Beduinoen arazoari irtenbide bat eman behar diogu». Benjamin Netanyahuk horrela arrazoitu zuen ekainean aitorturik gabeko 36 herrixka eraisteko erabakia. Baina zein da arazoa, basamortuan gure tradizioak jarraituz bizi nahi izatea?, ihardetsi zion lehen ministroari Abd al Ataiak ekintzaile beduinoak, eskutitz baten bidez. Ez zuen erantzunik jaso.
Negev (Nakab) desertuko populazioaren %28a osatzen dute beduinoek, baina bazterketa pairatu dute Israelgo estatuaren sorreratik. 1948ra arte basamortuaren zaindaritzat jo ziren tribu beduinoen gehiengoak Egiptora, Jordaniara edo Zisjordaniara alde egin zuen gerraren ondotik. Negeven geratu zirenak, Israelgo hiritargoa eskuratu zuten, baina erregimen militar bat ezarri zitzaien eta jatorrizko eremuaren %2an pilatu zituzten. Zazpi udalerri sortu zituen orduan Gobernuak, eta beduinoen hiritartze prozesua abiarazi zuen, estatu judu berrian asimilatzeko taktika gisa. Beraien herrixketan jarraitzea erabaki zutenei, ordea, legez kanpo bizitzen ari zirela jakinarazi zitzaien. «Erroldaturik ez zeuden sailak laborantza lur gisa erregistratu zituen Gobernuak, eta beduino gehienek euren lurrak galdu zituzten, mendeetan zehar bertan bizi arren, ez baitzituzten ofizialki erroldatuta», dio Al Ataiakek.
Ordutik aurrera, birpopulazio prozesu azkarra bizi du desertuak. Ben Gurion estatuaren aitak amesturiko Negev judutzeko nahiari jarraituz, beduinoen presentzia kontuan izan ez duten hirigintza plan estrategikoak jarri dira martxan. Ondorioz, 130 udalerri, kibutz, baserri eta bizitegi-auzoak eraiki dira. Beersheba, hegoaldeko barrutiko hiriburua ere biziki hazi da azken 50 urteetan, eta autobidearen zein trenbidearen garapenean inbertitu du Tel Avivek. Pinuez osaturiko basoen zantzuak ere ikus daitezke basamortuko paisaian. Al Arakib herrixkako lurretan, adibidez, Juduen Funts Nazionalak babestutako basoa landatzen ari dira egunotan. Bitartean, Negeveko 200.000 beduinoen erdiak, estatuak aitortzen ez dituen 36 herrixketan bizitzen jarraitzen du.
Eraispenen praktika
Netanyahuren gobernuak, legez kanpokotzat jotzen diren herriak suntsitzeko erabakia orain ofizialdu badu ere, etxeen eraispenak iaz hasi ziren areagotzen. Aitortu Gabeko Herrixken Eskualdeko Kontseiluak emandako zifren arabera, astero zazpi bat etxe botatzen dituzte. «Mehatxu erreal gisa definitzen gaituzte, gehiengo judua kolokan jartzen dugulako», aitortu du Jaize Abu Kaff, AGHEKren zuzendariak.
Eraispenen kontrako erresistentziaren sinbolo bilakatu da Al Arakib, iazko uztailetik 25 aldiz bota baitute lurrera. Egun, egurrezko makilek sostengatzen dituzten karpa ilunez osaturiko multzo bat da. «Inork ez du etxe berriak eraikitzeko adorerik, ezta dirurik ere», adierazi du Aziz Saia Abu Madigamek. Familia askok, egoerak gaindituta, aitorturiko udalerrietara alde egin dute, beraien lurretara itzultzeko eskubideari uko eginez. «Herrixka utziz gero, ez dago atzera bueltarik, estatuak berehala okupatzen baititu familia horri dagozkion lurrak». Al Arakibeko populazioa 2.200 lagunetik 300era jeitsi da azken hamar urteotan.
