Pauline Marois

Hirugarren aukera?

2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ibilbide politiko luzeko emakumea da Pauline Marois (Quebec, 1949) PQ alderdi independentistan. 1981etik, lehen aldiz diputatu aulkia lortu zuenetik, PQko aurpegi ezaguna da Marois, baina lehendik ere subiranotasunaren alde aritua da. 63 urte ditu, ezkonduta dago eta lau seme-alabaren ama da. Herritar askok Rene Levesque eta Jacques Parizeauren oinordeko politikotzat jotzen dute. Quebeceko lehen ministro izan ziren biak, eta eurek deitu zituzten independentziari buruzko erreferendumak 1980an eta 1995ean, hurrenez hurren. Ezezkoa gailendu zen bietan, baina oso tarte estuarekin bigarren saiakeran. Maroisengan galdeketarako hirugarren aukera ikusten dute askok. Berak, ordea, ez du argitu legealdi honetan galdeketarik egiteko asmorik ote duen. Lucien Bouchard Quebeceko lehen ministroak 1998an hartutako jarrera bera hartu du: «garaipena ziurtatuta dagoenean» deituko ditu herritarrak.

Maroisek argi esan duen gauza bakarra da «gobernu subiranista» osatuko duela, eta eskumen gehiago eskatuko dizkiola Kanadako Gobernuari. Zenbait adituren arabera, eskumenen inguruan Quebecek eta Ottawak izan ditzazketen negoziazioek tentsioa eragin dezakete, quebectarren artean independentziaren aldeko aukera indartuz. Stephen Harper Kanadako gobernuburuak lasaitua hartu du hauteskundeen emaitzak ikusita, baina Maroisen estrategiak laster urduritu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.