Irak

Hiru bonba-auto eztandarazi dituzte Bagdaden, eta gutxienez zazpi lagun hil dira

Azken egunetako eraso oldearekin aurrera jarraituz, hiru bonba-auto zartarazi dituzte gaur goizean Bagdaden, eta gutxienez, zazpi lagun hil dira eraso horietan. Irakeko Polizia izan da atentatu horietako biren jomuga, eta AEBetako patruila militar bat hirugarrena. Hala ere, hildakoen artean bakarra da polizia; gainerako seiak zibilak direla nabarmendu dute iturri ofizialek.

2006ko otsailaren 16a
11:26
Entzun
Erasoetako lehena Bagdad erdialdean egin dute, Al Karada kalean: Irakeko Poliziaren patruila bat igarotzen ari zela bonba-auto bat leherrarazi dute, eta polizietako bat hil du. Halaber, hiru zibil zauritu dira.

Antzeko erasoa egin dute Irakeko Poliziako goi kargu baten konboiaren aurka, baina kargundun hori zauririk gabe atera da atentatutik. Hala ere, hiru zibil zauritu ditu eztandak.

AEBetako Armadaren patruila bat ere erreboltarien jomuga izan da Bagdad iparraldeko Shula auzoan. Bonba-auto bat erabili dute haien kontra ere, baina iturri ofizialen arabera, militar estatubatuarrak barik, sei zibil hil dira eztandan. Halaber, hamaika zibil zauritu ditu. Aipatutako iturriek agertu dutenez, atentatuaren ondoren erreboltarien eta AEBetako soldaduen arteko enfrentamenduak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.