2004ko martxoaren 11ko goiz hartan gelditu egin zen Pilar Manjonen bizitza (Plasencia, 1958). Harentzat denbora ez da igaro, hamar urte pasatu diren arren. Denborak ez baititu beti zauriak sendatzen.
Hamar urte igaro dira, eta oraindik bada jendea konspirazioaren teoriari heltzen diona.
Denbora daramagu zalantza horiekin bizitzen. Teoria konspiranoikoak ez dira atzo gauekoak, eta ez balitz beste pertsona batzuei eragiten dien sufrimentuagatik, ez genieke batere kasurik egingo. Gertatzen dena da beharrezkoa ez den sufrimendua eragiten diela jende askori... adibide bat jarriko dizut: Rodolfo Ruiz Vallecasko komisarioari leporatu zioten bera izan zela El Pozon lehergailua utzi zuena, edo behintzat ez zuela ezer egin hura saihesteko. Haren emazteak, horren ondorioz, depresio larria izan zuen, eta bere buruaz beste egin zuen. Ez dakit bidezkoa den inor trantze horretatik pasaraztea. Une honetantxe errumaniarrak sufritzen ari diren trantze bera [El Mundo egunkariak leporatu zien bi lekuko horiei gezurra esan izana Jamal Zougamen aurkako epaiketan, era horretan herritartasuna lortu ahal izateko].
Konspirazioa ez da inoiz amaitzen. El Mundo-k zuzendaria aldatu eta bi egunera lerro beretik jarraitzen dute, eta orain diote Errumaniako kontsula kontraesanetan dabilela lekukoen auzian, baina kontsulak inoiz ez du deklaratu orain arteko epaiketetan. Goizero jaikitzen zara pentsatuz hurrena zer ikusiko duzun, baina arreta handirik jarri gabe. Adibidez, bost egun egin zituzten lehergailuei buruz hitz eginez, eta gero grabagailu bateko zatia zela jakin genuen aparatu bat ere aurkeztu zuten.
Zergatik burugogorkeria hori?
Lehenik eta behin, martxoaren 14ko hauteskunde porrota ezin izan dutelako oraindik onartu. Guri ez zitzaigun batere axola hauteskundeak bertan behera utzi izan balituzte ere. Ez ginen ari horretan pentsatzen, nahikoa lan bagenuen gureen bila. Gu ez gara batzuen porrotaren errudun edo besteen garaipenaren erantzule. Baina ez dira gai izan bozetako porrota onartzeko, eta guri botatzen digute errua. Bozak ez zituzten galdu trenetan hildakoen eta zaurituen erruz, euren gezurren edo hiltzaileen ondorioz galdu zituzten.
Hobe zatekeen ETA izan balitz, orduan ez ginatekeelako izango bigarren edo hirugarren mailako biktima, eta emaitza bera izango zatekeen, nire semea ez baitzen itzuliko, baina lehen mailako biktima gisara tratatuko gintuzten. Hori da haiek pentsatu ez dutena; guri ez zaigula axola borreroa nor den. Haiek besaulki bat galdu zuten, baina nik semea galdu nuen.
Hori askotan aipatu izan duzu, lehen eta hirugarren mailako biktimak daudela.
Bai, oraindik baztertuta gaude, maila guztietan. Baina ez orain bakarrik: beste alderdi bat egon da gobernuan zortzi urtez, eta egoera ez da aldatu. Terrorismoaren biktimen kolektiboaren barruan gu gara atzerriratuak, nire lurretik guardia zibil izateko irten eta oinak aurretik zituztela etxera itzuli zirenen senideekin batera. Inor ez da haietaz gogoratu, eta inork ez die inoiz omenaldirik egin. Gu asko gara, eta elkarte bat osatu genuen, eta horri esker ahanzturaren arlauzak ez gaitu bigarrenez hil. Baina ez gara lehen mailako biktimak.
Zer harreman duzue biktimen beste elkarteekin?
Ona. Badira, noski, iritzi desberdinak edo bat ez etortzeak, baina harreman ona dugu. Gainera, egingo ditugu ekitaldi bateratuak martxoaren 11 honetan ere. Madrildik kanpora kokatuta dauden elkarteak federazio batean bildu dira, eta hainbat ekintza antolatu ditugu. Agian, distantzia gehien izan dezakegun elkartea M-11ko Biktimentzako Laguntza da, baina bat ez etortze horiek epaiketarekin daude lotuta, ez egunerokoarekin.
Zuek inoiz ez duzue alderdi politikoekin bat egin, independentziaz mugitzen ahalegindu zarete. Garesti ordaindu duzue?
Bai, independentzia diru laguntzarik gabe ordaintzen da. Parlamentura joan nintzenean argi hitz egin nuela uste dut; orduan esan nuen denon izenean ez genuela utziko inoiz gure mina alderdi bateko bandera balitz bezala erabiltzen. Baina hemeroteka lana egiten baduzu, ikusiko duzu askotan leporatu digutela politizatuta egotea, batez ere politikagintzatik bizi den jendeak. Baina hori irain moduan erabiltzen duten unetik oso estimu gutxi diote beren lanari.
Gu ez gaituzue ikusiko gobernu baten aurka egiten. Gauza batzuk argi ditugu, besteak beste, biktima elkarte batek badituela helburu batzuk eta haien alde lan egin behar duela, eta biktima estatusa eman ziguten egunean ez zigutela eman gobernuen terrorismoaren aurkako politikak kudeatzeko makila magiko bat, hori agintarien lana delako. Gure elkartea, 1.700 kiderekin baino gehiagorekin, ez da izango boto arrantzarako kala egokia, ez dugulako alderdirik sortu eta ez dugulako beste inorekin bat egin, eta duela zazpi edo zortzi urte egiten genuen lan bera egiten jarraitzen dugulako, hau da, terrorismoaren biktimei erabateko babesa eskaintzen.
Bete zuen Madrilek biktimei kalte-ordainak eta herritartasuna emateko bere hitza?
Kalte-ordainak eman beste erremediorik ez zuten izan, epaitegiek hala agindu baitzuten. Lagundu batere ez, ezta herritartasuna eman ere, bai baitaude oraindik paperen zain dauden biktimak. Biktimei laguntzeaz hitz egiten dugunean, hala ere, zehaztu behar da terrorismoaren bitkima batek behar duen laguntza ez dela ekonomikoa, nahi duena da protesi berri bat behar duenean bi edo hiru urte zain egon behar ez izatea. Biktima batek lanpostua nahi du, eta lehen telefonista bazen, baina atentatuaren ondorioz entzumena galdu badu, zail izango du lehengora itzultzea.
Epaia atera zenean, proiektu bat aurkeztu zuen, hark esaten zuelako biktimek ez zutela hobera egingo, eta hori kontuan hartuta aztertu egin behar zuten biktima bakoitzaren egoera, eta horren araberako ikasketak eskaini, pertsona horrek aurrera egiteko baliabideak eskura zitzan. Baina erantzun ere ez ziguten egin. Gizarteak ulertu behar du guk ez genuela tren hartan egon nahi; guri ez zaigu loteria tokatu. Borreroak gizarteratzeko legeak egon badaude, baina ahaztu egin dugu biktimek ere gizarteratu egin behar dutela, egun hartan egunerokotik kanpo utzi gintuztelako, eta horretara itzuli nahi dugu, lanpostu duin batekin, ohe beroetan lo egin beharrik gabe, elkarte honen babesik gabe haurren eskola ordaintzeko baliabideekin... horrek guztiak biktima guztien esku egon beharko luke. Ez gara hitz egiten ari eraikuntza lanak gelditu direlako langabezian geratu den kolektibo batez, atentatu baten ondorioekin bizi behar duen giza talde batez ari gara, zeinak esfortzu gehigarria behar duen gizarteratzeko.
Egon da justiziarik zuentzat?
Ez. Ezin dut ahaztu seik ihes egin ziotela Poliziari, tartean El Pozon, nire semea hil zen tokian, motxila utzi zuenak. Hura Marokon dago, baina Marokok ez ditu bertakoak estraditatzen, eta alor horretan borroka bat dut Europako Batasunarekin, hango laguntzak jasotzen dituen herrialde batek onartu egin beharko lituzkeelako nazioarteko legediak. Bestetik, izan dugu epaiketa bat baino gehiago: sei iheslariak etxean hartu zituenaren aurka egin zena, dokumentazio eta dirua eman zienaren kontrakoa eta abar... Orain, bi edo hiru erlijioso musulmanen aurkako prozesuaren zain gaude, zeinak kide berriak errekrutatu eta entrenamendu zelaietara bidaltzeaz dauden akusatuak. Justizia egin da? Tira, prozesuan urratsak egin dira. Baina ez da erabateko justiziarik. Pentsa jendeak leporatu izan didala egia, batzuek aldarrikatzen duten egia absolutu hori, jakin nahi ez izatea, nik jarri nuenean hilkutxa. Norbaitek egia jakin nahi badu, neronek jakin nahi dut, edo uste dute nik semea hiltzea nahi nuela? Halakorik dioena ez dago burutik ondo.
Egia absolutua diktaduretan bakarrik egon ohi da. Hemen egia epaien bidez idazten da, guri gustatu edo ez. Eta nik badiotsut niri ez zaidala gustatzen. Espainian 191 pertsona hiltzea oso merkea da. Otsailaren 8an hiltzaileetako bat atera zen kartzelatik —ez da atera Marokok haren aurkako estradizio agindua eman duelako, terrorismoagatik—, eta martxoaren 16an beste bat irtengo da. Gu ez gara joango Puerto II espetxeko atarira haren kontra ohiukatzera, nahiago luke hori egingo bagenu. Baina hura estraditatzeko eskatuko dugu, paperik gabeko etorkin bat delako, eta Ceutako hamabostak [guardia zibilek gomazko pilotekin egin zieten tiro etorkinei, eta hamabost hil zituzten] bezainbeste eskubide dituelako.
Erantzule politikoek jaso dute zigorrik?
Justizia unibertsalerako legearen erreformaren ondotik, jadanik ez dut federik justizia horretan. Herri honetan jada ez gara gogoratzen zer den dimititzea eta erantzukizunak onartzea.
Nola igaro dira zuentzat hamar urte hauek?
Hamar urte hauek ez dira egon. Bihotzez erantzun behar badizut, esango dizut 2004. urteko martxoaren 11ko min eta hutsune bera dudala [emozioa nabari da haren hitzetan]. Baina arrazoiz hitz eginez gero, epaiketa aipatuko dizut, elkartea hazi egin dela esango dizut, baita haur asko jaio direla ere... alegia, buruak hamar urteotan bizitako hainbat momentu ekartzen dizkizu gogora, baina bihotzak hutsune berak ditu, laztan berak falta zaizkizu, semearekin bizi asmo zenuen proiektu hori falta zaizu. Nik uste dut martxoaren 11ko biktima bakar bat ere ez dela itzuliko atentatuaren aurretik zena izatera, inor ere ez. Oso zaila da atzera itzultzea. Zure lehentasunak aldatu egin dira. Etorkizuna baldintzapekoa da. Ez duzu luzerako planik egiten. Arrazoiak dio hamar urte igaro direla, baina bihotzeko zauria ez da sendatu, martxoaren 11 atzo izan balitz bezala da. Batzuek esaten dizute: «Hamar urte igaro dira, nahikoa duzu!». Baina nire semeak 30 urte bete zituen abenduaren 19an, eta haren hiltzaileetako bat martxoaren 16an aterako da, eta bizitzaz gozatzen jarraitu ahal izango du. Oso gogorra da aurrera egitea.
Inoiz amaituko da borroka?
Elkarte baten buruzagitzan denbora gehiegi da hamar urte, eta bada garaia pauso bat atzera emateko. Ez dut inoiz utziko nire elkartea, baina ez naiz izango aurpegia ematen duena. Jarraituko dut lanean eta laguntzen, baina bizitza pertsonal apur batekin.