Igandean gertatu zen tiroketa, Baton Rougen (Ameriketako Estatu Batuak) 08:40 inguru zirela. Orduan eman zioten abisua Poliziari gizonezko bat Airlineko errepidean zegoela, fusil bat eskuan zeramalarik. Poliziak bertara joatean, gizonezkoa tiroka hasi zitzaien. Horietako hiru hil ditu.
Gavin Eugene Long izen-abizenekin identifikatu dute erasotzailea, eta hura ere tiroz hil zuten poliziek. 29 urte zituen eta soldadu ohia zen.
Erasoaren zergatiei buruzko xehetasunik ez dute eman. Hala ere, Alton Sterling 37 urteko gizonezko afro-amerikarra hil zuten hirian izan da erasoa. Uztailaren 5ean hil zuten bi poliziak Sterling; hura atxilotzen ari zirela, lurrean zuten Sterling, baina tiro egin zioten. Horrek protesta ugari eragin ditu azken egunetan. Gainera, Dallasen beste gizonezko batek bost polizia hil zituen duela astebete, kasu horretan ere Poliziak beste afro-amerikar bat hil zuela-eta.
Obamaren batasun deia
Erasoaren ostean, "hitzak neurtzera" eta "elkartuta egotera" deitu du Barack Obama AEBetako presidenteak: "Oso garrantzitsua da, alderdi politikoa, arraza edo lanbidea edozein dela ere, elkartzen gaituzten hitzak erabiltzea".