Hirugarrenean, agidanez

Gehiengo osotik gertu jartzen dute inkestek CiU; abstentzio altuak, baina, kalte handia egin diezaioke Artur Masen alderdiari

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Duela lau urte haserre ziren CiU Convergencia i Uniokoak, bozak irabazi arren, hirukoak Generalitatetik at utzi zituelako bigarren aldiz jarraian. Denboraren joanak erakutsi du, ordea, euren mesedetan izan zela erabakia, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak eta ICV-EUiA Iniciativa per Catalunya-Verdsek osatutako koalizioak porrot egin baitu, eta, bide batez, baita herritarren babesa nabarmen galdu ere. Horiek hala, badirudi hirugarrenean berea izango duela saria Artur Mas CiUko zerrendaburuak. Gehiengo osotik gertu jartzen dute inkestek, betiere, parte-hartzea handia bada; aldiz, abstentzioa gailenduz gero -%54-56 bitartekoa izango dela iragartzen dute-, alderdi txikientzat izango litzateke mesede, eta, ondorioz, eserleku gutxiago izango lituzkete eskuineko nazionalistek. Horregatik, eta garaipena ziurtzat emanez, jendea mugiarazteari ekin diote convergenciakoek azken astean. «Aldaketa posible da, dagoeneko abian da; baina errealitate bilakatuko bada, igandean bozkatzera joan behar dugu. Katalunia batzen bada, ahal du», zioen Masek herenegun, Sant Fruitos de Bagesen.

Ez dira hauteskundeok irabazitzat ematen dituzten bakarrak, hala ere. PSCko buru eta Generalitateko orain arteko presidenteak, Jose Montillak, amore eman duela dirudi. Hasiera-hasieratik egin zion uko hiruko beste koalizio bat osatzeari, horrek galbidetik aterako zuen itxaropenarekin. Ez zen, ordea, nahikoa izan, eta bozetara aurkezten zen azken aldia izango zela iragarri zuen, hala hautesleak suspertuko zituelakoan. Madrildik ere anaia nagusiaren laguntza izan du, bai kanpaina hasierako ekitaldian, baita bukaerakoan ere -Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez izan zituen aldamenean ostegun gaueko agerraldian-. Zenbakiak, ordea, ezkorrak dira oraindik. Horien arabera, egun dituzten 37 diputatuetatik zazpi edo zortzi galduko lituzkete.

Estatutuaren porrotak egin die kalte gehien sozialistei. Hirukoaren izar distiratsua izan behar zuena harri koskor bilakatuta itzuli zen Madrildik, eta, hain zuzen ere, sozialistak izan ziren aldaketa horren erantzule. Katalanen borondatea errespetatuko zuela hitzeman zuen hark berak moztu zizkion hegoak amets autonomistari, eta, askoren iritziz, PSC ez zen gai izan atsekabe horri aurre egiteko.

Erasoen kanpaina

Hauteskunde egunaren aurreko asteak euren programak aurkeztu eta defendatzeko erabili ohi dituzte hautagaiek. Horietan, baina, ohikoagoak izaten dira elkarri egindako erasoak proposamen berritzaileak baino, baita Kataluniakoan ere. Dena den, faborito gisa, Mas bera izan da eraso gehien jasan duena. Sant Pere de Ribesen egindako ekitaldian, esaterako, herritarren borondatea «arbuiatzea» egotzi dio Montillak CiUko hautagaiari. «Eskuinak hauteskundeak irabazi dituela sinestarazten ahalegintzen direnek herriaren borondatea gutxiesten dute. Gaur egun alderdi guztiek boto berdinak dituzte». Kanpaina osoan Generalitateko buruak behin baino gehiagotan gogorarazi ditu, baita ere, CiUk Alderdi Popularrarekin hitzartutako akordioak, baita galdetu ere Parlamentuan gutxiengoan geratuz gero gauza bera egingo ote lukeen.

Dena den, kritika zaparrada bi norabideetakoa izan da. Tarragonan egindako mitinean, gobernu «ahula eta zorpetua» nahi izatea egotzi die Masek sozialista eta popularrei. «Gure gobernuak ez du sektarismoa bultzatuko, ez da CiUren esanetara egongo, Kataluniako herri guztiaren zerbitzura baizik».

Hala ere, azken astean polemika gehien eragin duena Mas eta Montillaren arteko huts egindako aurrez aurrekoa izan da. Hainbat eguneko tirabiren ostean, joan den igandean Bartzelonako TV3 katean egindako mahai-inguruan adostu ziren bi aldeak eztabaida egiteko. Beste alderdiek, ordea, «baztertzailetzat» jo zuten erabakia, eurak kanpoan uzten zituelako, eta auzitara jo zuten. Azkenean epaileek gelditu zuten lehia, argudiatuz halako zerbait egiteko bost egun lehenago aurkeztu behar zela eskaera. Hori, baina, salaketa eta eraso gehiagorako argudio bilakatu zen. «Galdera bat geratzen da airean: Montillaren estrategia baten ondorio izan da hau? Generalitateko presidenteak benetan aurrez aurrekoa nahi izan balu, ez zen aitzakiatan galduko», kritikatu zuen CiUko kanpaina arduradunak, David Madik.

Biktima nagusia

Boz hauetan inoiz baino alderdi independentista gehiago aurkeztuko diren arren -lehen aldiz izango dira zerrendetan Solidaritat eta Reagrupamenteko hautagaiak-, inkestek benetan emaitza txarra iragartzen diote orain arte Parlamentuan independentziaren alde egin duen alderdi bakarrari, ERCri, alegia. Zenbakien arabera, PP eta ICVren atzetik eta egun dituen diputatuen erdiekin geratuko litzateke Joan Puigcercosen taldea. Hark, gainera, prezio garestia jarri dio koalizio posible bati, izan ere, ohartarazi du ez dela elkartuko independentziari buruzko erreferendumik babesten ez duen inorekin.



«Konstituzionalaren sententzia argia da; Espainian ez gaituzte nahi guk nahi genukeen eran»

ARTUR MAS
Convergencia i Unioko zerrendaburua




«Herrialde ezkertiarra da gurea; ez dut onartuko mozorrotutako muturreko eskuinak agintzea»

JOSE MONTILLA
PSCko hautagaia eta Generalitateko presidentea




%65

Kontzertu ekonomikoa. Espainiako Konstituzionalak Estatutua murriztu zuenean, ezabatu egin zuen Kataluniak kontzertu ekonomiko propioa edukitzeko aukera. Hala ere, herritarren %65 Hego Euskal Herriaren antzeko finantzaketa sistema izatearen aldekoak dira.





Katalanezko 'Ara' egunkariak gaur hasiko du bere ibilbidea

Kataluniako Generalitaterako hauteskundeekin batera etorriko da katalanezko Ara egunkaria ere. Kazeta gaur izango da lehen aldiz kioskoetan eta Interneten. Egunkari katalanista eta independente moduan sortu denak etorkizunean Herrialde Katalanetara zabaltzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.