Historia ez da betikoa izan

San Joseko 33 meatzariak onik diren arren, Txileko meategietako segurtasun egoera kaskarra dela ohartarazi dute sindikatuek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Luis Urzua meatzariarekin amaitu da zulo beltzean bertan irudikatutako itxaropena. Esperanza kanpalekuan, Luis Piñera presidente hunkituak berak jarri dio sarraila infernuko ateari, enfasia jarriz «hau ez da zigorrik gabe geratuko» esaldian, meategia zabalik egon izana arduragabekeria ofizial bat izan dela aipatu gabe. «Erantzuleek ardurak bere gain hartu beharko dituzte». Copiapon, hiririk gertuenean, festahandia izan da, Santiago hiriburuan Italia plazan bezalaxe, ereserkia kantatuz, futbol garaipen handiak izaten direnean bezala: «Txileko eran egin dugu», agintariaren ateraldia. Amaiera zoriontsua, historikoa izan da, betiko istorioa errepikatu ez delako.

Besterik izan zitekeen. Abuztuaren 5eko erroizteak atsekabetutako meatzariak etsituta utzi zituen-eta 48 ordura izandakoak. 700.000 tonako harritzarrak irteteko bide guztiak itxi aurretik, iritsita zeuden ezohiko egoeretarako irteera batera -haizebidearen hodira- , baina oso garestia ez dirudien larrialdietarako eskailera ez zegoen behar zuen lekuan; ez zegoen inon. Eskailerarik ez egotea ez zen berria, ezta gortutako sabaiak ez izatea ere, edota arrisku guneen seinalerik: hilabete lehenago, Copiapoko Lan Zuzendaritzak txosten bat egin zuen esanez San Jose meategiak ez zituela segurtasun arauak betetzen. Txileko Lan Ministerioak ez zuen aintzat hartu.

2007ko martxoan, itxi egin zuten, bi hilabete lehenagoko ezbehar larri batean langile bat hil eta gero, baina moldaketarik egin gabe zabaldu zuten berriz 2008ko maiatzean, kobrearen balioa igo zenean, estatuarena den etxeak baimenduta, Meategi eta Geologia Zerbitzu Nazionalak (Sernageomin). Ez zen bakarra izan Atacamako eremuan. Uztail honetan bertan, lur-jausi batek txikituta utzi zion hanka meatzari bati, eta moztu egin behar izan zioten. Bi astez itxi zuten.

Egitura zaharkituak

Atacamako basamortuan, 10.000 meatzari inguruk egiten dute lan San Jose bezalako ustiaketa zulo txiki eta ertainetan, eta oso egitura zaharkitua dute gehienek; zer esanik ez, segurtasun sistema. Horregatik, meatzarien inguruan sortu den zalaparta alferrik galtzen utzi gabe, herri osoko meategietan dagoen segurtasun eza salatzera atera dira meategietako sindikatuak, eta Txilek OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmena sina dezan eskatzera.

Meategien Segurtasun eta Osasunerako OITren txostenak meategiak ixteko agintzen du segurtasun faltaren zantzurik txikiena baldin badago, eta larrialdietarako bi irteera eskatzen ditu lur azpiko hobietatik bereiz. Horixe nahi du San Jose meategiko sindikatuko idazkari nagusiak, Javier Castillok: «Hitzarmena sinatzea litzateke modurik onena erakusteko benetakoa dela agintari politikoen interes berri hori meategien baldintzak hobetzeko».Hitzarmen horren arabera, langileak arriskua dagoela informatzen duen orduko etengo du lana: «Txileko edozein meategitan hori eginez gero, bota egiten zaituzte».

Lanaren nazioarteko hitzarmena berrestea ez dago oraingoz Piñerak iragarri dituen ekimenen artean. Presidenteak agindu du Lanaren Segurtasun Batzordea eratuko duela, Sernageomin zerbitzua berregituratuko duela eta aholkularitza batzorde bat sortu, meategien segurtasunaren araudia berrikusteko.

Sindikatuek ere zigorren estrategia salatu dute, baldintza kaskarretan etengabe arituta ateratako irabazien aldean, apurrak direlako irregulartasunengatik ordaindutakoak. Castillok mahai gainean jarri du 2003tik salatu dituztela San Joseko langileek jasan behar izan dituzten baldintza arriskutsuak, ekoizpenaren alde sistema berriak jarri baitituzte, eta jarduera bortitz eta etengabeak ahulduditu, hark dioenez, horma zaharkituak, meatzariak lurperatzeraino.

San Estebango meategien jabeak, berriz -Alejandro Bohn eta Marcelo Kemen-, lurrak jan ditu, baina ez San Josekoak, langileak bizirik zeudela jakin zenez gero, ez baitira hara joan. Senideek dagoeneko egin diete hamabi milioi dolarreko eskaera, eta lehen auzia jada galdu dute. Egindako hutsegiteengatik enpresa zigortzen badute eta horrek porrot egiten badu, kargu milioidunei egin beharko die aurre estatuak.Eta saihets zitekeena konpontzen baino diru gehiago gastatu du orain arte Piñerak, sarraskia itxaropen bilakatzen. Erreskate lanen kostua gutxienez 22 milioi dolarrekoa izan da -San Esteban enpresako meategien zorra hemeretzi milioi dolarrekoa da-.



Zenbakia

37

37 hildako urtean. Azken hamarkadan, 373 langile hil dira meategietan Txilen. 2010eko urtarriletik abuztura bitarte, dagoeneko 31 hil dira. Kobre gehien ekoizten duen herria da Txile.





Mila milioi ikusle, mundu osorakoerabili diren irudi berberei begira

Aurrekaririk gabeko operazio mediatikoa izan da 33 meatzarien erreskatea. Serieka eman dute istorio perfektua: lurperatzea, bizirik aurkitu zituzteneko unea, erreskatatzeko saioak, eta erreskatea bera; bikain, amaiera zoriontsuarekin gainera. Hori dena kontatzeko, 1.600 kazetari egon da San Josen, eta Txileko telebista katea irudiak hartzen, mundu osoko kateei doan banatzeko. Notizia perfektua izan da.

Senideen eta lur azpian egon direnen harremana tantaka eman dute, haien arteko komunikazioa kontrolatu duten hein berean. 622 metroren banaketa fisikoa euren artean, baina horren urrun, teknologia berriei esker, elkarri begira. Taldeko lana, indarra eta gaitasuna erakustea izan dute xede; txiletar izatearen harrotasuna, Sebastian Piñeraren gobernuak zainduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.