Bertan jarraitzea erabaki dutenak, ordea, hilerriaren inguruan pilatzen dira egunotan, hilobien aurrean. Abu Madigamen iritziz, ukiezinak dira hilerriak: «Ez dut uste hondeatzeko makinak barruan sartzeko gai izango direnik». Bertara mugitzeko erabakiak, «seguruago» sentitzeko pauso bat izateaz gain, beduinoek eremu hori mende batez populatu dutela erakustea du helburu.
Abu Madigamek argi du zertan oinarritzen den biztanleen eguneroko borroka: «Lehen, lurra landu eta ardiak hezten genituen, orain, hemen egotea da gure eginkizuna, ezer egin gabe bada ere, gure lurrak zaintzen».
Eraispenak ez dira, ordea, Israelgo estatuak erabiltzen dituen teknika bakarrak. Maiz, lur eremu estrategikoen truke kalte ordainak eskaintzen dizkiete beduinoei. «Kontraesan itzela da, izan ere, gure lurrak ez badira, zergatik erosi nahi dituzte?», adierazi du Abu Kaff AGHEKko zuzendariak. Baina gobernuaren praktikak haratago joan direla ere salatu dute beduinoek, eta produktu kimikoekin sailak pozoitzen dituztela frogatu ahal izan dute auzitegien aurrean.
Al Arakiben bezala, aitortu gabeko beste 35 herrixketan bizi direnen egoera kritikoa da. Etxeak eraisteko aginduak ia egunero iristen zaizkie, ez dute argi indarrik edota zaborra jasotzeko zerbitzurik. Haurrek, errepide ofizialetara iritsi arte ibili behar dute, eskolara eramango dien autobusa hartzeko. Larrialdiren bat gertatuz gero, anbulantziek ez dute iristeko modurik. Beduinoen heriotza tasa estatuko batez bestekoa baino bost aldiz handiagoa da. «Mapatik kanpo gaude», adierazi du Uadi al Nam herrixkako Ali Abu Sbehk. Ura, Negev desertuko ondasunik preziatuena, tankeen bidez ekarri behar dute, astean behin.
Aldaketa traumatikoa
Baina Israelgo legediak onartzen dituen zazpi udalerri beduinoek ere pairatzen dituzte bazterketaren ondorioak. Oinarrizko zerbitzuak eskasak dira, eta Gobernuak ez du beraien garapen ekonomikoan inbertitzen. Hori dela eta, estatuko pobrezia tasarik handiena dute, eta gainpopulazio arazoa nabaria da herrien fisonomian. Rahat da aitorturiko udalerririk handiena —55.000 biztanle— eta zerbitzu gehien eskaintzen dituena, baina inguruko kolonia juduek ateratzen dioten aldea handiegia da bertan bizi direnek sufritzen duten ostrazismoaz ez jabetzeko. «Rahateko batezbesteko adina 14 urtekoa da, baina %60koa da eskola porrota, beraz, zein etorkizun eskaintzen ari gatzaie gazteei?», nabarmendu dio BERRIA-ri Faiz Abu Kahiban hiriko alkateak.
Hiritartze prozesu inposatuak, bestalde, badu ondorio sakonago bat beduinoengan, Mona Hbanen psikologoak «bizimodu antagonikoen arteko talka» gisa definitzen duena: «Komunitate kontserbadorea osatzen dute beduinoek, eta benetako krisi soziala eragin die hiritartzeak». Bizitza estilo urbanoa, lurrarenganako harremanean oinarriturik dagoen komunitatearekin bat ez datorrela ziur dago psikologoa. Eta aldaketa «traumatiko» horri egozten dio aitorturiko udalerriek pairatzen duten indarkeria eta droga kontsumo tasa altua. Hbanenek hala ikusten du: «Kultura beduinoarekiko ezjakintasuna eta mespretxua erakutsi du Israelgo Gobernuak, eta horren ondorioak sufritzen ari gara».
Hiritartzera behartuta
Israelek Negeveko 36 herrixka beduino botako dituela iragarri du, legez kanpokoak direla argudiatuta; basamortuko 200.000 biztanleen erdiek bertan bizitzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu