Lurrikara Japonian

Historiako ezbehar nuklear larrietan hirugarrena izan da Fukushimakoa

Gaur goizean Fukushimako zentral nuklearren izan den eztandari zazpi eskalan lauko maila eman dio Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Gobernuak dio ez dela erreaktorean gertatu, eta Greenpeacek airera gas kutsatuak isuri direla salatu du. Tokioko kaleak hutsik daude, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak biltzera deitu ditu krisia aztertzeko. Hildakoak 621 dira oraingoz eta desagertutakoak, 1.373.  [YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=YGfqv7V3Otg[/YouTube]

Berria.info
2011ko martxoaren 12a
19:54
Entzun

Energia nuklearraren historian izan diren istripu larrietan hirugarrena da gaur goizean Fukushimako zentral nuklearrean izan dena. Zazpiko eskala batean neurtzen dira ezbehar nuklearrak, eta gaurkoari lauko maila eman dio Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Horren aurretik soilik bi gertatu dira, Txernobilgoa Ukrainian (zazpiko maila izan zuen) eta Three Mile Islandekoa AEBetan (bostekoa).

Gertakari Nuklearren Nazioarteko Eskalaren arabera lauko mailak esan nahi du tokian tokiko ondorioak dakartzan istripua dela. Istripuak hiru pertsona zauritu besterik ez ditu egin, segurtasun arduradunek esan dutenez. Une honetan, ordea, lurrikara edo tsunami gehiagoren beldur baino gehiago eragiten du erradiazioak. Izan ere, eztandaren ondorioz erreaktoreak kutsatutako gasa airera isuri du. Japoniako Gobernuak eztanda hori erreaktoreak gertatu denik ukatu du, eta isurketa ez dela "garrantzitsua" gaineratu du; erradiazioa oso txikia izan dela esan du Gobernuak. Edonola, 14:00etan, Japonian 22:00ak zirenean, Tokioko kaleak hutsik zeuden.

Sabaia eta paretak erori dira

Atzoko lurrikararen ondoren erradiazio maila handitu egin zen inguru horretan, eta Japoniako agintariek erreaktoreko presioa kontrolatuta zutela esan ondoren gertatu da leherketa. Japoniako hedabideen arabera, erreaktorea gordetzen zuten sabaia eta paretak erori egin dira. Yukio Edano Gobernuko bozeramaileak esan duenez, 1868. urtetik Japonian izan den lurrikararik handiena izan da atzokoa.

Fukushimako zentral nuklearra Tokio iparraldean dago. 1961ekoa da, eta 2021. urtera arteko baimena zuen.  Atzo segurtasun arduradunek jakinarazi zuten zentralaren inguruetan erradiatutako zesioa aurkitu zutela. Iranek erradiazioa kontrolatzeko laguntza eskaini dio Japoniari. 

Ebakuazio eremua hogei kilometrora handitu dute

Lurrikarak zentralaren errefrigerazio sistema hondatu zuen, eta jarduna eten behar izan zuten. Gaur, eztandaren ondoren, atzoko segurtasun esparrua hiru kilometrotik hamar kilometrora handitu dute, eta inguru horretan bizi diren 45.000 pertsona etxetik atera dituzte. Ondoren, hogei kilometrora handitu dute berriro segurtasun eremua.

Greenpeaceko nuklearren aurkako kanpainaren zuzendari Jan Benarekek salatu du airera erreaktoreak kutsatutako gasak isuri direla eta horrek erakusten zuela erradiazioa isolatzeko neurriek huts egin dutela. "Zenbat bider gertatu behar dute horrelakoek erreaktore nuklearrak bere horretan arriskutsuak direla konturatu gaitezen?", galdetu du.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Gobernuko ministroak biltzera deitu ditu gaur arratsaldean, egoera aztertzeko. Guido Westerwelle Atzerri ministroak esan duenez, hondamendi nuklearrik balego ere ez dago arriskurik Europan, "haizeak ez lukeelako laino toxikoa norabide honetan ekarriko". Hala ere, alemaniarrei Txinara eta Japoniara ez bidatzea aholkatu diete hondamendi nuklear arriskuagatik.

 

Gutxienez, 621 hildako eta 1.373 desagertu

Lurrikara eta tsunami arrisku handi dago oraindik Japonian eta Ozeano Bareko beste herrialde batzuetan. Gaur eguerdian 6,4 graduko beste lurrikara bat izan da, kostatik 33 kilometrora. Erreskate taldeek, horregatik, ezin dute oraindik kaltetutako leku guztietara iritsi, tsunami alerta emanda baitago. Hala ere, Japoniako Gobernuak esan du 621 direla oraingoz hildakoak, eta 1.373, desagertutakoak. Gobernuak milatik gora hildako egotea espero dutela onartu du, eta zenbait hedabideen arabera, 1.600 izango dira. Etxea utzi behar izan duten herritarrak 210.000 izan dira.

Minamisanriku hirian 9.500 pertsona daude desagertuta baina agintariek diote litekeena dela ihes egin izana, eta tsunami gehiagoren beldur etxera itzuli ez badira ere, bizirik egotea. Indonesian, hain zuzen, pertsona bat hil da atzoko lurrikarak eragin zuen tsunamiaren ondorioz. Hego Amerikara gaur goizean iritsi da atzo sortu zen tsunamia, baina ez du kalterik eragin. Txileko Gobernuak, hala ere, herritarrei eskatu die ez hurbiltzeko ur azpian gera litezkeen lekuetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.