KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

"Hitzek armak ordezkatu zituzten eguna" Kolonbian

Nazio Batuen Erakundearen esku daude jada FARCen arma indibidualak, eta NBEko Kolonbiako misio buruak ziurtatu du armen uzte "zintzoa" egin duela gerrillak.

Pala bihurtutako fusila oparitu dio Santosek Timochenkori ekitaldi amaieran. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA / EFE
jon olano
2017ko ekainaren 27a
08:38
Entzun

Meta departamentuko Mesetas herrian egin dute FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen armen emate ekitaldia. Bertan izan dira Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak, Kolonbiako Gobernukoak eta gerrillakoak; tartean, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko burua.

Nazio Batuen Erakundeko Kolonbiarako misio buru Jean Arnaultek baieztatu du FARCek bete duela armak emateko konpromisoa: "Armak uzteari dagokionez, uste dugu FARC-EPk hartutako konpromisoa zintzoa izan dela". Arnaultek NBEri eskatu dio "ikasgaiak" ateratzeko Kolonbiako prozesutik, eta "adibide gisa" erabiltzeko beste gatazka batzuk konpontzeko.

7.132 arma "indibidual" dira FARCek emandakoak, eta horiek ia mila caleta-tan [zulo] bildu dituzte. Horiek NBEren kontrolpean geratu dira. Irailaren 1a baino lehen, suntsituta behar lukete 949 zuloek. Iristeko oso leku zailetan daude horiek, oihanean, mendietan, minaz betetako lekuetan eta talde armatuak dauden guneetan —ELN gerrilla, besteak beste—.

"Gaur, armak utzi ditugu"

Timochenkok hartu du hitza ondoren. Kexu azaldu da bake akordioaren betetze mailarekin, kezka agertu du "mehatxu paramilitarraren" eta zenbait buruzagiren hilketen aurrean: "Akordioak sakratuak dira; betetzeko sinatzen dira. Gaur frogatzen ari gara guk bete dugula. Bake akordioak ez dira FARCentzat, Kolonbiako herri osoarentzat baizik".

Timochenkoren esanetan, FARCek armak eman eta hitza bete izanak "autoritatez" betetzen du gerrilla akordioa errespeta dadila eskatzeko: "Aurrerantzean, gure borroka bideratuko da adostautakoa gauzatzera. Modu baketsuan borrokatuko gara, baina etsi gabe". Bakeari "ongi etorri" esanez amaitu du hitzartzea.

"Egun honengatik, merezi izan du presidente izatea"

Santos ere mintzatu da ekitaldian, eta egunaren garrantzia azpimarratu du: "Oso egun berezia da. Inoiz ez dugu ahaztuko. Hitzek armak ordezkatu zituzten eguna da. Egun honengatik, merezi izan du Kolonbiako presidente izatea".

FARCek armak utzi izana da "Kolonbiako albiste onena azken 50 urteetan", Santosen iritziz, eta bermeak eman dizkie gerrillariei: "FARCeko gizon-emakumeak: balioesten dugu hitza bete izana. Bide luzea dugu aurretik, baina gobernua irmo dago adostutakoa betetzen, eta hala jarraituko dugu". Eredu politikoan ados ez egon arren, Santosek hitzeman die "erabat defendatuko" duela ideia horiek defendatzeko eskubidea: "Eskubide hori gauza dadin, beharrezkoak diren segurtasun berme guztiak izango dituzue". Armarik gabe, "herri bakarra" direla nabarmendu du: "Egon gaitezen lortu dugun bakearen neurrian; historiaren neurrian. Herri bakarra gara. Nazio bakarra gara. Gora bakea!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.