«Delinkuentzia mila buru dituen munstroa da, eta mila modutara azal daiteke; lapurreta, erasoa, estortsioa, bahiketa, hilketa». Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak hirietako segurtasun plana aurkezteko baliatu dituen hitzak dira horiek. Herritarren arazo eta kezka nagusia dela argudiatuta, segurtasuna bermatzera 1.500 milioi euro bideratuko dituela aurreratu du agintariak. Urtetik urtera gora egiten ari dira herrialdean gaizkileen erasoak; iaz 17.717 lagun hil zituzten kale erasoetan.
Santosek abian jarri duen segurtasun demokratikoaren planak, baina, hainbat kezka eragin ditu giza eskubideen aldeko eragileengan. Kode penalean hainbat erreforma egin nahi baititu presidenteak, tartean babestutako lekukoak sendotzeko eta talde armatuko kide izatea delitu egiteko. Herritarren kontrako erasoak egiten dituztenak, zentzu horretan, terroristatzat jo ahal izango dira aurrerantzean.
Rodrigo Rivera Defentsa ministroak, bestalde, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek Alvaro Uribe presidente ohia hiltzeko plan bat zutela adierazi du. Victor Julio Suarez Mono Jojoy-ren ordenagailuan asmo horren xehetasunak aurkitu dituztela zehaztu du ministroak -Mono Jojoy FARCeko bigarrena zen, eta duela bi aste hil zuten gerrillaren kontra armadak egindako erasoaldian-.
Uriberen gertuko izandako hainbat aholkulariri, berriz, tartean sei urtez presidentetzako idazkari nagusia izandakoari eta zerbitzu sekretuen buru izandakoari, legez kanpoko entzuketak egiteagatik diziplina zigorra ezarri diete. Epaileak, oposizioko kideak eta kazetariak jarraitzea eta haien arteko elkarrizketak entzutea leporatu diete presidente ohiaren gertuko zazpi laguni.
Eskandalua duela hiru urte piztu zen; hainbat kongresista ustez paramilitarrekin zituzten harremanak ikertzeari ekin zion orduan Justizia Auzitegi Gorenak. Uribe bera ez zuten ikertu,baina legez kanpoko entzuketak eta jarraipenak argitara atera ziren orduan.
Hiriak seguruago egiteko 1.500 milioi euroko plana aurkeztu du Santosek
Kode penalean hainbat erreforma egin dituzte; talde armatuko kide izatea delitua izango da aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu