Mitt Romney errepublikanoen presidentegai nagusiaren bost semeetako bat ageri da irudian, Craig Romney, gaztelania arinean: «Nire aitaren pentsamendua zein den azaldu nahi dizuet. Garrantzi handia ematen dio gurea etorkinen nazioa izateari. Nire aitona George Mexikon jaio zen. Nire familiarentzat, elkarri diogun errespetuan eta elkarri ematen diogun laguntzan oinarritzen da AEBetako handitasuna, nondik gatozen begiratu barik». Asteon aurkeztu du Etorkinen herrialdea iragarkia Alderdi Errepublikanoak, Ipar Karolinako, Ohioko, Floridako, Nevadako eta Coloradoko telebista kateetan emango duten gaztelaniazko bederatzigarrena. AEBetako gutxiengo handiena osatzen dute hispanoek —50,5 milioi ziren 2010ean—, eta haien botoak irabazteko lehian dabiltza errepublikano zein demokratak.
Batez ere hispanoek presentzia handia duten estatuetan dago borroka mediatikorik handiena. Nevadan, Coloradon edo Arizonan irabaziz gero, esaterako, Barack Obama presidenteari asko erraztuko litzaioke bigarren agintaldia lortzeko aukera, tradizionalki erabakigarri izan diren Wisconsinen edo Ohion galdu arren.
2008ko bozetan garaipena lortzeko hispanoen babes nabarmena izan zuen Obamak, baina lau urteren ostean ez du agindutako aldaketarik egin etorkinen legean, eta desengainatuta daude hispano asko. Hilaren hasieran Gallup etxeak argitaratutako inkestaren arabera, hispanoen %66k bozkatuko dute Obamaren alde. Baina Quinnipiac Unibertsitateak argitaratu berri duen galdeketaren arabera, hispanoen %59k bozkatuko dute demokrataren alde, eta %30ek errepublikanoaren alde. Itzaliz doa, hortaz, Obamak duela lau urte komunitate horretan piztutako ilusioa.
Haien babesaren garrantziaz jabetuta, bi hautagaiak ari dira etengabe keinuka hispanoei. Gaztelaniazko web orri bana sortu dute euren proposamenen berri emateko, eta errepublikanoek bezala demokratek ere hispanoen hizkuntzan egin dituzte iragarkiak telebistarako zein sarerako.
Hispanoa presidenteorde?
Nolanahi ere, adituen arabera, gaztelaniazko mezuek ez dituzte hispanoak konbentzitzen, eta aurrez pentsatutakoa bozkatuko dute. «Obamak duen babesa bere alde erakarri nahian ari da Romney. Obama, berriz, hispanoen artean orain arte izandako babesari eusteko ahaleginean dabil», Mark Sawyer Kaliforniako Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslearen ustez.
Hispanoei hitz egiterakoan neurritsuago aritu arren, Romneyk immigrazioaren kontrako diskurtso gogorra izan du beti, eta haren alde gogor hori nabarmentzen ari dira demokratak hispanoen babesa berreskuratzeko. Azken unean, gainera, beste tresna politiko batez jabetu da Obama Romneyri eraso egin eta hispanoak limurtzen saiatzeko: Auzitegi Gorenak Arizonako Immigrazio Legeko puntu gehienen kontra ekainean onartutako epaia. Garaipen politikoa izan zen presidentearentzat, etorkinak gaizkile bihurtzen zituen legearen aurka egin zuelako, estatuek immigrazio arloan legerik egiteko eskumenik ez zutela esanez.
Beste aldean, Tea Partytik iritsi da azken keinua. Kontserbadore muturrenekoek Marco Rubio Floridako senataria proposatu dute Romneyren presidenteorde izateko. Jatorri kubatarra du Rubiok, eta hispanoengana hurbiltzeko balioko lioke alderdiari. Hala ere, ez du oso harreman ona Romneyrekin, eta berea izango da presidenteordetzarako hautagaia aukeratzeko azken erabakia abuztuko konferentzian.
Hispanoen botoaren bila
Errepublikanoek eta demokratek AEBetako gutxiengo handienaren babesa lortzeko kanpaina indartu dute estatu funtsezkoenetanAzken inkesten arabera, hispanoen %59k Obama babestuko dute eta %30ek Romney
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu