Onik atera ziren herenegun arratsaldean bai Frantziak Danimarkan duen enbaxadorea eta baita harekin batera jardunaldietan parte hartzen ari zen Lars Vilks marrazkilaria ere. Hala zabaldu zuen François Zimerayk berak sare sozialen bidez.
Still alive in the room
— Frankrigs ambassadør (@francedk) February 14, 2015
Berlingsken egunkariak zabaldu zuenez, aurpegia estalita zuen gizonezko kaputxadun bat sartu zen jardunaldiak egiten ari ziren Kopenhageko aretoan eta tiroka hasi zen. Polizia iturrien arabera, gutxienez 20 eta 40 tiro egin zituen ihes egin aurretik. Erasoan 40 urteko gizonezko bat hil eta hiru polizia arin zauritu zituen.
Atzo goizaldean, berriz, beste tiroketa bat izan zen hiriburuko sinagoga baten atarian. Erasoan zibil bat hil zen eta bi polizia zauritu.
Bi atentatuen ostean, segurtasun indarrek zaintzapean jarri zuten Norrebro auzoa, ustezko erasotzailea agertu zain. Hura agertu zenean, ordea, tiroka hasi zen Polizia jarraika zuela ohartuta, eta segurtasun indarrek tiroz hil zuten. Hildakoa 22 urteko danimarkarra da.
Bi atxilotu
Tiroketak izan ostean, Konpenhageko poliziak bi lagun atxilotu ditu gertakariekin zerikusi dutelakoan.