Antza pixka bat badute AEBetako zinemagintzak eta hauteskundeek: Hollywoodeko filmak bezalaxe egituratzen dituzte presidentetzarako hautagaiek euren kanpainak. Aspaldi egin zuten protagonisten aurkezpena: alde batean, Barack Obama presidentea, alderdi demokratako hautagai gisa; bestean, Mitt Romney errepublikanoen ordezkari. Maila horretako lehian esperientziaduna bata, Etxe Zuria zapaldu gabekoa bestea. Korapilo betean pasatu dituzte azken hilabeteak, batean eta bestean mitinak, festak eta kontzertuak antolatzen, eta hauteskunde egunerako bost aste eskasen faltan heldu da istorioa klimaxera: bart bi hautagaiak lehenengoz jarri dira aurrez aurre, AEBetako presidentetzarako lehian ohikoa bihurtu den eztabaida saioan.
Denverreko unibertsitatea (Colorado) hautatu dute eztabaidarako leku gisa; Euskal Herrian goizeko hirurak zirela hasi da saioa. Duela lau urte bezala, Jim Lehrer PBS telebista kateko kazetariak egin ditu moderatzaile lanak; barne politikaren inguruan egin dizkie galderak hautagaiei. Zozketaz, Obamari egokitu zaio lehena.
Inkestak egonkor samar dabiltza azken asteotan, eta Obamaren aldeko emaitzak iragartzen dituzte: NBC kateak eta Wall Street Journal kazetak egindako galdeketen arabera, hiru puntuko aldea aterako lioke Romneyri.
Historiak dio debateok ez direla erabakigarriak izaten azken emaitzarako, gehiago eragiten dutela kanpainako gorabeherek. Diskurtso horri eusten diote hautagaiek ere, gaur goizean dena jokoan ez zegoela erakutsi nahian bezala. Euren jokabideak, ordea, besterik erakusten du: ez dituzte alferrik igaro hiru egun mintzalekuetatik urrun, aurrez aurrekorako prestatzen. Obamak Nevadako aintzira bat aukeratu du entseguetarako, eta han aritu da probasaioak egiten, John Kerry alderdikideak lagunduta; 2004ko presidentetzarako hautagai izan zen Kerry. Romneyrentzat, aldiz, Rob Portman Ohioko senatariak egin du Obamaren rola.
Mugimendu, begiratu eta hitz oro milimetroz milimetro neurtuta heldu dira hautagaiak Denverrera, inolaz ere ez egiteko irrist hitzezko dueluan. Debateak ez baitira erabakigarriak, baldin eta ez bada hanka bete-betean sartzen. Analistek hauteskundero ekartzen dituzte gogora debateen erruz galdutako kasuak. Inoiz telebistaz emandako lehen eztabaida saioa da sekula aipatu gabe uzten ez dutena, John Fitzgerald Kennedy eta Richard Nixon aurrez aurre jarri zituena; diskurtsoa bai, baina itxura telebistako platorako prestatu gabe eraman zuen Nixonek. Amaierarako, alferrikakoak ziren erretorika eta argudio guztiak: ikusleek Nixonen ezpain gaineko izerdi tantei baino ez zieten jaramon egiten. Horren ostean, hautagaiek hamasei urte pasatu zituzten halako debaterik egin gabe, horietan irabazteko baino galtzeko gehiago zutela ikusita.
Baina debateak badu distiratik ere; batez ere, pantailaren bestaldean balizko 50 milioi boto emaile daudela jakinda. Westernetako duelo baten antza hartzen du norgehiagokak; ikusleen jakinmina pizten du munduko potentzia handieneko gidari izango den gizonak nola garaituko duen aurkaria. Denverreko unibertsitateko Magnus aretoan 8.000 pertsona kabitzen dira; sarrera guztiak salduta, eraikinaren kanpoan jarritako pantaila erraldoien bidez eman dute debatea.
Erabakigarria izan gabe ere, debateak izango du eraginik hemendik aurrerakoan. Izan ere, eztabaidak utzitako zaporearekin helduko diote hautagaiek kanpainako azken txanpari. Ez dituzte kasualitatez kontzentratuko indarrak Floridan, Ohion eta Virginian datozen asteotan; swing states (estatu zabukariak) deiturikoen arteangarrantzitsuenetarikoak dira. Noren alde egingo duten oraindik argi ez dagoelako dira zabukariak; urte batean alde batera eta bestean bestera egiten dute, eta hor jokatzen dute hautagaiek presidentetza.
Ekonomiak markatuta
Krisia hasi zenetik galdutako zortzi milioi lanposturen tripazorriak asetzen aritu dira Obama eta Romney kanpainan zehar; egoera ekonomikoa izan dute mintzagai nagusi.
Herritarren begirunea irabazita heldu zen Obama boterera 2008an, fiskalitatea, osasun politikak eta immigrazio legeak aldatzeko promesa handiekin. Agintaldiak lau urte baino gehiago iraungo balu bezala jardun du, ordea, eta Kongresuan gehiengoa duten errepublikanoak ere ez ditu alde izan planak onartzerakoan. 2010eko osasun erreformarekin, esaterako, herritar guztientzako osasun segurantza zuen helburu; horrekin, seguru pribatua kontratatzera behartu ditu herritar asko. Hala ere, arrakasta handia izan du 55 urtez gorakoentzako osasun zerbitzuak zabaltzea xede duen ekimenak. Romneyk ere antzeko plan bat abiarazi zuen Massachusettsen, hango gobernaria zela; orain, zalantzan jarri du Obamaren egitasmoak herrialde osorako balio duen. Legeztatu gabeko egoeran dauden etorkinei dagokienez, martxan da AEBetan bizi diren kanpotar gazteei baimena luzatzeko egitasmoa, baldin eta derrigorrezko hezkuntza amaitu badute.
Krisiak zigortu du presidentearen kanpaina, baina horrek ez dio biderik erraztu Romneyri. Bere buruaren aldeko kanpaina egin beharrean, Obamaren irudiari kalte egiten jarri ditu indarrak, boto emaileek presidentea jada aski ezagun dutela eta hari buruzko iritzia nahikoa osatua dutela kontuan izan gabe. Nazioarteko politikan ikusi ditu Obamaren ahuleziak; irailaren 11n AEBen Libiako eta Egiptoko enbaxaden aurkako erasoetan behar bezalako erantzunik eman ez izana leporatu zion. Obamak ohiko patxadaz erreakzionatu zuen, eta adituen arabera, gertaera hark kalte baino mesede gehiago egin dio bere kanpainari. Eta beti geldituko zaio Osama Bin Laden hiltzeak ekarritako garaipen kutsua.
Haren aldean, oldarkor ospea du Romneyk; «herrialdearen erdia» —Obamaren aldekoak— «biktimak, galtzaileak eta lagunduak» zirela esan zuen ekitaldi batean. Boto emaile horiexen iritzia bere onerako aldatu nahi bazuen, okerreko bidetik jo zuen.
Historikoki baztertuta egondako sektoreak ditu alde Obamak; etorkinak, gazteak eta emakumeak; gizon heldu zuriak eta enpresariak, berriz, Romneyk. Hauteskunde kanpainaren zati handi bat Super PAC gisa ezagutzen diren lobby elkarteek finantzatzen dute, eta horiek errepublikanoaren alde egiten dute nagusiki; enpresa horiek 145 milioi dolar inbertitu dituzte Romneyren alde. Obamak 44 milioi jaso ditu bide horretatik; horren ordez, herritarren babesa bilatu du. Ohion eta Virginian Romneyk baino hiru bider boluntario gehiago ditu, baina norbanakoen diru ekarpenak gutxitu egin zaizkio.
AEBetako hauteskundeak. Obama eta Romney aurrez aurre
Hitzezko dueloan tiroka
AEBetarako presidentea hautatzeko bost asteren faltan, lehen eztabaida saioa egin dute Obamak eta Romneyk aurrez aurreHemendik aurrera, botoa erabaki gabe duten estatuetan jarriko dituzte indarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu