Mundua

Hogeita bost pertsona hil dira Pakistanen, zerbitzugune baten aurkako eraso suizida batean

Autoentzako gas naturala eskaintzen du zerbitzuguneak, eta inguruan armadaren eta zerbitzu sekretuen bulegoak daude. Leherketa izan den unean auto asko zeuden.

2011ko martxoaren 8a
16:47
Entzun

Ekintzaile suizida batek zerbitzugune bati eraso dio gaur goizean Pakistanen, Faisalabad herrian, Punjab probintzian, eta gutxienez hogeita bost pertsona hil eta 80 zauritu ditu; horietako hogei oso egoera larrian daude. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, ekintzaileak lehergaiz betetako auto batekin zerbitzugunearen aurka jo du. Auto asko omen zeuden une horretan.

Zerbitzuguneak autoentzako gasa eskaintzen du, eta, leherketaren ondorioz, erabat txikituta geratu da. Express telebista kateak azaldu duenez, zerbitzugunearen inguruetan armadaren hainbat bulego daude, baita ISI Pakistango zerbitzu sekretuenak ere. Ez dute baieztatu, ordea, horiek zirenik ekintzailearen helburu.

Azken astean hainbat eraso izan dira Pakistanen, zehazki ipar-mendebaldean, eta gaurkoak zenbatu gabe, 36 pertsona hil dira. Poliziak Pakistango talibanei eta talde islamistei leporatzen dizkie atentatuak. 2010. urtean 2.113 eraso izan ziren Pakistanen, herrialde horretako Bakerako Ikasketa Institutuak jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.