Lekuko eta Poliziaren arabera, detonagailuak izan ziren leherketak eragin zituztenak. Horiek, baina, ez zeuden lehergailura konektatuta. Ondorioz, eztandak txikiak izan ziren. Segurtasun indarrek ez zuten argitu lehergailuak zein motatakoak ziren. Hala ere, hilaren hasierako leherketetakoak baino ahulagoak zirela zehaztu zuten.
Susmagarrien bila
Ustezko ekintzailea Warren Streeteko geltokitik irten eta Londresko Unibertsitate Eskolako Erietxera sartzen ikusi zuten lekukoek. Poliziak erietxea inguratu zuen. Zenbait iturriren arabera, armatutako agenteak ospitalera sartu eta asiar itxurako gizon batengatik galdetu zuten. Hura ikusiz gero, segurtasun indarrei deitzeko eskatu zieten erietxeko langileei.
«Bagoi batean nengoen eta kea usaintzen hasi nintzen. Zerbait erretzen ari balitz bezala. Jendea izututa zegoen. Asko garrasika eta korrika batean irten ziren», esan zuen Sosiane Mohellavik. Warren Streeteko geltokian zegoen. Autobuseko leherketa Columbia Road eta Hackney Road kaleen bidegurutzean izan zen. Bi pisuko autobuseko gidariak eztanda txiki bat entzun zuen eta ibilgailua geldiarazi zuen. Goiko pisura igo zenean, leiho batzuetako kristalak apurtuta zeuden. Poliziak ukatu egin zuen halakorik. Ovalen zeudenek gizon bat ikusi zuten metroan sartzen. Poltsa bat zeraman eskuetan, baina metrora iritsi zenean hura han utzi eta ihes egin zuen. Jendea hura gelditzen saiatu zen, baina ez zuten lortu. «Xanpain botila bat irekitzen denean egiten duen soinuaren antzekoa entzun nuen», azaldu zuen lekuko batek. Zerbait erretzen ari denean duen usainaren antzekoa ere nabaritu zuten lekukoek. Zenbait iturriren arabera, ekintzaileak pistola bat zuen eta harekin bonba leherrarazten saiatu zen.Poliziaren arabera, leherketa guztiak ia batera izan ziren, duela bi aste bezala. Eztandak izandako lekuetan ez zutela arma kimiko, biologiko edo radiologikorik aurkitu zehaztu zuten segurtasun indarrek. Hasieran, herritarrei zeuden lekuan geratzeko eskatu zien Polizia Metropolitanoko buruak, baina arratsaldean, egoera kontrolpean zegoela zehaztu zuen. «Ekintzaileen bila ari gara», jakinarazi zuen Ian Blairrek.Downing Streeteko 10. zenbakitik gertu, Whitehallen, bi lagun atxilotu zituzten. Baina ukatu egin zuten atxiloketek erasoekin zerikusia zutela. Segurtasun indarrek Downing Street ere inguratu zuen, segurtasun neurri gisa. Bestalde, Westminsterreko metro geltokia hustu zuten.Iturri ofizialen arabera, Shepherd's Bushen eraso suizida bat egiten saiatu zen ekintzailea, baina ez zuen lortu eta ihes egin zuen. «Atentatu saioak izan dira. Lehertu gabeko bonbak aurkitu ditugu. Jendea hiltzeko asmoa zuten, baina ez dute lortu», azaldu zuen Polizia Metropolitarreko buruak.
Krisialdi batzordea
Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek krisialdi batzordearen larrialdi bilera egin zuen atzo. Atzerri ministro Jack Strawk ere hartu zuen parte bilkuran. Cobra Batzordea du izena talde horrek eta Gobernuko, zerbitzu sekretuetako eta Poliziako kideek osatzen dute. Ian Blairrek gertakariak larriak zirela esan ostean antolatu zuen bilera lehen ministroak. Blairrek bertan behera utzi zituen bazkalosteko zenbait ekitaldi.
Indarkeriaren aurkako neurriak lehenbailehen indarrean jartzearen garrantzia nabarmendu zuen atzo Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok. «Hunkituta gaude oso. Atentatua Londresen, Erresuma Batuaren eta Europa osoaren aurkakoa izan da eta baita demokraziaren eta Europako Batasunak defendatzen dituen balioen aurkakoa ere». Europako Justizia eta Barne komisario Franco Frattinik ere erasoa salatu eta «terrorismoaren aurkako neurriak» ahalik eta azkarren indarrean jartzearen garrantzia nabarmendu zuen.
-
Gertatutakoa pausoz pauso
12:38 (13:38 Euskal Herrian): Ovalko geltokira abiatu ziren anbulantziak. Poliziak geltokia hustu zuen.
12:45: Warren Streetera iritsi ziren anbulantziak. Handik bi minutura geltokia hustu zuten.
13:11: Shepherd's Busheko geltokia hustu zuten, motxila susmagarri bat aurkitu ostean.
13:21: Warren Streeteko metro geltokitik kea ateratzen hasi zela esan zuten suhiltzaileek. Pertsona bat zauritu zen, ustez, ekintzailea.
13:25: Londresko Metroak hiru lineatako zerbitzuak bertan behera utzi zituen: Hammersmith & City, Victoria eta Northen.
13:42: Columbia Road eta Hackney Road kaleen artean zegoen 26. lineako autobusean ere leherketa bat izan zela berretsi zuten iturri ofizialek.
13:48: Westminsterreko metro geltokia hustu zuten.
14:11:Londresko Unibertsitate Eskolako Erietxea inguratu zuten segurtasun indarrek.
15:25: Bi susmagarri atxilotu zituzten Downing Streeteko 10. zenbakitik gertu Tony Blairren egoitza, Whitehallen.