Hiru lagun hil dituzte gaur Sirian Bashar al Assad presidentearen segurtasun indarrek. Giza-eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, atzoz geroztik indarkeria areagotzen ari dira protestagileak sakabanatzeko, nahiz eta gaur amaitzen den Liga Arabiarrak zibilen aurkako indarkeria eteteko asteazkenean eman zuen hiru eguneko epea.
Atzo 25 lagun hil ziren, eta aste hau bereziki odoltsua izaten ari da. Giza-eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, atzo tankeak Jabal Zauia-n indarrez sartu ziren, eta argindarra eta telefono zerbitzua eten zituzten. Shaizar-en ere armadak zibilen aurka tiro egin zuela salatu dute. Gainera, lehen aldiz armak isilgarriekin erabili dituztela salatu dute.
Hiru eguneko epea eman zuen Liga Arabiarrak asteazkenean. Siriak onartu egin du Liga Arabiarrak bidali nahi duen behatzaileen misioa, beti ere "programan zenbait aldaketa" egiten bazituzten. Hala ere, zibilen aurkako indarkeria eteten ez badu, zigorrak ezarrio dizkiola Siriari iragarri du Liga Arabiarrak.
Astelehenean, gainera, Erresuma Batuko Atzerri ministroa Siriako matxinatuen ordezkariekin bilduko da Londresen. Siriaren aldaketa demokratikoaz mintzatuko direla iragarri dute. Erresuma Batuko lehen ministroaren bulegoko iturriek esan dute harremanak "estutzen" ari direla azken aldian. Aste honetan Errusiak gerra zibil egoera bizi dela Sirian esan du, eta gaur goizaldean Hillary Clinto AEBetako Estatu idazkariak esan du gauza bera.
Oraindik esku-hartze militarrik iragarri ez bada ere, Turkiak jada aurreratu du ez duela horretan parte hartuko.