrokak, mugaren bi aldeetara babesten baitira talibanak.
Drogaren gorakada
Bestalde, atzerriko potentzietako soldaduak Afganistanen egoteak baditu bestelako ondorioak ere, Iranen arabera. AEBek gidatuta 2001ean herrialdea okupatu zutenetik droga ekoizpena igo egin dela salatu du Taha Taheri Irango Drogen Kontrolerako Departamenduko zuzendariordeak, NBE Nazio Batuen Erakundeak Afganistanerako duen ordezkari Jan Kubisekin izandako bileran.
«Atzerriko tropek ez dute operazio bakar bat ere egin Afganistango droga mafien kontra, gutxienez azken bi urteetan, eta, soilik iaz, drogaren ekoizpena %7 igo zen», salatu du Taherik. Munduan kontsumitzen den opioaren %97 Afganistanen sortua da, Drogen eta Delituen kontrako NBEren erakundearen arabera. Hain zuzen ere, Iran da Afganistango heroina Europara bidaltzeko pasabide nagusia. Teheranek laguntza eskatu dio nazioarteari, Afganistandik ateratzen den droga trafikoa eteteko.
Hilketak ikertzen ez laguntzea leporatu die Afganistanek AEBei
Hamid Karzai presidentea igandeko sarraskian hildako zibilen senideekin bildu da, eta gogor agertu da WashingtonekinTurkiako hamabi soldadu eta bi zibil afganiar hil dira helikoptero istripu batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu