AEB-ak

Hillary Clintonek lasaitasun itxura eman du, eta garailetzat jo dute

Hillary Clintonek eta Donald Trumpek AEBetako hauteskunde kanpainako aurreneko eztabaida egin dute goizaldean. Lasai agertu da Clinton, eta Trump defentsiban aritzera behartu du arrazakeria eta esperientzia falta egotzita.

2016ko irailaren 27a
09:36
Entzun

Tentsio handiko eztabaida izan dute Hillary Clinton demokratak eta Donald Trump errepublikanoak telebistan. Aurrez aurre talka egiten dute bien asmoek, eta halaxe ikusi dute estatubatuarrek. Tentsio horretan, nolabaiteko lasaitasun itxura ematen asmatu du Clintonek; eta defentsiban jarri du Trump, nahiz eta bere onetik ez duen askorik atera.

Hofstra unibertsitatean egin dute hiru eztabaidetako aurrena, eta, adituen arabera, 42 egun geratzen diren kanpainan, ez du eragin handirik izango, nahiz eta Clinton jo duten garailetzat. Trumpek behin eta berriz eten du Clintonen jarduna, eta gogor egin dio eraso. Clintonek Trumpek baino modu dotoreagoak erabili ditu —Trumpek idazkari deitu dio Clintoni eztabaida osoan—, baina hark ere gogor egin du Trumpen aurka. Adibidez, zergak ez ordaintzea egotzi dio, gogor, eta zergatik ez dituen ordaindu azaltzeko hipotesi batzuk jarri dizkio mahai gainean. Gero, isildu egin da Trumpek erantzun zezan. Hor, ez du oso irmo erantzuten jakin Trumpek. Errepublikanoak demokratari jarri dion estuasunik handiena mezu elektronikoen kontura izan da.

Clintonek eztabaidaren azken unean izan zuen momenturik gorena. Trumpek berak emakumeen eta latinoen kontra esandakoak arpegiratu baitzizkion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.