Minbizia du eta Bartzelonan dago hilzorian, Carlos Hugo Borboikoa (Paris, 1930), Karlisten errege-nahia. Azken igurtzia jaso du dagoeneko. 1975ean, bere aita Javierrek Espainiako Kororako eskubideak abdikatu ostean, Espainiako errege izateko karlisten hautagai izan zen, baita Alderdi Karlistako lehendakari ere.
1976ko martxoan Espainian sartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi autoritate faxistek. Ezkutuan sartu zen Montejurrako erromerian parte hartzera, ezkerreko partidu asko erromeriara gonbidatuz. Egun horretan, bere anaia Sixto Borboikoaren -tradizionalista eta eskuin muturrekoa- aginduetara zeuden Italiako eta Argentinako eskuin muturreko kideek, Carlos Hugo Borboikoaren bi jarraitzaile hil zituzten. Garai hartako Espainiako indar armatuen ezkutuko laguntza izan zuten, ihes egiten utzi zietelako. Orduan, Manuel Fraga Iribarne zen Espainiako Barne Ministroa, eta gertakari horren inguruko azalpenak behin eta berriro eskatu zaizkion arren, ez du erantzunik eman inoiz.
Kontua da, XX. mendeko karlistaden ondotik, Borboi familiaren adar honek Espainiako errege izateko aukera galdu zuela. Carlos Hugo Borboikoa saiatu zen frankismoaren ondoren erregetza lortzen, baina Francok Juan Carlos Borboikoa aukeratua zuen Espainiako errege izateko, Carlos Hugoren lehengusua hain justu.
Calos Hugo Borboikoak berak agur ohar bat kaleratu du eta Alderdi Karlistako kideak agurtu ditu. Bertan "sosegua" eskatu die alderdiko jarraitzaileei, eta "aurrera jarraitzea askatasun proiektuarekin, gure foru zaharren adierazpen moderno gisa".
Politika
Hilzorian dago karlisten errege-nahi Carlos Hugo Borboikoa
Azken igurtzia eman diote gaur, Alderdi Karlistako buruzagi izandakoari. 1976ko Montejurrako erromerian hildako bi lagunak, bere jarraitzaileak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu